Itzal luzeko Izkina tabernak ateak itxi ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 16a, 12:40

Izkina tabernatik jubilatu berri dira Jabier Lacarra eta Dora Escorza senar-emaztea. Tabernarekin lotutako hainbat bizipenen berri azaldu dute.

Urte askoan aritu zarete Izkinan lanean. Zenbat guztira?
Jabier:
50 urtetik gora.Nafarra naiz izatez, baina 1962an familia guztia honuntza etorri ginen bizitzera. Arrebetako batek Andoaingo Txitibar taberna hartu zuen eta guk Villabonako Izkina taberna. Bertan bizitu ginen. Ama ere hantxe aritzen zen lanean hasieran, baina behin ezkondutakoan, Dora eta biok hartu genuen tabernaren ardura.
Dora: 1975 urtean ezkondu ginenean etorri nintzen Cordobatik Villabonara bizitzera. Geroztik tabernan aritu naiz lanean, 40 urtean zehar.

Historia luzeko taberna izan da Izkina. Herriko tabernarik zaharrenetakoa…
J.:
Izkina taberna 1920 urteaz geroztik egon da irekita eta lau belaunaldi igaro gara bertatik. Azpeitia abizeneko kide bat izan zen tabernako lehen nagusia, Laskibar hoteleko kideak gero, segidan Villagran Quintin izeneko abokatu bat aritu zen urtebez eta gure familia etorri zen azkenik.
D.: Tabernaz gain, jatetxe izan zen Izkina 1980 urtera arte. Guk ere urte luzetan izan genuen jatetxearen ardura, baina haurrak izan ondorenean, jatetxea itxi eta tabernarekin soilik jarraitzea erabaki genuen. Mugimendu handia izaten zen tabernan. Pasaerako lekua zenez, jende asko etortzen baitzen.

Izkinako kafea eta pintxoak famatuak izan dira!
D.:
Tabernako kafeak fama zuen garai batean. Baita musika makinak ere! Duroa sartu eta bakoitzak nahi zuen musika jartzen zuen. Pintxoen artean txanpiñoiak saltsan eta tortillak nabarmentzen ziren batik bat.
J.: Goizetik hasita, egun guztian zehar egiten genuen lan. Azken 20 urteotan tabernako mugimendua jaitsi egin bazen ere, 70-90eko hamarkadetan izugarrizko mugimendua izaten zen. Urteak aurrera, taberna askok pub itxura hartu zuten. Guk ez genuen obrarik egiteko aukerarik izan eta betiko bideari eutsi genion.

Mila pasadizo izango duzue. Nabarmenduko al zenukete bat edo beste?
J.:
Gogoan dut duela urte mordoxka juergan ‘Café torero’ hartzen zuela gazte askok: txikiteoan ibili ondoren, kafea, kopa eta purua, parrandan hasterako. Orduak aurrera, lurrera txanpaina bota eta arraunean hasten ziren.
D.: Gabon-gau batean, herritar bat asto eta guzti sartu zen taberna barrura. Egunerokoan, konta ezin ahala pasadizo gertatu zen gure etxean. Asteasurako bidean enpresa asko dagoenez, lanerako bidean goizean goiz etortzen ziren tortilla pintxoen bila. Bezero askok aurrez eskatzen zizkiguten, bukatu aurretik.

Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak omenaldia egin dizuete berriki…
J.:
Ostalaritza elkarteko bazkide izanik, urtean zehar jubilatzen diren bazkideei omenaldia eskaintzen diete urtero ostalaritzako patroiaren egunean. Aurten, guri ere egokitu zaigu.
D.: Oso ondo pasa genuen. Hondarribiko golfean izan zen festa. Oso leku eta festa polita.

Horrenbeste urte eta gero faltan botatzen al da barraren beste aldea?
J.:
Zertxobait faltan botatzen den arren, oso gustura bizi naiz barratik kanpora ere. Urteotan bezeroekin tratu ona izan dugula nabarmenduko nuke.
D.: Beti iruditu zait Villabonako bezeroak oso onak direla eta eskertu egin nahi diet erakutsi duten jarrera.

Zein asmo duzue aurrera begira?
J eta D:
Deskantsatu, bidairen batzuk egin eta seme-alaba nahiz bilobekin disfrutatzeko gogoa dugu. Denerako denbora izango dugu orain.

Agur Ongi Etorri tabernari ere
Izkinaren ondo-ondoan kokatzen den Ongi Etorri tabernak ere. Urte luzetan bertan lanean aritu diren Arantxa eta Elena Lazkano ahizpak ekainaren 30ean jubilatu baitziren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!