Bost urte Remi gabe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 21a, 13:05

Mikel Ayestaran Remiren anaiak eta Unai Urreaga lagun eta Remi Gogoan ekimeneko kideak hartu dute hitza.

Abokatuekin lanean aritu zarete denbora tarte honetan. Zertan da kasua?

Mikel: Remi anaia erail zutenetik, behin eta berriro joan ginen epaitegira autopsiaren notifikazio bila, baina sekula ez genuen inolako berririk jaso. 2010eko uztailean aita beste behin notifikazioaren berri galdetzera auzitegira joan zenean, kasua artxibatuta zegoela esan zioten arte. Aitak harrituta ‘nolatan artxibatuta?’ galdetu zienean, ‘aitarekin hitz egin zutela eta alegaziorik aurkezteko asmorik ez zutela’ erantzun zien. Zur eta lur geratu zen aita, inork ez baitzuen berekin hitz egin. Halako batean sumarioa eskuratzea lortu genuen.

Unai: Lehenengo Tolosako instrukzio epaitegiak bota zuen atzera kasua eta gero Gipuzkoako Probintzia auzitegiak 7/2012ko autoaren bidez. Horretarako, Ertzaitzaren txostena eta Asuntziongo medikuek eginikoa hartu zituzten kontuan, zeinetan medikuek heriotza naturala sinatu zuten. Ondorioz, 2012 urtean kasua erabat itxitzat eman zuten.

M.: Tarte horretan etxekook errekurtsoa jarri genuen sumarioaren artxibo horri froga grafikoak aurkezteko aukera izateko. Hainbat herritar epaitegian lekuko bezala deklaratzeko prest agertu bazen ere, ez zuten onartu proba gehiagorik jartzea. Guk Gipuzkoako egunkari batean argitaratu zen argazkia eraman nahi genuen froga modura eta egunkariko kideekin hizketan aritu ginen arren, egun hartako argazkilari haren argazkiak desagertuta zeuden. Guk,  alegazio argi bat egin nahi genuen argazki horren bidez: Autoan Ertzaintza festagunera sartu ez zela jartzen du, baina argazkian argi eta garbi ikusten da Ertzaintza festagunearen barruan zegoela. Kasua artxibatu ondoren, beste helegiterik ez jartzea erabaki genuen, azken pausoa izango bailitzateke hori eta ez genuen oraindik bide guztia itxi nahi. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen batzordean poliziaren gehiegikerien biktimen inguruko ponentzia ateratzear zeudela ikusita, itxarotea erabaki genuen. Azken helegitea jartzeko aukera izango dugu etorkizunean.

U.: Horri lotuta, urte hartan Egiari Zor ekimena sortu zen eta, Remiren kasua, Legebiltzarrean lantzen hasi ziren bidearen baitan sartzen zela garbi ikusten genuen. Oraindik ikusteke gaude bide horrek zer eman dezakeen.

Aitortza ezinbesteko zaizue zauria itxi ahal izateko…

M.: Guk gertatu zena errekonozitzea eskatzen dugu: Remi gehiegikeria polizialak erail zuela eta ez zela heriotza naturala izan. Nik ez dut justizian esperantzarik. Herriaren errekonozimendua jaso genuen 2009ko urrian egin zen omenaldian eta maitasun keinu harekin asebeteta geratu ginen. Baina administrazioaren (Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza) aitortza ofiziala falta zaizkigu: Egia, justizia eta aitortza nahi ditugu, ez beste ezer.

U.: Bost urte pasa dira eta oraindik inork ez du inolako azalpenik eman, gezurretan ibili dira. Izan ere, egun hartan festagunera Ertzainik sartu ez zela esaten dute eta argazkiek hori hala ez zela erakusteaz gain, herritar asko eta askok objektiboki, euren begiekin ikusi baitzuten egia. Ez da argibide edo azalpenik eman nahi izan. Uko egin diote. Errekonozimenduaren esperoan gaude, behar hori dugu eta zor hori dute gugan. Egia, justizia eta aitortza horrenbeste entzuten diren garai hauetan, biktima guztiei zor zaie eskubide hori. Baita Remiri ere.

