Burdina taldeko Joxe Ramon Berrondoren hitzetan, errota berezia zen Urniategikoa: "Landutako harriekin egindako antepara zuen. Ura bideratzeko gunea da antepara eta ez da ohikoa landutako harriekin egindakoa izatea, errota berezia zen hau. Bertako harria erabili zuten antepara berezi hori egiteko eta orain, bistaratu egin dugu, guztiok ikusteko moduan izan dadin".
Hogeita hamabost egunetako lana izan dute Burdina taldekoek Asteasuko Erreka bailaran: "Guztira hirurogei bat lagun aritu gara, egun ezberdinetan. Auzolanean aritzen gara".
Asteasuko herritar talde handia bildu zen aztarnak ikustera. Goizean, auzolan saioa egin zuten Asteasu errekako zaborrak ateratzeko eta eguerdian errotara gerturatu ziren, kalejiran. Haurrek agurra dantzatu zuten eta ondoren, Burdina taldekoen eta alkatearen hitzak entzun zituzten.
Errotaren inguruko azalpen zehatzak ematea zen Burdina taldeko kideen asmoan, baina euri jasak ez zuen horretarako aukerarik eman. Udaletxeko arkupeen babesera bildu ziren guztiak hamaiketako goxoaz gozatzeko.