“Nire bizitza Andoain eta Suchitoton irudikatzen dut”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 16a, 12:47

Nerea Izagirre andoaindarra urte eta erdiz izan zen El Salvadorren kooperante bezala, Mugen Gainetik erakundearekin. Orain, berriro, bertara itzultzeko asmotan da. Bertan izandako bizipenei buruz hitz egin du Aiurrirekin.

Zein motibazio izan zenuen kooperante bezala El Salvadorrera joateko?
Kasualitate hutsa izan zen. Lan bila nenbilela, Mugen Gainetik elkartetik beraiekin lan egiteko aukera eskaini zidaten. Salvadorren zela esan zidatenean, ezezkoa esan nien beldurrez, artean lau urteko haurra nuelako. Egun batzuk igaro ondoren, ordea, profesionalki eta pertsonalki aukera ona izango zela pentsatuta, onartu egin nuen. Horrela, 2012ko azaroaren 29an hegaldia hartu nuen alaba eta bikotearekin El Salvadorrera, Suchitoto hirira.

Zein lan egiten zenuen han?
Mugen Gainetik eta El Salvadorreko elkarte feministaren arteko bitartekari lanak egin nituen; betebehar burokratikoak, gehienbat. Eusko Jaurlaritzako proiektu bat aurrera eraman nuen eta helburu nagusia emakumeen elkarteak indartzea eta beraien eragin maila handitzea izan ziren. Azken batean, emakumeen arlo guztiei erantzuna ematea zen nire lana.

Zein da bertako emakumeen egoera?
El Salvador oso gerrate gogorretik atera zen eta, gaur egun oraindik, horren arrastoak sumatzen dira. Ekonomia egoera larria, migrazioa, biolentzia maila altua, hilketak… Esperantzarik gabeko herria da. Baina, egoera izatez latza bada, are latzagoa da emakumeentzat. Txiroenak dira eta hezkuntza maila baxuena dute. Gainera, biolentzia handia jasaten dute eta esklabo sexual bezala bizi dira, erabateko mehatxupean.

Emakumeek duten arazo larrienetako bat abortuarena da, ezta?
Bai, abortuak muturreraino zigortzen dituzte eta nahi gabe abortatu duten emakumeak ere ospitaletik kartzelara eramaten dituzte, zuzenean. Ehun kasutik gora egon dira, baina elkarte feministetatik lana egin da eta kartzelatik ateratzea lortu da. Hala ere, oraindik hamazazpi emakume espetxean daude eta horiei 30-50 urteko zigorra betetzea eskatzen diete, abortua hilketa dela leporatuta. Horregatik guztiagatik, eskubideen artean abortuarena da nabarmenena.

Egonaldian zehar, zer egin zitzaizun gogorrena?

Oso bizi baldintza xumeetan bizi dira eta gogorrena guk alde batera uzten ditugun txanpon txikienetatik bizi direla ikustea da. Muturreko egoeratara ohituta daude, biziraupenera, ondorioz, bertako bizi baldintzetara ohitzea gogorra da. Horrek, hala ere, Euskal Herrira bueltatzean hemen daukaguna baloratzera bultzatu dit. Hemen ditugun gauza txikienak estimatzen ditut orain; ur beroa, esaterako. Lagunen edo familiartekoen buruhauste larriak beste modu batera ikusten ditut, izan ere, hemen mundu bat egiten dugu edozein txikikeriarekin.

Zer gehiago eskaini dizu esperientzia honek?
Pertsonalki bizitza aldatu dit; beraz, ez da soilik profesionalki izan dudan aberastasuna, baita bizitza pertsonalean gertatu zaizkidan aldaketak ere. Bikote batekin joan nintzen, han banandu egin ginen, bertako bat ezagutu eta haurdun geratu nintzen… Bizitza goitik behera aldatu zait. Orain haurra edukitzera itzuli naiz Andoainera, eta El Salvadorreko esperietziari urrutitik begiratuta, ikasi dudan guztia baloratzen dut. Izugarri ikasi dut eta aportatzeko asko dut oraindik. Izan ere, urte eta erdiko egonaldiak luzea badirudi ere, hirian kokatzeko denbora besterik ez dit eman.

Berriro itzultzeko asmotan zara, orduan?
Bai, orain eskuartean beste proiektu bat daukat eta hau aurrera eramatera joango naiz. Oraingoan, ez naiz Mugen Gainetik erakundearekin joango, nire kabuz, baizik. Gainera, oraingo bikotea bertakoa da, bihotza erdibituta dut, eta hori ere bada itzultzeko arrazoietako bat.

Zein dira, beraz, zure erronka pertsonalak aurrera begira?
Etorkizunera begira, Suchitotora itzuli eta gehiago aportatzea da erronka nagusia. Nire lekua zein den ikusita eta dena ulertuta, orain askoz gehiago eman dezakedala uste dut eta nire baliabideak besteen eskura jarri nahi ditut. Ahal den guztian lagundu nahi dut eta horretarako, noski, nire inplikazio maila handiagoa izango da.

Ez al duzu Andoainen hutsunea sumatzen kanpoan zaudenean?
Egia esan, batere ez. Oso bizipen intentsoa izaten denez, pena ematen dit amaitzeak eta hona bueltatu behar izateak. Lehen aldiz alabarekin Andoainera etorritakoan, oso gogorra egin zitzaidan. Orain, ordea, lasaiago hartu dut hemengo egonaldia eta gehiago ari naiz disfrutatzen. Hala eta guztiz ere, bi herrialdeen artean bizi naiz. Nire barnean hango zati bat daukat. Horregatik, nire bizitza handik hona eta hemendik hara irudikatzen dut. Izan ere, bi herrialdeetan egonda lan egiteko aukera dut. Gainera, Andoainera itzultzeko beste arrazoietako bat nire alabak bere sustraiak mantentzea da; hona itzultzen gara euskara ez galtzeko eta hezkuntza aldetik ere garatzeko.

Zein mezu zabaldu nahiko zenieke Aiurriko irakurleei?
El Salvadorreko emakumeen egoeraren berri izan behar dute hemen ere. Nazioarte mailan elkartasuna adierazi behar da, edo, gutxienez, gizarteak kritika egin beharko luke. Oraindik 17 emakume espetxean daude, merezi ez duten zigorra betetzen. Horren harira, nazioartean kanpaina bat egiten ari dira eta bertan parte hartzeko eskatuko nieke. “No dejes que sus vidas se marchiten” lelopean, argazki bilduma osatzen ari dira. Beraz, elkartasuna eta babesa adierazi nahi duen edonork, lore batekin argazki bat atera behar du eta hara bidali behar du. Bi modu daude argazkiak bidaltzeko; batetik, “Las17” izeneko Facebookeko kontura edo, bestetik, unaflorporlas17@gmail.com helbidera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!