Nola sortu zen Kanadara joateko aukera?
Batxillergoko lehen ikasturtea Kanadan egiteko aukera ematen duen beka baten berri eman ziguten ikastolan. Erakargarria egin zitzaidan ideia hori, baina beldur pixka bat ere ematen zidan, ez bainekien horretarako prestatuta egongo ote nintzen. Proba egiteko aukera ona zen eta aurrera egitea erabaki nuen. Estatu osoko lau mila pertsonak baino gehiagok eman genuen izena eta zenbait froga pasa behar izan genuen. Ehun pertsona aukeratu gintuzten. Ingeles maila neurtzeko azterketak egin genituen, eta egia esateko, espero baino errazagoak iruditu zitzaizkidan. Aurkeztu ginen gehienok ondo egingo genituen ziurrenik azterketa horiek, horregatik, ez zen batere erraza izango lau mila pertsonen artean aukeraketa egitea.
Kanadako zein zonaldetan egin duzu egonaldia?
Vancouver hiritik gertu dagoen irla batean egon nintzen, Duncan herrian. Herri txikia da Duncan, oso ingurune politak dituena. Gustura egon nintzen han. Bertako ikastetxean aritu nintzen. Nazioarteko ikasleak hartzeko programa berezi bat lantzen du Duncaneko ikastetxeak eta oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat. Mundu osoko ikasleak biltzen ginen eta adiskide handiak egiteko aukera izan nuen nire egonaldian. Esaterako, lagun handia egin dut Norvegiatik joandako ikasle bat.
Kanadako familia baten etxean bizitu zara hamar hilabeteotan. Nolakoa zen familia hura?
Hiru seme-alaba zituen bikote baten etxean egon nintzen, gustura. Kanadiarrak, orokorrean, oso abegitsuak izaten dira. Oso ondo hartzen dituzte kanpotik etortzen direnak, eta nire kasuan, halaxe izan zen. Ikastetxean ere, atzerritik joandako ikasle mordoa ginen, eta gazteak oso ohituta daude horretara.
Nolakoak izan ziren etxetik kanpo pasatako lehen egunak?
Hara joan aurretik, internet bidez ezagutu nituen Kanadako etxeko kideak. Victoriako aireportura etorri zitzaizkidan bila. Hasieran kosta egin zitzaidan pixka bat haiekin hizketan hastea, baina pixkanaka moldatzen joan nintzen. Dena zen berria niretzat: etxekoak, ikastetxea, ordutegiak... Denbora pixka bat behar izan nuen horretara guztira moldatzeko, baina behin egokitutakoan, oso gustura egon nintzen.
Tokiak ikusteko ere baliagarria izango zen esperientzia hau. Nolakoa da Kanada?
Oso toki politak ikusi ditut. Nire familiako kideek, hiru haur txikirekin, ez zuten niri tokiak erakusteko denbora askorik, horregatik, nire kasara moldatu behar izan dut. Lagun taldea osatu, eta asteburuak aprobetxatzen genituen batera edo bestera mugitzeko. Familiakoekin asteburupasaren bat edo beste ere egin ahal izan dut, autokarabanarekin. Horrez gain, hara joateko aukera eman didaten programaren antolatzaileek, Californiara joateko aukera eman ziguten.
Zer izan da aberasgarriena?
Nire kasara moldatzen ikasi dut. Autobusak hartu, ikusteko interesgarriak ziren tokietara joan, ikasketak antolatu... Laguntzarik gabe moldatzen ikasi dut eta hori oso aberasgarria izan da niretzat.
Batxillergoko lehendabiziko ikasturtea egin duzu atzerrian. Nolako esperientzia izan da alde horretatik?
Hemen ikasle ona denak, atzerrian ez du zertan arazorik izan behar. Ondo moldatu naiz. Ikasteko modu ezberdina dute han; ikastordu teorikoetan baino gehiago, praktiketan dago oinarrituta. Adi egotea eta lanerako gogoa izatea da garrantzitsuena. Datorren ikasturtean, batxillergoko bigarren urtea egingo dut Donostiako Luberrin eta uda honetan, lehenengo mailako liburuei begiratua ematea egokituko zait.
Kanadan zeundela, zeren falta sumatu duzu gehien?
Etxekoena eta lagunena, noski. Nolanahi ere, astero hitz egiten nuen etxekoekin Skype bidez, eta ondo moldatu gara. Nire esperientziaren berri izan dute uneoro eta nik ere bai hemengo berri. Horrez gain, janariarekin gogoratu naiz behin baino gehiagotan. Haragia eta aurrez sukaldatutako janaria jaten dute Kanadan. Arraina jateko gogoz etorri nintzen etxera.
Hamar hilabete Kanadan pasa ondoren, nolakoa izan zen itzulera?
Sentipen ezberdinak izan nituen. Oso pozik nengoen etxera nentorrelako, baina, aldi berean ez zen batere erraza izan hango lagunak eta etxekoak agurtzea.
Gomendatzeko moduko esperientzia al da?
Zalantzarik gabe. Ahalko banu, errepikatu egingo nuke.