Berriako kazetariak nagusi Rikardo Arregi sarietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 4a, 13:46

Euskarazko egunkariko kazetariak nagusitu dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien azken edizioan, aurreko larunbatean Basteron buruturiko ekitaldian. Berria egunkariko lan taldeak eskuratu zuen Sari Berezia, “GAL 30 urte” multimediako lanagatik. Berriako kazetari den Garikoitz Goikoetxeak Kazetaritza Berria saria, eta azkenik, Beñat Zamalloa freelance kazetariarentzat izan zen Sari Nagusia.

Eider Goenagak koordinatutako Berria hedabidearen lan taldeak eskuratu zuen epaimahaiaren Sari berezia, webgunean abian jarritako “GAL 30 urte”  izenburupeko lanagatik. www.berria.info gunean GAL-en historia kontatzen da, atalez atal: atentatuen zerrenda, kronologia, hemeroteka, elkarrizketak... Epaimahaiaren iritziz, lan mardula da, “noizbait egin behar zena, kazetaritzak gizartearekiko konpromiso irmoa baitu: gertatukoaren irudi poliedrikoaren berri ematea, herritarrak egiara hurbilduko dituena”. Multimendian egindako saiakera interesgarria onetsi zuten.
Eider Goenagak jaso zuen saria, taldearen izenean. Berriki zendu den Aitor Renteria “Txato” kazetaria ekarri zuen gogora. Renteriarekiko zorra kitatzeko beharra adierazi zuen. “Lan honetan zutabe garrantzitzua izan da Txato. Azken batean, erabateko inplikazioa eduki du egitasmo honetan. Ihes egin behar izan zuen 80ko hamarkadan; GALen garaia zuzenean pairatu behar izan zuen, eta lagunak atentatuetan nola hiltzen ziren ikusi zuen”.  Epaimahaiak ere Renteriaren “luma zorrotz eta jantzia” omendu nahi izan zuen.
Garikoitz Goikoetxea elduaiendarra nabarmendu zuen epaimahaiak 27 urtetik beheko kazetariei zuzentzen zaien sariaren atalean. Berria egunkarian, Harian atalean Goikoetxeak osatu zuen biztanleriaren inguruko erreportai saila aipatu zen horretarako. Datu kazetaritzaren adibide eredugarria saritu nahi izan zen, “era horretako datu-bilketa balioan jartzeko garaia iritsi baita. Lehenengo kolpean gaia idor samarra suerta dakioke irakurleari, baina jorratu duen moduak interesgarri, argi eta erraz bilakatu du”. Datuen tratamendua ere goretsi zuen, “zorrotza datuak emateko unean, baina irakurtzeko eta interpretatzeko errazak izatea lortu du”.
Azkenik, Beñat Zamalloak jaso zuen Sari Nagusia, bertsolari txapelketari 2013ko irailetik abendura bitarte egindako jarraipenagatik, eta horretarako hainbat genero landu izanagatik zenbait hedabideetan. Hain zuzen, aipatzekoa da Zamalloaren ekoizpen joritasuna: Berria egunkarian erreportaje eta kronika ugari, Berria TBn bertsolariei elkarrizketak, Akordua blogean protagonisten esana eta gogoetak, Bizkaia Irratian Puntua izeneko irratsaio berezia, Hamaika Telebistan Oholtzapea saio berezia, Radio Vitorian Errota irratsaioa, Twitterren unean uneko informazioa, ikus-entzunezkoak bertsolarien elkarrizketekin...
Kazetaritza espezializatuaren aldeko apustua eginez emaitza bikaina lortu izana azpimarratu zuten epaimahaikideek. “irakurle zein entzule ororengana iristeko, lehiaketaren ikuspegi osatua, koherentea eskaini du, enfoke ezberdinak jorratuz: protagonistak, giroa..., periferiaren ikuspegitik muinera eraman gaitu”.
Mezuz beteriko ekitaldia
Ainara Rodriguez euskara zinegotziak eta Arantza Aguado Udal euskara teknikariak, eta Allande Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deograciasek osatu dute aurtengo epaimahaia.
Kike Amonarrizek aurkeztu zuen ekitaldia, eta Ana Carrere Andoaingo alkateari eman zion hitza, lehenengo eta behin. Ekitaldira bertaratu ziren guztiei ongietorria eman ostean, ezinbestekotzat jotzen dituen bi ideia zabaldu nahi izan zituen. Lehendabizikoan, "euskaraz bizi nahi dugula" aldarrikatu nahi izan zuen. Desio hori egiaztatzeko bidean, erakunde publikoak hartu zituen ahotan: "Bada garaia ardura publikoa dugun ordezkariok premisa hau lau haizetara zabaltzeko. Esan beharrik ez dago prentsak, irratiak, telebistak eta azken aldian eskura ditugun tramankulu tekonologikoek zenbateko lekua betetzen duten egungo jendartean. Mundua ulertzeko lagunduko digun euskarazko informazioa behar dugu. Honenbestez, euskaraz aritzen zareten hedabideei ahal ditugun baliabide guztiak -batez ere ekonomikoak- zuen eskura jartzea ezinbestekoa da".
Euskal hedabideei zuzendu zien bigarren ideia, "munduan gertatzen dena kontatzea, jakinaraztea da zuen egitekoa, eta euskaraz egiten duzuen heinean -txingurri baten eran-, izugarria da egiten ari zaretena. Euskal Herri euskalduna ulertzeko zimentuak eraikitzen ari zarete, eta beraz, jarrai ezazue lan horretan!".
Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman zizkion mintzaldiaren amaieran. "Eskerrak sariketa hau posible egiten duen laguntza emateagatik. Urtez urte horrekin kontatu dugu, eta espero dugu etorkizunean ere elkarlanean jarraitzea".