Gertaeren ondoren, herritar talde batek segidan sortu zuen Remi Gogoan herri ekimena. Bere oroimenari eusten egin duzue lan urteotan…

U.: 2010eko festen aurretik aurkeztu genuen Remiren inguruko liburua argitaratzea izan zen lehen lana. Harrera beroa izan zuen liburuak, herri nahiz bailara mailan saltzeaz gain, Euskal Herriko mugak ere gainditu zituen. Jende asko ezagutzen zuen Remik eta haietako askorengana ailegatu zen liburua: Burgos, Katalunia, Valentzia, Venezuela, El Salvador edota Uruguay-ra… Berriki, Villabonako Udala Saharako Agti herriarekin senidetu ondoren, liburuaren bidez jakin zuten gertaeren berri. Zeharo hunkitu zituen.

Bestalde, Remik izugarrizko lana egin zuen Santiotako danborrada berreskuratzen eta emaitza ikusi besterik ez dago egun. Gertaerak eta gero, ekimenak bere gain hartu zuen danborrada antolatzen jarraitzeko ardura. Orain gazteei pasa zaie lekukotza, baina argi dago Remik egin zuen lanaren emaitza dela lortu duen babes eta indarra. Horrekin lotuta, festetako zapia zabaltzeko ideia ere ekimenarena izan zen. 2010ean Remi Gogoan ekimenak kaleratu zuen zapia, oroitzapen keinua eta aldarrikapena uztartuz. Urtez urte, herriko eragile ezberdinek hartu dute zapiaren ardura eta aurten Gure Esku Dago ekimeneko kideek bideratuko dute. Herritarren inplikazioa bilatzeko ideia ona iruditu zitzaigun, Remik zioen bezala “festak onak izateko herritarrek parte hartu behar dute”lako.

Uztailaren 31n, hutsik egin gabe urtero antolatzen duzue urteurren omenaldia…

U.: Ekimeneko kideok hasi ginen omenaldia antolatzen, baina herriko eragileei esker egiten dugu. Eragile guztien aldetik beti baiezkoak eta aurpegi onak jaso ditugula azpimarratu beharra dago. Familia urtero izaten da bertan, Udalak babes osoa eskaintzen du eta herritarrei barrura iristen zaien tartea dela uste dut. Bestela ere Remi gogoan izanagatik, bere oroimenez egiten den ekitaldi polita da. Egun seinalatua da eta uztailaren 31n, jende askok hitzordu finkoa du iluntzeko 20:00etakoa. Eragile ezberdinei eman zaie hitza urtez urte. Aurten Saharako herriaren lekukotza jasoko da.

Remi ez zen edonor Villabonan. Adin guztietako pertsonengana iristen zen eta oso maitea zen herritar askoren artean. Herritar ia denak markatu zituen gertaera hark.

M.: Gertaera bera oso mingarria izan zen, Villabona festa giroan murgilduta zegoenean. Kolore batekoa edo bestekoa izan, denek ikusi zuten zer gertatu zen egun hartan eta zein jarrerarekin etorri zen Ertzaintza.

Zein asmo du Remi Gogoan ekimenak etorkizunera begira?

U.: Sahararekin senidetu ondoren, hango errealitatea ezagutzeko bidea landu daitekeela uste dugu, sentsibilizazioaren bidez. Seguru nago Remiri gustatuko litzaiokeela eta buru-belarri arituko litzatekeela lanean aukera berri horretan.

M.: Erabakitzeko eskubidea, internazionalismoa eta herri zapalduen arteko elkartasuna lantzea gogoko zuen Remik. Erakutsi zuen bezala, ez zen Euskal Herriko borrokan soilik geratzen zen militantea. Borroka internazionalistan sinesten zuen. Saharako senidetzearekin, bide hori lantzeko aukera polita sortu da. Saharako Agti herriak erakutsitako babesa barrura iritsi zaigu.

Urteak azkar pasatzen direla esan ohi da. Zuek ez duzue halakorik esango…

M.: Urte zailak izan dira. Ez, ez dira hain azkar pasa. Baina aurrera jarraitu besterik ez dago. Denborak halako zauriak sendatu egiten dituela esaten dute, ahaztu inoiz ez. Asko gogoratzen gara Remirekin.

U.: Halako kemena, konpromisoa eta ardura zeukan pertsona udaletxean bertan ere faltan botako dela uste dut. Festetan bertan, ezerk hutsik egin ez zezan egiten zuen ahalegina izugarria zen. Arrastoa utzi zuen eta denbora luzean gogoratuko da Remi. Ezagutu genuenon memoria kolektiboan bizirik mantenduko da bere irudia.

M.: Gaztelekuan bertan bere oroimeneko margoa eta plaka daude, bere izeneko pasealekua ere badu. Saharako Agti herrian gazteei zuzendutako aretoari bere izena jarriko diote.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!