“Gu ere bertsotan” ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 11a, 11:42

Unai Muñoa bertsolari lasarte-oriatarra da “Gu ere bertsotan” programa Buruntzaldeako ikastetxeetan gidatzen duen pertsona. Bertsolaritza eta ahozkotasuna ez ezik, hezkuntzarekin lotutako beste zenbait arlo lantzea du helburu. Programa hori Buruntzaldeko Udal zein ikastetxeen eta Bertsozale Elkartearen arteko elkarlanari esker burutzen da.

Zer da “Gu ere bertsotan” programa?
Unai Muñoa: Bertsozale Elkarteak “Bertsolaritza eta ahozkotasuna” izeneko proiektu pedagogikoa jarri zuen abian Euskal Herri mailan orain urte batzuk, eta “Gu ere bertsotan” horren jarraipena da. Bertsolaritza hezkuntza arautuan lantzea du helburu nagusi. Hausnarketa jakin batek eraman zuen proiektu hori burutzera: alegia, bertsogintzarekin lotutako kultur transmisioa familian ez zela iraganean bezain natural ematen ari. Horrez gain, argi dago bertsolaritzak bide ematen duela gazteek euskararekin harreman ludikoa landu dezaten, eta aldi berean, euren garapenean beste zenbait onura gerta daitezen, esaterako, irudimenerako, diskurtso baten eraketarako edota memorizazio gaitasuna garatzeko.   

Nori zuzenduta dago?
U.M.: Era guztietako ikastetxeak hartzen dute parte programa honetan, baita hizkuntza profil ezberdinekoek ere. Hiru urteko iraupena du berez, eta esaterako, halaxe egiten da Urnietan, LHko 5-6 mailatan eta DBH1-en. Andoainen, ostera, bi urtetara murrizten da. Ander Lizarralde eta Alaia Martin Urnietan aritu dira aurten; neu Andoainen.

Zein asmorekin joaten zara ikasgeletera?
U.M.: Esan nezake eboluzionatzen joan naizela, eskarmentuak horretara bultzatuta. Hasierako urtetan itsutuago nabilen bertsolaritzaren beraren transmisioan; hala nola, arauak eta egiturak jakinarazi, bertsoekin jolasak egin, komunikazio gaitasuna landu... Asmo horiek denak helburu izaten jarraitzen dute, baina bertsolaritza tresna gisa ikusten dut gehiago. Tresna, gazteen heziketarako. Bertsolaritza azken batean komunikazioa denez, alderdi pertsonalak lantzeko aukera ematen du; esaterako, emozionala.

Zer moduz hartzen dute ikasleek bertsolaritzako ordu hori?
U.M.: Adin onekoengana hurbiltzen gara, berez. Nerabezaroaren aurreko urteak dira, urte konplikatuak; alegia, gauza askoren aurka (baita bertsolaritza) jartzeko urteak. Oraindik ez dituzte identifikazio edo moda kontuak barneratu, eta jarrera irekiagoa agertzen dute. Gainera bertsolaritza, beste ikasgaiak ez bezala, ez da ebaluatzen. Nire aldetik, klasean umorea txertatzen saiatzen naiz, jakinda ordu gehienak gai akademiko eta formalekin igarotzen dituztela. Aurpegi berri bat naiz eurentzat, arnasaldi bat hein batean. Bada, testuinguru horretan, “espazio” umoretsu eta aske bat sortzen saiatzen naiz.

Oso gustura sumatu ohi dira ikasleak urtero antolatzen duzuen Basteroko emanaldian...
U.M.: Prestatze lan handia egiten dugu aurreko asteetan. Beraiek egiten dute guztia: gaien hautaketa, gidoia, janzkera, bertsoen sormena... Ehunka ikusle biltzen dira Basteron, eta neuk nire aldetik batez ere arlo komunikakatiboa azpimarratzen dut. Ikusleengana modu eraginkorrean iristeko laguntza eskaintzen diet.

Bizpahiru urtez zuekin aritu ostean, Andoaingo ikasleek badute pauso bat aurrera egiteko aukera orain...
U.M.: Halaxe da, Jon Beloki irakasle duen bertso eskola sortu baita aurten 6. mailatik gorako ikasleentzat. Arkatza eta papera erabiliz idatzizko bertsogintzan trebatzen ditugu ikastetxean, eta hortik aurrera bapatekotasunerako pausoa eman nahi duen ikasleari ezin egokiago datorkio bertso eskola berri hori.

Andoaingo helduen bertso eskolako irakasle zaitugu...
U.M.: Iaz jarri zen abian eskola, hamar lagunekin, nor bere maila eta interesekin; pare bat euskaldunberri ere bai tartean. Hezkuntzako haurrekin bezala hasi ginen ia-ia, oinarrizkoena azalduz, arauak, errimak, oinak... Aurten oraindik makuluekin ibili dira; paperaren laguntza daukate bertsolariek buruz egin ohi dituzten ariketa eta estrategiak burutzeko. Nolanahi ere, bapatekotasunerako bidean goazela, hurrengo ikasturtean sakonduko dugu. Eskola hori edonori irekita dago, baita hutsetik hasi beharko lukeenari ere.

Sorozabal eta Mendiluzeri eskainitako esker oneko ekitaldiaren antolaketan parte hartu duzu aurten...
U.M.: Oso modu baikorrean baloratzen dut ekimena, pertsonalki. Oso lantalde polita sortu zen ekitaldiaren inguruan (Udaleko euskara zinegotzia eta teknikaria, AEK, Aiurri, bertso eskola...). Eta batez ere, benetako luxua izan zen ekitaldia bera: plazetan elkarrekin nekez ikus daitekeen bertsolari belaunaldi bat (Sarasua, Telleria, Peñagarikano, Loidisaletxe...) biltzea lortu zen, eta merezitako aitortza egin zitzaien Mendiluze eta Sorozabali, herriko bi bertsolari handiei.

Esan al daiteke Andoainen bertsogintza loraldia bizitzen ari dela?
U.M.: Baietz esango nuke. Forma hartzen ari den mugimendua da, gero eta indartsuagoa. Azken hamarkadatan oso sendo aritu diren inguruko herrien (Hernani, Lasarte...) kontrako joera bizitzen ari da, eta pozgarria da hori. Agian ez da egokia pertsonifikatzea, baina esango nuke behetik gorako dinamika horretan gakoa Ion Beloki bezalako kultur eragileengan dagoela.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!