Golfo izan ez banintz...

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 16a, 12:35

Pelikula batean kontatzeko moduko bizipenak dauzka Jaime Martin ‘Toti’ boxeolari ohiak. Arrasto luzea utzi zuen Totik Andoainen, eta Etxeberrieta auzoko jaietan omenaldia eskainiko zaio uztailaren 27an.

Andoainen hasi eta hazi zen boxeolari gisa 1957an eta 1979an hartu zuen erretiroa, andoaindarren eta gipuzkoarren kirol mitoa izan zelarik epe horretan. Denera, amateur eta profesionaletan, 310 borrokaldi jokatu zituen; horietatik, soilik 10etan izan zen galtzaile. Aiurrirekin jardun du bere ibilbide pertsonalaz, zintzo jardun ere, atalik ilunenak ezkutatu gabe.

Gaztaroa Andoainen egindakoa zara…
Donostian bizi naiz aspaldiko urteetan, baina oso oroitzapen onak dauzkat Andoaingo herriarekin. Bertan egin nintzen kirolari, eta bertan lagunmin franko egin nuen. Boxeoan nabarmentzen hasi nintzenean, idolotzat hartu ninduten Andoainen.

Nolakoak izan ziren zure gazte garaiak?
Villafrancan (Nafarroa) jaio nintzen 1942an, eta 14 urte nituela, Andoainera etorri nintzen familiarekin. Aingurasutegi kalean jarri ginen bizitzen, eta Leitzarango papertegian hasi nintzen lanean berehala. Andoainen zaletu nintzen kiroletara. Euskalduna Txikin jokatzen nuen, lasterka eta bizikletan ibiltzen nintzen, eta boxeoa probatzera ere animatu egin nintzen.

Eta zure hasierak boxeoan?
15 urterekin ekin nion, eta berehala (1963) Gipuzkoako txapelketa irabazi nuen Legazpin. Harrezkero, nire borrokaldiak gertu-gertutik jarraitzen hasi ziren andoaindarrak. Astean lau bat borrokalditan hartzen nuen parte. Egundoko afizioa zegoen orduan, eta edozein herri eta auzo jaietan antolatzen zen boxeo jaialdiren bat. Etxeberrietako zelaian, jendea gainezka jartzen zen ringaren inguruan. Gipuzkoa eta Bizkaia, Espainiako sehaska ziren boxeoan. Boxeolariak erruz sortzen ziren eta lehia bizia izaten zen bi herrialdeen artean. 

Nolakoa zen zure prestaketa?
Egunean 20 kilometro egiten nituen lasterka. Leitzaran aldera joaten nintzen. Trenbidean eta malkarretan gora eta behera aritu ostean, errekan bainatzen nintzen; neguan, izotz pusketak hautsiz sartzen nintzen uretan. Arratsaldeetan gimnasioa egokitzen zen. Bizikletan ere ibiltzen nintzen, Altolagirre (Andoaingo Anquetil) eta Pablo Izagirrerekin batera. Lasterka zein bizikletan, txapelketetan parte hartzen nuen; atzera samar geratzen nintzen beti, gaueko lan erreleboa eginda joaten bainintzen lehiatzera.

Boxeolari gisa, zeintzuk ziren zure ezaugarriak?
Ez nintzen oso jotzailea. Estilista nintzen, trebea teknikoki; ederki egiten nien izkina aurkarien kolpeei. Gainera, buruarekin jokatzen nuen; aurkaria sikologikoki aztertu eta zuhurtziaz aritzen nintzen. Urtainek kazetari bati zera esan zion behin: zeukan guztiaren laurden bat emango lukeela gustura, nik boxearen gainean nekiena edukitzeagatik.
Oilar-pisua izan zen nire modalitatea. Pisua izaten zen nire arazorik handiena; beti harekin borrokan.

Espainiako txapeldun izan zinen behin....
Tenerifen lortu nuen garaipen hori 1964an. Gero, Agustin Senil bizkaitarrak kendu zidan titulua. 70 mila pezeta zeuden jokoan eta baiezkoa eman nuen. Kontua da zazpi kilo jaitsi behar izan nituela egun batetik bestera borrokaldi horretan parte hartu ahal izateko. Ramon Vizcaino lantegian egiten nuen lan orduan, eta bi egun lehenago, plastikozko buzoa jantzi eta bertako labe batean sartu nintzen kiloak galtzeko. Ez dakit zenbateko tenperaturan zegoen labea, ezta zenbat denbora egin nuen bertan. Dakidana da, lankideek, hilik nengoela pentsatuta atera nindutela bertatik. Borrokaldira pisuz neurrian agertu nintzen, baina zizko eginda zegoen nire masa muskularra eta galdu egin nuen.
Labean sartzearena, behin baino gehiagotan egin behar izan nuen... Baita baineran sartuta egon ere, manta batez estalita! Mexikoko olinpiadetan (1968) parte hartzeko hautatu nindutenean izan zen hori. Soldaduskan nengoen orduan eta eskas elikatzen ginen bertan, baina hala ere, ez nuen lortu kilorik galtzea!

