"Oso gustura egindako lana izan da Zizurkilgoa"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 8a, 12:10

Karlos Zabala artista usurbildarraren muralak kolorea eta bizitasuna emango dio laster Elbarrenako plaza berriari. Herriaren izaera islatuko du zeramikazko irudien bidez. Uztaialren erdialdera hasiko dituzte murala jartzeko lanak.

Jarraian, Karlosi egindako elkarrizketa:

Zuk egindako murala ikusiko dugu laster Zizurkilgo plaza berrian. Nola iritsi zitzaizun proposamena?

Plaza berriari forma ematen ari zirenean, Udaleko kideei egokia iruditu zitzaien kolore pixka batekin beste ikutu bat ematea. Eraikuntza lanak egiten ari zen enpresako kideei ideia hori azaldu zietenean, Orion egindako muralaren antzekoa jartzeko aukera aipatu zuten. Neronek egindakoa da Oriokoa eta deitu egin zidaten. Lehen proposamena landu nuen, estikoki oso polita zena, baina herriarekiko lotura handixeagoa behar zuena. Lan hauek betirako geratzen dira eta ez da alderdi estetikoa kontuan hartu behar den bakarra. Herriaren kodeak zaindu behar dira, tokian tokiko izaera. Pixkanaka, lana zehaztasun handiagoa hartzen joan zen, egun duen izaera izatera iritsi arte.

 

Nolako lana da Zizurkilen ikusiko duguna?

Plazaren aurrealdean geratzen den paretean jarriko dugu murala.  Horma horrek 1,80 metro inguruko altuera du punturik garaienean eta 50 zentimetro ingurukoa baxuenean. Zeramikaz egindako irudiak jarriko ditugu bertan, eszena deskriptiboa osatzeko.

Koadroak margotzea baino gehaigo interesatzen zait kalean egongo diren lanak egitea. Margolan bat amaitzean, etxe batean sartzen da eta hortxe bukatzen da bere bizitza. Niri, ordea, gehiago interesatzen zait egiten duzun lan horrek jendearekin duen harremana ikustea eta sentimentu baikorrak azaltzea. Usurbilen, esaterako, badago nik egindako beste mural bat, eta asko gustatzen zait umeek ikutu eta musukatzen dutela ikustea. Horixe da nire helburua. Zizurkilen ere aukera hori izango dute. Helduok muralaren ikuspegi orokorra jasoko dezakegu, baina umeek, beraiengandik gertu dauden figurak ikusiko dituzte. Oso harreman polita sortzen da umeen eta irudi horien artean.

 

Nolako irudiak bilduko ditu?

Haurrek egindako marrazkien estiloa gordetzen duten irudiak dira. Denok pasa gara marrazteko modu horretatik; denok elkartzen gaituen zerbait da marrazki mota hori. Estilo hau erabiliz, oso erosoa izan da niretzat komunikatzea. Heldutan egiten ditugun marrazki landuak askoz ere serioagoak direla uste dugu, baina adierazten ditugun sentimentuak berdinak dira. Margolanetan hasi nintzen mota horretako irudiak sortzen; hortxe dago estilo honen iturburua. Oleoan egindako lan haietan, bilaketa bat egiten hasi nintzen eta urte askotan egindako bilakaera horretatik sortu da estilo hau. Etxean badut duela hogei bat urte margotutako oleo bat, estilo honen hasiera markatu zuena. Oso gogoko dut margolan hori.

Plazarako igoeran animaliatxo ezberdinak agertuko dira; atak, oiloak, txoriak... Hormak altuera handiena duen gunean, herrian garrantzia handia duen elementu batek presentzia handia hartuko du; Oria ibaiaren gaineko zubia. Villabona eta Zizurkil batzeaz gain, garrantzia historikoa izan duen zubia da, eta oso beharrezkoa zen hori muralean agertzea. Ibaiko natura berreskuratzeko beharra ere aldarrikatu nahi dut animali ezberdinak jarrita.

Pertsonaia ezberdinak ere ageri dira, noski. Ezkerraldetik hasita, lehendabizikoak etorkinak izango dira, jatorri ezberdinetatik herrira iristen ari direnak. Ondoren, arrantzale bat azalduko da, ibaia garbia dagoela adierazteko. Txikitero koadrila ere irudikatuko dut eta ondoren, festa giroan murgildutako pertsonaiak azalduko dira; trikitilariak, dantzariak, melokotoia..., Hormaren eskubi aldean, Zizurkil goia irudikatuko dugu. Pedro Mari Otaño agertuko da lehendabizi, Txepetxa liburua eskuan duela. Herri kirolak ere islatuko ditut muralean, baita Zizurkil Goiko azoka berezia eta baserri giroa ere.