Kritikak erakunde publikoei
Bidean laguntzaile izan dituzten pertsonekin esker oneko azaltzeaz batera, euskal kazetaritzak bizi duen kinka larria izan zuten mintzagai Garikoitz Goikoetxeak zein Beñat Zamalloak. Alde horretatik, erakunde publikoei begira jarri ziren, kritika egiteaz batera, elkarlanerako gonbitea luzatuz.
Honako mintzaldia egin zuen Goikoetxeak: “Badakigu krisian gaudela eta, egokitu beharra daukagula euskal hedabideok; badakigu jende gehiagorengana iritsi behar dugula, eta saiatzen ari gara horretan. Baina ahalegin bera eskaitzen diet beste batzuei ere. Uste dut adostasuna lortzeko garaia dela. Euskarak berak eskatzen digula elkarri ateak irekitzen hastea. Euskararik ez daukaten begietan eta belarrietan mespretxua eta desinteresa asko dabil, eta bereziki mingarria egiten zaigu mesprexu hori. Garaia da euskalgintza sozialaren eta administrazioaren artean josten hasteko, eta ez dira liskarrari ekiteko garaiak. Euskal hedabideak ari gara sare batzuk josi nahian, hor dago Hekimen egitasmoa eta baita beste zenbait ekimen ere. Eutsi diezaiogun horri eta ez gaitezen elkarren kontra mokoka jardun. Sinets iezadazue horren berri pozarren emango dugula euskaraz ari garen kazetari guztiok”.
Zamalloak, bere aldetik “Erakunde publikoek herri ekimeneko hedabideak behar adina eta behar moduan ez babesteak” galdera sortzen ziola, aitortu zuen. “Herri ekimeneko hedabideek ardura publikoz betetzen duten kazetaritzaren funtzio publikoa aintzat hartuta, nolako herritarrak nahi dituzte agintari politikoek? Euskaldunak nahi ote dituzten izan liteke lehen erantzuna eta jarrai lezakete galdera erantzun ditzaketen izkin guztiak erantzuten. Zintzoki eta erantzukizun publikotik. Kezka aspaldikoa denez, dagoeneko ondorioztatu dugu aurrera egiteko jarrera ez dela nahikoa, hedabideak uneoro ari direlako baliabideak muturreraino eramaten (txapelketan kasu), uneroro ari direlako berritzen eta gizartearen abiadura egokitzen. Besteak beste, herri ekimeneko hedabideak behar eta beharko ditugu etorkizunean euskal kulturaz izenondorik gabe ari gaitezen nahi badugu bederen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!