Donejakue bidean barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 11a, 11:45

Uda hasieratik oporraldiari zukua atera nahi izan dion laukoteak mendiko botak jantzi eta Donejakue bidea egiteari ekin zion. Kostako bidea aukeratu eta lau gazteak Donostiatik irten ziren, Zumaiarako bidean. Lehen egun hartan Maialen Miranda, Adriana Ugarte, Nerea Zubimendi eta Andrea Legarra abiatu ziren. Nereak lehen etapa osatu zuen eta gainerako hirurek lau egunetan 108 kilometro egin dituzte oinez.

Honako etapak, hurrenez hurren: Donostia-Zumaia, Zumaia-Markina Xemein, Markina Xemein-Gernika eta Gernika-Bilbo.
Egun horietako zeharkaldia sare sozial ezagun batean aditzera eman dute, argazki bidez. Esperientziaz galdetuta, Andrea Legarrarentzat ahaztezina izan da, “zirraraz betetako lau egun izan dira, denetik bizi izan dugu: zoriontasuna, nekea, gosea, beroa, poza, indarra, elkartasuna...”. Goizean irten eta egun osoan oinez ibili ondoren, atsedena gogoz hartzen zutela gaineratu du, “eguneko unerik onena aterpetxera iristen ginenekoa izaten zen. Egun osoan bizi eta egindakoaz jabetzen zinen eta izugarrizko bizipoza sentitzen zenuen, hurrengo egunerako gogoz!”.
Urnietan aspertuta eta Donejakue bidearen zati bat egitea erabaki zutela dio Adriana Ugartek, “ondoen irteten diren bidaiak minutu gutxitan antolatutakoak izaten direla diote. Hau ere horrelaxe izan zen, aspertuta geunden arrats batean erabaki eta hurrengo egunean motxila jantzi genuen”. Ibilaldi luzeak burutzeko norberaren gaitasuna eta indarra proban jartzeko baliagarri izan dela dio, “kideetako bat gaizki jarriz gero, beti genuen alboan bat laguntza eskaini eta taldeak aurrera egitekonorbait. Eta azkenerako, denak eman diogu laguntza elkarri. Hori baita honelako esperientziekin ikasten den altxorrik preziatuena, laguntasunarena”. Bizitzan oroimenean gordeko diren esperientziak burutzeko maiz ez da gauza handirik behar. Gazte hauek botak jantzi eta ibilaldi ederra egin zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!