“Hedabideen erronka ere haztea izan behar da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 4a, 13:46

Sari-banaketa ekitaldian Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Sailburuordeak hedabideen sektorearentzat mamitsuak diren adierazpenak egin zituen. Anbizioz jokatzeko deia egin zien hedabideei, autokonplazentzia alde batera utzita. “Eduki berriak eskaintzea da bidea, erronkak ere berriak baitira. Gauza berberak egiten emaitza berberak lortuko ditugu, eta ezin gara horrekin konformatu”.

Niretzat pozgarria da ekitaldi honetan parte hartzea, bi motiborengatik. Batetik, Rikardo Arregi kazetaritza sarien ekitaldi nagusia delako eta, bestetik, uzten didazuen bitartean niretzat hartzen dudan Andoainen nagoelako lagunartean.
Ezertan hasi baino lehen zorionak saridunei: Eider Goenaga eta bere taldeari, Garikoitz Goikoetxeari eta Beñat Zamalloari. Eta eskerrik asko epaimahaikideei, zuen lan zailagatik.
Nik ere epaimahaiaren sari berezian egin duzuen omenezko aipamenarekin bat egin, eta Aitor Renteria kazetaria, Txato, oroitu nahi dut. Elkarrenganako begirune handiko harremana izan genuen Txatok eta biok. Azkenekoz, bera zendu baino bizpahiru aste lehenago egonak ginen, Iparraldeko Hitzarako eta hango euskarazko beste hedabideetarako ere egin zidan/egin zidaten elkarrizketa luze eta atsegin bat tarteko. Bego jasota nire aldetik ere, Txato kazetari ekinaren aitormenezko oroitzapen hunkitua.
Kazetaritza Sari Nagusi honen testuinguruan, euskarazko komunikazioaz gogoeta bat partekatu nahi dut zuekin. Hil ala bizikoa da euskararentzat hedabideetan nor izatea. Joan den asteartean aurkeztu genuen, lehendakaria buru zela, legealdi honetako Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoa. Eta hor toki propioa du, jakina, euskarazko hedabideen jardunak.
Arlo honetan ere, nire ustez, arrakasta izateko gakoetako bat elkarlana da, herri-erakundeen eta hedabideen arteko elkarlana. Eta lankidetza hori arrakastatsua izateko gakoetako bat da, bakoitzak dagokiona eraginkortasunez betetzea. Gure iritzian, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egiteko nagusia arlo honetan da, komunikazioaren euskarazko kontsumoa sustatzea. Garbi esanda: ez gara konformatzen euskararen presentzia bermatzearekin; euskarazkoaren kontsumoa areagotzen eragin nahi dugu. Konbentzimendu bat dugu oinarrian: arlo honetako hizkuntza politikaren erdigunean, jarri, erabiltzailea, kontsumitzailea, euskarazkoaren kontsumitzailea eta kontsumoa jarri behar direla. Produktuaren kontsumoa (erabiltzaileak erabilia izatea, alegia), produktuaren beraren (eskaintza hutsaren) aurretik. Kontsumitzaileen apetak asetzen dituzten komunikazio-produktuak, irakurle eta ikus-entzuleen leialtasuna irabazten dutenak, eta irakurle eta ikus-entzule potentzialak erreal bihurtzen dituzten komunikazio-produktuak sustatzea da hizkuntza politikaren ikuspegitik eraginkortasunez aritzeak eskatzen diguna.
Joan zen ostegunean kaleratu genuen euskarazko hedabideentzako Jaurlaritzaren 2014ko diru-laguntza deialdia, nahi eta behar baino beranduago. Jaurlaritzak diru-laguntzen erreminta dauka euskarazko hedabideak eraginkorrago egiten laguntzeko. Urte asko pasatu dira, eta euskararen errealitatea asko aldatu da, asko, lehen aldiz diruz lagundu ziren proiektu haietatik. Gaur inoiz baino euskaldun gehiago gara, gehienak 35 urtetik beherakoak; erabileraren hazkundea eredu formaletan gertatu da bereziki, eta esaterako selektibitatea %68k egin du euskaraz; familia gehienetan badago euskaldunen bat gaur... Horiek lirateke euskarazko hedabideen bezero berriak.
Euskararen errealitate berriaren eraginez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren  helburuak ere egokitu egin dira. Eta uste dut hedabideen jarduna ere aldatzen joan beharko dela errealitate berrira egokitzeko, bezeroengana gerturatzeko eta bezeroak irabazteko, are gehiago bezero potentzialak hazten ari direnean. Agerikotasunari, eskaintza handitzeari, presentzia markatzeari lotuak zeuden lehen erronkak, baina bereziki erkidego honetan (bestelakoa da Nafarroa edo Iparraldeko egoera), pauso bat harantzago egin beharrean gaudela esango nuke.
Agerikotasunari batere garrantzirik kendu gabe, hizkuntza politikaren ikuspuntutik, egiten denak euskararen erabilerarako zer-nolako eragina duen da gaur interesatu behar zaiguna. Hori da eraginkortasunaren ikuspuntua. Ikuspuntu horretatik landu da atera berri den diru-laguntzen deialdia. Handia da egiten den diru ahalegina: 4.875.000 euro. Ez dugu ezagutzen inongo hizkuntza biziberritzeko prozesutan tamaina horretako ahalegin proportzionalik, ez dugu ezagutzen inon ere. Eta ahalegin horrek inpaktua bermatzeaz gain -edo gehiago- kontuan hartu behar du kontsumorako eraginkortasuna. Kontuan izan beharko genuke autokonplaziente izan gabe eduki berriak eskaintzea dela bidea, erronkak ere berriak baitira. Gauza berberak egiten emaitza berberak lortuko ditugu, eta ezin gara horrekin konformatu. Anbizio gehiago behar dugu.
Gure ardura da hedabideen deialdia egitea. Hedabideena da, produktua, enpresa egiturak eta halakoak birpentsatzea, eta gero eta ikus-entzule eta irakurle gehiagorengana heltzea. Azken horretan eragin nahi dugu dagokigun arduratik eta daukagun erremintarekin. Ez dira garai errazak hedabideentzat ere, baina euskararen ezagutza hazi eta hazi ari delarik, hedabideen erronka ere haztea izan behar da. Askotariko bezero multzo berrietara zabaldu eta horiek irabaztea dagokiela uste dugu, eta horretarako bidelagun izango dute hedabideek Eusko Jaurlaritza. Elkarlana baizik ez baita eraginkortasunerako bidea. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzakook ondoan izango gaituzue, eta Tokikomek eta Hekimenek dakiten bezala, aurreratu genezake hedabideen egonkortasunean pentsatuz ahal bezain pronto urte anitzeko deialdia egitea dela asmoa.
Hilabeteak ditugu aurretik elkarlan zintzorako eta egon daitezkeen iritzi ezberdinak mahai gainean jartzeko.
Bukatzera noa, zorionak saridunei. Mila esker Andoaingo Udalari beste hainbat gehiagotan –dagoeneko XXVI. edizioa da– saria eratzen egin duzuen ahaleginagatik. Ahalegin honetan Eusko Jaurlaritza ondoan izango duzue, etorkizunean ere. Mila esker epaimahaikoei eta mila esker guzti-guztiei zuen arretagatik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!