 

Zaila izan al da sortze prozesua?

Ez. Lehen hariari nondik tira jakinez gero, erraza da. Alderdi teknikoak ere kontuan hartu behar dira horrelakoetan; konposizioa nola egin, gunearen tamaina, etab. Oso gustura egindako lana izan da Zizurkilgoa eta hori, azken emaitzan nabaritu egingo dela uste dut. Herriko puntu garrantzitsuan jarrita egongo da murala eta betirako izango da, horregatik, ondo landutakoa izan da. 

 

Nolako prozesua eskatzen du mota honetako mural bat egiteak?

Behin konposizioa egindakoan, irudi bakoitza marrazten hasten naiz. Eskalan egiten ditut marrazki guztiak eta hortxe zehazten dut irudi bakoitzak zenbat pieza izango dituen. Marrazki bakoitza buztinera pasatzen hasten gara ondoren Amaia emaztea eta biok. Pertsona bakarrak egiteko, oso lan astuna da tailerrekoa eta horregatik aritzen gara biok elkarrekin. Pieza bakoitza bost aldiz pasatzen da gure eskuetatik: modelatu, moldetik atera, lijatu, labean erre, berriz errepasatu, esmaltea eman, eta berriz labera. Pieza bakoitzak bere kodea darama atzean, non jarri behar den jakiteko. Izan ere, pieza guztiak ezberdinak badira ere, badira oso antzekoak direnak ere; pertsonaien eskuak, esaterako.

Egitura oso originala da, ez dut beste inon ikusi zeramika modu honetan erabiltzea. Horrek beste balio bat ematen dio. Nik adierazi nahi nituen gauzak adierazteko materialik egokiena zeramika zela iruditu zitzaidan bere garaian, eta burubelarri hasi nintzen horretan ikasten. Lan bakoitzak bere teknika eskatzen du eta garrantzitsua da ondo ikastea.

 

Usurbil eta Orion badaude antzeko lanak...

Bai, Usurbilen jarri nuen lehendabizikoa, duela hamabi bat urte. Plaza berri bat egin zuten, baina emaitza oso grisa izan zen, eta kolorea emateko eskaera egin zidaten. Zeramikan egindako irudiak egin nituen eta arrakasta polita izan zuen. Ondoren etorri ziren Donostia eta Orioko muralak egiteko aukera. Oso ondo errespetatutako lanak dira. Usurbilen, lehendabiziko egunetan, zenbait pieza lapurtu zuten, baina laster amaitu zen joera hura. Jendeak gustuko dituela iruditzen zait. Oriokoa ere oso lan ederra izan zen, handia eta koloretsua. Semearen laguntzarekin jarri nituen piezak paretean.

 

Beste teknika artistiko askotan aritzen zara. Kontaiguzu...

Pintore eta eskulturgilea naiz berez. ETBrako ere lan egiten dut, eszenografia lantzen. Lan bakoitzak bere estiloa eskatzen du. Nire kontura joan naiz teknika ezberdinak ikasten. Bide bakoitzak ikasketa tekniko batzuk eskatzen ditu eta lan handia egin behar da hori lortzeko. Ez nago ezertan espezializatua, denetarik egitea gustatzen zait; momentuaren eta lanaren arabera. Egurrarekin, brotzearekin, burdinarekin, plastikoarekin, oleoarekin, akuarelarekin..., material ezberdin askorekin aritu izan naiz nire ibilbidean zehar.

Txiki txikitandik ibili izan gara, anaia eta biok, arte munduan murgilduta. Etxeko guztiak gabiltza arte munduan murgilduta.

 

Inguruko artistekin harremanik ba al duzu?

Etengabeko harremana mantentzen saiatzen naiz. Ni Irungoa naiz izatez, eta inguru hartako artista askorekin dut harremana. Mendiburu eta Sistiagaren laguna naiz; Usurbilen, Artze eta Zumeta. Basterretxea, Montes Iturrioz..., harreman estua dugu.

 

Noiz izango da ikusgai Zizurkilgo murala?

Dagoeneko prest daude pieza gehienak. Azken labekadak egiten ari naiz dagoeneko eta datozen egunetan, azken ikutuak emango dizkiet. Uztailaren erdialdera murala muntatzen hasteko moduan izango dudala uste dut. Irudiek erliebea har dezaten, piezak ez dira guztiz lauak. Horregatik, betelana egin behar da pieza bakoitzaren atzealdean. Ondoren, paretean itsastea besterik ez da geratzen. Denbora pixka bat behar izaten dute lehortu eta ondo itsatsita geratzeko. Lehenengo ordu horiek pasata, hantxe izango dira betirako. Noizean behin garbituz gero, itxura beretsua izango dute urtetan zehar.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!