Autoz hustuko dute plaza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 16a, 12:37

Autoa eta bestelako ibilgailuak edozein modutan aparkatuta; horixe da Zizurkil Goiko plazak azken urteotan izan duen irudia. Egoera hori, ordea, amaitu egingo da laster.

Elizaren atzean egindako aparkalekuak ahalbidetuko du, hein handi batean, aldaketa hori egitea. Ainara Sagarna, Udaleko arkitektoak eman ditu azalpenak: “Aparkalekua eta saihesbidea egitea aurreikusten du Zizurkilgo Plan Orokorrak. Aurrekontu handia eskatzen duten lanak dira horiek, ordea, eta egoera ekonomikoak ez du uzten horrelako lan handietan sartzea. Hala ere, aparkalekua egiteko aukera suertatu zitzaion Udalari, eta aurrera egiteko erabakia hartu zuen. Betelana egin zen lehendabizi, eta aparkalekua txukundu da ondoren. Plazatik autoak ateratzea izango da hurrengo pausoa”.

Plaza berritua
Nerea Lizarraga zinegotziak ere hartu du hitza Pello Mari Otaño plazaren eraldaketaren inguruan: “Datozen egunotan lotuko ditugu xehetasun guztiak, baina garbi dugu plaza oinezkoentzako gune gisa berreskuratu nahi dugula. Herriko zenbait gunetara autoz joan ahal izateko, ezinbestekoa da plazatik pasatzea; ezingo dugu, beraz, guztiz oinezkoentzako gune bihurtu. Garbi dago, ordea, ezin dugula egungo egoera luzatu. Nolanahi aparkatutako ibilgailuz beteta egoten da plaza. Ondorioz, herrira etortzen diren autobus eta ibilgailu handiek arazo handiak izaten dituzte plazatik igarotzeko. Lanak amaitutakoan, ezingo da plazan edonola aparkatu. Bost edo sei autorentzako aparkalekua egokituko da Zentroaren parean eta hortik kanpora, ez da ibilgailurik izango plazan”.

Oinezkoentzako gunea
Plazako zuhaitzaren ingurua eta elizaren aurrealdea oinezkoentzako gune izango da: “Ibilgailuek ezingo dute gune horretara sartu eta hori lortzeko modua aztertzen ari gara. Altzari ezberdinak jarriko dira autoen sarbidea oztopatzeko; eserlekuak, lorontziak, argiteria..., aukera ezberdinak egon daitezke, eta irtenbide egokiena zein izan daitekeen aztertu behar dugu”, azaldu du Ainara Sagarnak. Plazara sartuko diren ibilgailuek, horrez gain, abiadura murriztu beharko dute oinezkoen segurtasuna bermatze aldera.

Zimiterioan barrena
Elizaren atzeko aparkaleku berritik plazara iristeko bidean egokitzapenak egitea ere aurreikusten du Zizurkilgo Udalak. Ainara Sagarnak eman ditu xehetasunak: “zebra-bidea margotuko da aparkalekutik Zimiterioaren atzealdean dagoen atera. Ate hori zaharkitua dago eta ez da batere erosoa. Beharrezko aldaketak egingo dizkiogu irteera horri eta arrapala ere jarriko da. Lanak amaitzean, horixe izango da aparkalekutik plazara iristeko biderik egokiena”.

Bi norabide
Plazako ibilgailuen joan etorria arintze aldera, eliza atzeko errepidea bi norabidetakoa izango da laster. Hala baieztatu du Nerea Lizarragak: “Modu horretan, aparkaleku berritik atera nahi duten ibilgailuek edota mendi-bailaratik datozenek, ez dute plaza zeharkatu beharrik izango herritik atera ahal izateko. Horrek, plazako ibilgailuen joan-etorria murrizten lagunduko du”.

Zoru berria
Plazako zoruaren konponketa lanak egiteko asmoa ere azaldu dute Udaleko kideek. “Asfaltozko lurra da plazakoa, eta oso hondatuta dago. Oinezkoentzako guneak egokitzearekin batera, zoru berria botako da plaza osoan. Asfaltoa erabiliko da horretarako, baina litekeena da oinezkoen gunea eta ibilgailuena bereizteko, kolore ezberdinetako asfaltoak erabiltzea”, azaldu du Ainara Sagarnak.
Azken xehetasunak lotzen ari dira udaletxeko kideak, baina lehenbailehen egin nahi dituzte plazari itxura berria emango dioten lanak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!