Munduaren beste aldetik etorritako Dallas Texans taldeko entrenatzailea esperientziarekin gustura agertu zen. Partida hasi aurretik zera zioen: “Hiru egun daramatzagu hemen, mutilak gustura daude eta esperientzia honetan ondo pasatzen ari gara. AEBtakoak izanik, noski, ez dugu Urnietako taldea ezagutzen, baina atzo ondo jolastu zuten eta, beraz, partidarako gogoz nago. Espero dut partida hau ere atzokoa bezain ona izatea”.
Ez ziren gogotsu zeuden bakarrak, Urnieta KE taldeko gaztetxoak ere jokatzeko irrikaz baitzeuden, urduri egon arren: “Hiru aste daramatzagu entrenatzen Donosti Cuperako. Atzo galdu egin genuen, baina gaur gogotsu gatoz, irabazteko asmoz”. Beldur apur bat zieten amerikarrei, baina zelaira indarrez eta kementsu atera ziren. Zoritxarrez, 2-1 galdu egin zuten.
Donosti Cup nazioarteko futbol txapelketaren 23. edizioan lau egunez partidak jokatu dira Urnietan. Aurten, lehiaketan 22 herrialde ezberdinetako 423 taldek hartuko dute parte. Uztailaren 6an hasi eta 12an amaituko da, bitarte horretan mila partidatik gora jokatuz. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehen fasea astean zehar izango da. Ostegun eta ostiralean, berriz, azken txanpa eta kontsolazio partidak jokatuko dira; eta azkenik, larunbatean Anoeta estadioan finalak jokatuko dira.