Zaharrak berrituz azoka, parte hartzea goruntz doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 11a, 11:39

Inoiz baino herritar gehiagok jarri zuen postua Andoaingo bigarren eskuko produktuen azokan.

Postua ipini zutenen iritzi bilketa:

Hamar urte bete ditu Zumea plazan egiten den “Zaharra berrituz” izeneko azokak. Saltzaile eta erosle kopuruan goruntz doa eta arrazoiak ezberdinak izan daitezke: berrerabilpenaren alde jokatu nahia, etxean tokirik ez duten objektuei aterabidea ematea, xoxak irabazteko asmoa..., nork bere arrazoiak edukiko ditu. Aiurri astekariak azokako mahai guztien artean bost kide edo talderen iritzia bildu zuen.

Faustino Julio andoaindarrarentzat lehen aldia izan zen, “gauza berria da niretzat jendaurrean saltzaile gisa jartzea. Zer dela eta animatu naizen? Praktikotasunagatik, lehenengo eta behin. Erabiltzen ez ditudan objektuak dauzkat etxean eta zaborretara bota baino, nahiago dut inguruko jendeari eman, diru irabazi asmorik gabeko elkarteren bati eskaini edota salgai jarri. Bestalde, atsegin dut birziklapenaren inguruan azoka honek urtez urte sortzen duen giroa, eta noizbait bertan parte hartzeko gogoa banuen.
Arropa, irudi propagandistiko bereziren bat duten metxero zaharrak, argazki zaharrak, patrikako eleberriak, apaingarriak..., denetik daukat nire mahaian. Salmentari dagokionez, bada, ez nuen espero baina pare bat bildumazale etorri zaizkit eta metxero eta nobela mordoa eraman dituzte. Arreta piztu dit mota horretako bildumazaleak izan badirela ikusteak. Begia zorroztuta ibiltzen dira mahaitik mahaira”.
Haur, gazte eta helduen topaleku bilakatu da “Zaharrak berrituz” bigarren eskuko produktuen azoka.

Jomes Oiartzun (osaba) eta Jone eta Asier (ilobak)
“Osabak azokan parte hartzea proposatu zigun, handitzen ari ginela eta gauza asko baztertuta geneuzkala esanez. Etxeko ganbara husteari ekin genion horrela, alferrik geneuzkan gauzak salgai jartzeko asmoz. Denetik ekarri dugu Jone arrebak eta biok: liburuak, bideoak, jostailuak, sukaldeko tresnak...
Salneurri merkeak jarri ditugu, 50 zentimoko Gartxot bideotik hasi eta 16 euroko oinak masajeatzeko tramankulura bitarte. Niri, pertsonalki, pena pixka bat ematen dit Gormitiren liburua salgai jartzeak, baina bestalde, uste dut berarekin irabaz ditzakegun sosek edozein atsekabe arindu dezaketela”.

Enkarni Cuesta eta Axun Jauregi
“Etxeko armairuetako ateak aldez alde ireki, eta aspaldian erabili gabe eta ahaztuta genituen arropak aukeratu ditugu. Udari begirakoak izan daitezen saiatu gara: gonak, galtza motzak, poltsak... Horiez gain, gure seme-alabei jostailuak eskatu dizkiegu, pieza txikiekin eraikitzekoak direnak batez ere. Horiek emandakoen artean, harrituta geratu gara zenbateko arrakasta daukaten auto txikiek! Legoak ere dezente saldu ditugu oraingoz.
Aurreneko aldia da merkatu honetara gatozela. Urnietakoak gara eta han ezagutzen duguna artisautza eta bigarren eskuko objektuekin neguan egiten den azoka da. Probatzera gatoz eta harrera ona edukiz gero, gustura errepikatuko genuke!”.

Ane Miren Gantzarain eta Irene Pinto
“Geure etxeetan lekua alfer alperrik kentzen zuten gauza asko ekarri dugu azokara. Aukera polita ematen digu azoka honek: etxeko bazterrak libratzen ditugu, eta bidez batez, diru pixka bat eskuratzen dugu; ezin hobe datorkigu uda denboran xahutzeko! Batez ere gure haurtzaroaren zati bat markatu diguten objektuak, ondo erabili izan ditugunak jarri ditugu salgai: jostailuak eta liburuak. Ordubete da mahaia ipini dugunetik eta oraingoz salmenta ondo doakigu”.

Esther Imaz
“Munduan zehar (Nikaragua, Kolonbia, Venezuela...) garapen egitasmoak bultzatzen dituen gobernuz kanpoko elkartea da ELAN Euskadi, eta  bertako kide naiz ni. Haren izenean etorri gara lagun bat eta biok. Postuan jarri ditugun objektu guztietatik, soilik mundua proportzionalki azaltzen duen Petersen mapa kartografikoari jarri diogu salneurria. Nahiago dugu erosleak balora dezan zenbat diru utzi nahi duen begiz jo duen objektu horren truke. Kontsumo arduratsua bultzatu nahi dugu azken batean; alegia, objektuek gure bizitzan daukaten balioaz nork bere azterketa egin dezala sustatu nahi genuke”.
Aiurrik bildutako lekukotzak ikusita, azoka antolatzeko arrazoiak bizi-bizirik daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!