Urrunago iritsi ez izanaren penarik ez?
Golfokeritan jardun ez banu fenomenoa izango nintzela esaten zuten... Nork daki! Akaso, serio entrenatu izan banu eta bizioak alde batera utzi, Europa edo munduko txapelketak jokatzera iritsiko nintzen...
Izan ere, 1963an hasi zen nire galbidea. Tenerifeko txapelketatik tabakoa ekarri nuen, erretzaile bihurtu nintzen eta laster soldaduska etorri zen. Hortik aurrera, juergatara eta emakumeetara jo nuen gehiago, entrenatzera baino. Sarri, gorputzaldirik penagarrienarekin igotzen nintzen lonara... Ezeri ez nion garrantzirik ematen, guztien bizkar egiten nuen barre. Ahalegin gutxi eginez gozatzea zen nire helburua, eta horrela zaila da urrun iristea kirol mailan.
Nolanahi ere, aitortzen dut gozatu egiten nuela ring-era igotzen nintzenean; ezkontza batean bezala sentitu ohi nintzen! Gainera, Espainiako boxeolari txapeldun askorekin neurtu nituen indarrak nire ibilbidean, eta denak garaitu nituen.
Hori dena esanda, bestalde, boxeoaren goi estamenduko mundu zikin hori ere aipatu beharko litzateke. Enpresari eta borrokaldien antolatzaileek faboritismoa jokabide nagusitzat zeukaten, Madrilgo boxeolari edo ume mimatuen alde egiten zuten beti, zailago jarriaz Gipuzkoa eta Bizkaiakoei. Madrilera edo Bartzelonara joateko tentatzen gintuzten hemengoei, baina argi neukan hau zela nire bizitokia, eta ez nengoen prest bertatik urruntzeko.

Zeuk gertutik bizi izan al zenuen alderdi ilun horren atalik?
Pelikulen bidez-eta mito eta estereotipo asko zabaldu izan dira. Batzuk egiak, besteak gezurrak. Nik atal ilun gutxitan parte hartu nuen, baina horietako bat konta dezaket. Niregana etorri ziren behin, Periko Fernandez munduko txapeldunaren aurkako konbatea eskainiz. Hogei mila pezeta eskaini zizkidaten eta Zaragozara joan nintzen, entrenatu ez beste edozer eginda. Ez neukan interes handirik borrokaldi harekin, eta bosgarren asaltoan lurrera erori eta bertan geratu nintzen belaunikatuta, epaileak “10” ahoskatu zuen arte. Dirua hartu eta etxera itzuli nintzen, nire Simca 1200 autoarekin.

Urtain ere aipatu duzu. Laguna izan al zenuen?
Bai, handia! Maila ezberdinekoak ginen, baina Miguel Almazor zen gure entrenatzailea eta elkarrekin entrenatzen genuen, bata bestearen kontra aritzen ginen. On puska bat zen gizona, gizarajo samarra. Madrilera itsu-itsuan joan zen. Nik adierazten nion errealitatea ez zela horren arrosa koloreko: “Joxe Manuel, mundua ez da horrela, jaio egin behar da boxeolari izateko. Zuri bidea erraz-erraz jarri dizute, famatua izateko zoria eduki duzu eta dirua egin, baina hobe duzu irabazitakoa ostalaritzan-edo inbertitu eta apal jokatu”.
Ez zeukan neurririk ingurukoekin eskuzabal jokatzeko orduan. Behin, Basakabi hotelean (Leitza) kontzentratuta egon ginen, hiru hilabetez. Gau batean, isil-isilik irten eta bigarren eskuko Renault deportibo batekin itzuli nintzen; berak ordaindu zidan autoa. Hartaz gero, zenbait gauetan leihotik salto egin, eta a ze parrandak egin genituen! Egundokoak!

Harrijasotzaile gisa ere jardun zenuen...
Boxeoa probatua zeukan Gorostidi harrijasotzailearekin zaletu nintzen; berarekin ibiltzen nintzen herriz herri, erakustaldiak eskaintzen. 90 kiloko zilindrikoa eta 100 kiloko angeluzuzena altxatzen nituen nik.

Nola ikusten duzu gaur egungo boxeoa?
Nik boxeoaren urrezko aldia bizituko nuen, baina azken hamarkadetan gauza ulertezina gertatu da. Ezagutzen dudan kirolik nobleena da. Mutur joka ibiliko ginen ringean, baina gero ez genuen arazorik edukitzen zerbezak elkarrekin hartzeko. Boxeoan ibili denak burutik jota bukatzen duela, hori mito hutsa da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!