Eula baserrira bisitaldia "8 euskal baserri" kanpainaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 11a, 11:50

ENBA nekazarien sindikatuak "8 euskal baserri" izeneko ate irekiko jardunaldia antolatu zuen atzo Gipuzkoako zortzi baserritan. Jardunaldian parte hartu zuten zortzi baserriak Irun, Astigarraga, Oñati, Azpeitia, Getaria, Oiartzun, Beizama eta Urnietakoak izan ziren. Honela, baserriak bisitatzeko eta, bide batez, nola funtzionatzen duten ikasteko aukera izan zuten bisitariek.

Argazkiak


Urnietan, Eula baserria bisitatzeko aukera izan zen. Euskal gastronomian interesatutako batzuk agertu baziren ere,  hainbat familik haurrekin goiz pasa egiteko aprobetxatu zuen. Hogei lagun inguru gerturatu ziren Eula baserrira eta Aitor Iguaranen gidaritzapean bisitariek sagardoa nola egiten duten ikasi zuten.
Eulak hamaika hektarea ditu sagastitan, lau mila sagarrondotik gora. Horiek ikusi bitartean, sagarrak nola biltzen zituzten erakutsi zieten bisitariei. Punta zorrotzeko makilekin, eskuz biltzen dituzte sagar guztiak bost lagunen artean. 2013an, esate baterako, berrehun mila kilo bildu zituzten guztira. Zur eta lur geratu ziren bisitariak hori entzutean eta bisitaldian bertan konturatu ziren horixe zela sagardoa egitearen pausorik zailena: sagarrak biltzea.
Hortik aurrerako prozesu guztia baserrian bertan egiten dute eta erabiltzen dituzten makinak eta bakoitzaren funtzioa ezagutu zuten bertaratutakoek; sagarrak bildu eta garbitzetik, sagardoa botiletan sartu eta etiketatzeraino. Amaitzeko, noski, sagardoa dastatzeko aukera izan zuten eta mokadutxo bat janez bukatu zuten bisitaldia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!