Festaz festa ibiltzeko gida, eskuko telefonoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 16a, 12:44

Edurne Martinez asteasuarrak Festaz festa izeneko aplikazioa sortu du; uneoro eta gauden tokian gaudela, jaietako hitzorduen berri izateko tresna erabilgarria.

Iaz sortu zuen Edurne Martinezek Festaz festa aplikazioa: “Informatikaria naiz lanbidez, eta aplikazio ezberdinak sortzen egiten dut lan. Iazko Asteasuko jaiak gerturatzen ari zirela, festan parte hartzeko modu baten bila hasi nintzen. Jaietako egitaraua eskuko telefonoan izateko aukera ematen zuen aplikazioa sortzea erabaki nuen. Paperezko bertsioa etxean jasotzen dugu eta oso ondo dago hori, baina egun, guztiok ditugu eskuko telefonoak eta erosoa iruditu zitzaidan egitarauak bertan izatea. Behin oinarrizko egitura sortuta, beste zenbait herritako egitarauak sartzen joatea erabaki nuen; Amasa-Villabona, Aduna, Zizurkil, Larraul, Donostia, etab.”.
Android sistema darabilten eskuko telefonoetan erabil daiteke Edurnek sortutako aplikazioa: “Aurten, guztiz berritu dut. Aplikazioa bere mugikorrean instalatzen duenak ez du interneteko konexiorik beharko jaietako egitarauak ikusi ahal izateko. Pixkanaka, egitarau gehiago sartzen joango naiz, aplikazioa geroz eta aberatsagoa izan dadin”.

Egitarauak jartzeko prest
Iturri ezberdinetatik jasotzen ditu Edurnek jai egitarauak. “Udalei eskatu izan dizkiet, lagunek ere ekartzen dizkidate, Aiurri aldizkarian argitaratzen direnak ere jartzen ditut... Horrez gain, herri edo auzoren bateko jai egitaraua argitaratzea nahi duenak, helbide honetara bidal dezake: festazfesta@erniope.com”, aipatu du Edurnek.
Dagoeneko laurehun pertsonatik gora dira Festaz festa aplikazioa mugikorrean dutenak. “Google play-en sartu eta bilaketa eginda, erraz jaitsi daiteke aplikazioa, baita www.festazfesta.com gunean sartuta ere. Gune horretan sartzen denak, jaietako egitarauak ere bilatuko ditu”.

Bilaketak
Bilaketak egiteko aukera ematen du Festaz festa aplikazioak: “Norberaren gustuen edo interesen araberako bilaketak egin daitezke. Esaterako, bertsoak entzuteko gogoa duenak, aplikazioan bilaketa eginda, bertso saioak non eta zein ordutan dauden jakiteko aukera izango du”.
Elhuyarren egiten du lan Edurnek. “Aplikazio ezberdinak sortzen ditut Elhuyarren; hiztegiak bereziki. Festaz festa da nire kabuz sortu dudan lehendabizikoa”, azaldu du.

Etorkizuneko asmoak
Etorkizunari begira, aplikazioa hobetzen eta aberasten joateko asmoa du Edurnek. Batetik, jakinarazpenak sortzeko asmoa du, “modu horretan, norberaren intereseko ekitaldien aurretik, telefonoan jakinarazpen edo abisu bat jasoko luke erabiltzaileak. Horrez gain, lokalizazioa ere gehitu nahiko nioke; erabiltzailea dagoen puntua erreferentziatzat hartuta, kilometro kopuru baten barruan antolatutako ekitaldien berri izateko aukera eskaini nahi nuke. Ziurrenik, diseinatzaile baten ukitua ere falta du aplikazioak; irudiak sartu eta beste itxura bat ematea egokia litzateke”.

Ahoz ahokoa
Bestalde, Android sistema darabilten telefonoetara egokituta dago aplikazioa, baina Edurnek ez du baztertzen etorkizunean IPhone edo beste sistemaren batera ere egokitzea. “Ideiarik ez zait falta; jendeak ekitaldien inguruko iritziak eman ahal izatea, argazkiak igotzeko aukera eskaintzea..., gauza asko egin daiteke. Ideia horiek guztiak lantzen joateko denbora da falta zaidana”, gaineratu du Edurnek.
Ahoz ahokoaren bidez zabaldu da, orain arte, Festaz festa aplikazioaren berri. “Lagun eta ezagunen artean joan zen zabaltzen. Aplikazioa hobetzeko ideiak ere eman izan dizkidate; garraiobide ezberdinen informazioa txertatzea, ekitaldiak partekatzeko aukera eskaintzea, etab. Jendeak aplikazioa hobetzen joatera animatu nau”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!