Landare jangarriak erakusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 16a, 12:41

Aldi baterako zenbait erakusketa antolatzen dute Larraulgo museoan urtero. Egunotan, landare jangarrien ingurukoa dute martxan.

Basaporrua, basatipula, uztaua, inbutu-belarra, berroa, getozka, pasmo-belarra, txikori-belarra, menta, osina..., baratzean, belazean, bide bazterretan edota hormen ertzetan ateratzen diren landareak dira. Bere garaian janez gero, ordea, onuragarriak izan daitezke gure gorputzarentzat. Hogeita hamar landare inguru bildu dituzte Larraulgo ekomuseoko kideek, haien inguruko informazioa zabaltzeko.

Ondarea
Aitziber Mendiola eta Pili Otaegi arduratu dira erakusketa antolatzeaz: “Betidanik gustatu izan zaigu belarren mundu hori. Ukenduak egiten ditugu eta landare jangarrien inguruko ikastaroak ere egin izan ditugu. Gaiaren inguruko erakusketa antolatzea bururatu zitzaigun eta halaxe egin dugu. Garai batean, gure aiton-amonek ederki jakiten zuten belar edo landare bakoitzaren erabileraren berri. Kultura hori galduz joan gara eta orain, pixkanaka bada ere, ondare hori guztia berreskuratzen joateko garaia dela iruditzen zaigu”.

Landareak eta ezaugarriak
Gure inguruan hazten diren landare jangarriak erakutsiko dituzte Larraulgo museoan. Hala azaldu du Pili Otaegik: “Horietako asko belar-txarren zakuan sartuta dauzkagu, oso onuragarriak izan daitezkeela jakin ere egin gabe. Museora ekarri ahal izateko, lorontzietan jarrita dauzkagu. Landare bakoitzaren alboan bere ezaugarriak bilduko dituen karteltxoak jarriko ditugu. Nola jan daitezkeen ere jakinaraziko dugu karteltxo horien bidez. Zenbait landareren kasuan hostoak izan daitezke jangarriak, beste batzuen kasuan, ordea, loreak edo sustraiak. Horrez gain, prestatzeko modua ere alda daiteke batetik bestera; egosita, frijituta, infusioan, entsaladan...”.

Ikus-entzunezkoa
Bideo bat ere jarriko dute ikusgai museoan: “Uztailean gaudenez, landare gehienak hazia botata daude dagoeneko. Landareek euren bizitzan zehar dituzten garai ezberdinak biltzen dituen ikus-entzunezko bat egin dugu; hazia ernatu eta landarea jaiotzen hasten denetik, loratu eta hazia botatzen duen arte. Interesa dutenek, landareak hobeto ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzunezko horri esker”, azaldu du Aitziberrek.

Herrian ere bai
Museotik kanpora, herrian barrena aurki daitezkeen landare jangarriak ere ikusgai jarriko dituzte Pilik eta Aitziberrek: “Txoko ezberdinetan dauden landareak seinaleztatuko ditugu, jendeak ikus ditzan. Gainera, herriko planoak banatuko dizkiegu haurrei, landareak non dauden azaltzeko. Jolas modura, markatutako landare guztiak bilatzeko erronka jarriko diegu”.

Igandera arte
Uztailaren 14an zabaldu zuten erakusketa eta uztailaren 20ra arte izango da zabalik. 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, egunero zabalduko dituzte museoko ateak Pili Otaegi eta Aitziber Mendiola arduradunek. Euren azalpenei esker, landare jangarrien mundura gerturatzeko aukera paregabea eskainiko dute Larraulgo museoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!