Karrikako jai batzordeak hogeita bost urte betetzen ditu aurtengo jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 17a, 10:48

Auzoko arazoei konponbidea bilatzeko sortuta zegoen auzo elkarteak jaiak antolatu zituen 1980an. Ismael De La Revilla, Juan Gallego eta Xabier Arruti auzo elkarteko eta jai batzordeko kide izan ziren hasierako urte haietan, eta Andoainen egundoko oihartzuna lortu zuten ekitaldi eta gertakariak oroitu dituzte Aiurri astekariarentzat.

Egitaraua | Elkarrizketa:

Zergatik jarri ziren abian auzo jaiak Karrikan?
Ismael De La Revilla: Karrikako auzo elkartea auzoak urbanistikoki eta azpiegiturei begira zeuzkan gabezia larriei erantzuteko sortu zen, frankismoa amaitu ostean.
Andoaingo Udalak dantzaldiak auzo askotan antolatu zituen urte batean, eta gurean Akelarre taldea aritu zen. Jai giro polita sortu zen eta orduan geure buruari planteatu genion ea zergatik ez asteburuko jaiak antolatzea. Lehendik ere, haurrentzat batik bat, joko eta marrazketa lehiaketak antolatzen genituen. Horrela, asteburu osoko programa itxurosoa antolatzeko erronka hartu genuen.

Auzo elkarteak auzoko bizitza irauli egin zuela esan daiteke beraz?
I.R. Erabat. Auzoa desastre hutsa baitzen urbanistikoki. Aldarrikapen zerrenda luzea geneukan, eta bakoitzarekin benetako abentura bizitu behar izan genuen. Konkista ugari lortu genituen, baina denak ere borroka luzearen ostean. Bilkurak udaletxe aurrean, 200 laguneko bizikleta martxak, 80 autoz osatutako karabana... Algodonera lantegi zaharreko hondakinak ken zitzaten izan zen aurreneko lorpena. Ondoren, hoditeria, argizteria, telefono kabina, semaforoa, posta lekua, ludoteka..., etorri ziren. Elkarte gastronomikoa ere ireki genuen, auzotarren bilgune gisa.
Juan Gallego: Elkartean argi geneukan independientea behar zuela izan, ezin genuela onartu, esaterako, bere jarduna baldintzatuko zuen dirulaguntza ofizialik. Soilik jaietarako jasotzen genuen laguntza. Elkarteko kideak astero biltzen ginen, eta errifak eta denetariko ekintzak antolatzen genituen autofinantzatzeko, auzotarrak mugitu eta aldarrikapenak kaleratzeko, aisialdiko ekintzak antolatzeko... Zer ez ote genuen egin! Euskaltegia, ludoteka, elkarte gastronomikoa... Ludotekarekin, esaterako, konta dezakegu pasadizo esanguratsua: bi inaugurazio ekitaldi egin ziren, bata ofiziala Udalaren eskutik, eta bestea auzotarrek burututakoa.

Nortasun berezikoa izan da betidanik, Karrikako jendea...
I.R. Izaera berezikoa da, bai. Jatorriz, langilea. Egia da denetik egon dela beti, baita indarrak soilik kritika suntsitzailea egiteko bideratzen dituena eta gero ekarpenik egiten ez duena. Oro har, hala ere, jendea beti egon da karrikatarra izateaz harro, eta auzoaren alde lan egiteko prest agertu izan da eskatu zaionean.

Asko aldatu da jaiak bizitzeko era, zuen hasierako garaietatik...
J.G.: Hamabi lagun biltzen ginen mahai inguruan jaiak antolatzeko, ekitaldiak antolatzeko, iragarleak lortzeko... Tartean, bidean joan zaizkigun Batista Otxandorena, Lorenzo Hurtado, Juan Mujika, Manolo Seara eta beste zenbait. Auzoaren aldeko motibazioa partekatzen genuen, eta erraz moldatzen ginen elkarrekin. Inoiz ez genuen xextra latzik eduki geure artean. Ardurak utzi egin genituenean, neke pertsonala sentitu genuelako izan zen.  
Azken urtetan, hiru lagun baizik ez dira animatzen jaiak antolatzeko, eta atsekabea eragiten digu horrek. Nahiko meritua daukate ez direlako nazkatzen; arrazoiak soberan dauzkate, maiz kritika txarrak besterik ez baitituzte jasotzen.
I.R.: Bistan da aurreneko urte haietan auzotarrak gehiago inplikatzen zirela auzoko dinamikan. Orduan, %90ak modu batera edo bestera hartzen zuen parte festetan. Garaiak aldatu egin dira guztiontzat, ohiturak, aisialdia pasatzeko joerak, gogoak... Dena nahasi egin da, eta badirudi tabernetan bakarrik pasa daitekeela ondo.

Santurik gabeko jai bakarrak dira zuenak, Andoainen...
J.G.: Kontua da iraganean, abuztuan joaten zela oporretara mundu guztia, eta horrexegatik, uztailean kokatu nahi izan genituen jaiak; Andoainen, hilabete hartan, apenas antolatzen zen ekitaldirik.
I.R. Jai ateo bakarrak izango dira Andoainen gureak agian; baina hori bai, santu batek presiditzen ditu jaiak. Atzean, bere historiotxoa baitauka: behin, jaietan, euria goian behean hasi zuen. Atertzen ez eta, hantxe geunden atsekabetuta guztiok elkarteko egoitzan. Halako batean, auzotar batek figura hori ekarri zuen etxetik. “Kalean zehar pasiatzera aterako dugu, erreguteak egiteko”. Bizpahiru animatu ziren, eta hor non atertu zuen agudo! Ez dakigu zein izen duen panpin horrek, ezta benetan zori ona ematen duen ala ez, baina harrezkeroztik txoznan jartzen da. Errotuta dago usadio hori.

Zein dituzue ekitaldirik gogokoenak?
J.G.: Pena punttu batez esango dut, baina play back-a aipatuko nuke. Hastapenetan, hogeitik gora koadrila animatzen ginen, gazteak zein helduak, nork bere numerotxoa taularatzeko. Umorea eta parodiarako gogoa erakusteaz gain, lehia bizi sortzen zen auzotarron artean. Gainbehera joan da, zoritxarrez.
Ekitaldirik gogokoena? Nik umeentzat antolatzen diren ekitaldiak aipatuko nituzke.
I.R. Umeei begira antolatzen den edozer azpimarratuko nuke neuk ere. Bestelakoan, aparteko ekitalditxoa aipatzearren, “Gaixoa ni” kantatzearen ekintza gogoratuko nuke. Jai amaierako une kuttuna benetan. Gauza polit askoren antzera parranda giroan sortu zen, bat-batean. Igande gaua zen, eta hantxe geunden triste-triste jai batzordekoak, garagardoak eskuetan. Halako batean, Txanka, metxeroa piztu eta kalera irten zen. Han joan ginen denak atzetik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!