Martin Garitano eta Mikel Pagolarekin agerraldi irekia izan dute urnietarrek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 18a, 00:38

Gaur egunean zehar egindako bisitei jarraipena eman diete herritarrekin egindako batzarrean. Izan ere, arratsaldeko 19:00ean batzar irekia egin dute Lekaion. Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Mikel Pagola alkatearekin batera, Joseba Altube Errepideetako eta Azpiegituretako Foru Zuzendaria, Arantxa Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzako Foru Zuzendaria, Agurne Barruso Kabinete burua, Txelo Perez Gizarte Politiketako arduraduna eta Marina Bidasoro Giza Eskubideak eta oroimen historikoko zuzendaria ere bertaratu dira. Herritarrak entzutera eta informazioa jasotzera joan dira, eta ahal duten neurrian, erantzunak ematen saiatu dira.

Bideoak: Sarobeko agerraldia | Lekaioko agerraldia

Kronika:

30 lagun inguru bertaratu dira kultur etxera eta batzarrarekin hasi baino lehen, ikus-entzunezko bat ikusi dute Foru Aldundiaren eskumenak zein diren argitzeko asmoz. Ondoren, herritarrek hartu dute hitza eta askotariko gaiak izan dituzte izpide: etxekaleratzeak, autobus zerbitzua, errepideen egoera, bidegorriak, kirol instalakuntzak,  lehen sektorearen egoera, ekonomia, aberatsen zerga...

Dena den, bi erabaki garrantzitsuren berri eman diete herritarrei. Batetik, herri hasierako errotondako konponketak egingo dituzte, eta bestetik, Donostiara doan autobus zerbitzua 2015eko urtarriletik aurrera Bakearen Usoa plazaraino joango dela.

Martin Garitano eta Mikel Pagola pozik agertu dira eta bileraren balorazio ona egin dute, espero baina jende gehiago agertu delako. Garitanok argi azaldu du uztailaren 17ko egun eguzkitsu batean ez dela erraza horrenbeste jende biltzea: “Parte hartzeko kultura hori sortu egin behar da, eta ez da egun batetik bestera sortzen. Alde horretatik pozik eta baikor gaude”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!