Inoiz baino gehiago, Gora Kaletxiki

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 4a, 13:44

Sanpedroak kaletxikitar bakoitzak bere barrenean duen auzoarekiko harrotasuna ateratzeko aproposak dira. Auzotarrek bereziki auzoa eta Ama Kandida maite dituzte, biak ere gogo biziz. Aurten auzoa eta santua goratzeko hitzordurik ez da falta izan. 2014ko jaietan, ordea, protagonismo berezia hartu du Gora Kaletxiki txarangak. Sortu zeneko hamargarren urteurrena ospatu zuten.

Gora Kaletxiki auzoa, jaietan maiz entzuten den esaldia da. Esaldia izen bilakatu da auzoan sortu zen txarangaren kasuan. Eta aurtengoa jaietan esan nahi berezia hartu du Gora Kaletxiki txarangak, sortu zeneko hamar urte bete baitira. Igandean kalejira egin zuen auzoan barrena, plazara iritsi aurretik. Joxe Ramon Berrondok sorrera gogoan izan zuen taula gainetik eskaini zuen hizketaldian: “Gutako batzuk Jesus Ibañezen deia jaso genuen, auzoan aritzeko. Etorri ginen, eta baita gustura egon. Hurrengo hiru urteetan etortzen jarraitu genuen eta orduan talde hau egituratzea erabaki genuen. Modu finkoan entseatzen hasi ginen horrela. Oholtza gaur egun beteta dago, asko garen seinale. Hiru belaunaldiren topagunea da gurea. Gure helburua Andoain musikaz alaitzea da, horregatik festa gehienetan parte hartzen dugu”.
Sei musika doinuz osaturiko kontzertua eskaini zuten taula gainean. Andoaingo ereserkia eskaini aurretik, txaragako kideek Jesus Mari Ibañez eta Fernando Uribesalgo omendu zituzten. Txarangaren bi zutabeak dira, bata lehendakaria eta bestea zuzendari musikala. Haien aldeko hitzak eskaini zituzten, eta ikusleek txalo zaparradarekin erantzun zuten. Oroigarri bana oparitu zizkieten, gertuko senitartekoen eskutik. Amaitzeko, Joxe Mari Oiartzabal musikariak sorturiko bertsoa abestu zuten.
Omenaldi ekitaldia izan zen aurtengo jaietan oroituko den hitzorduetakoa. Gainerakoan jaietan interes handia pizten jarraitzen du sagardo lehiaketak edota elkarteen arteko desafioak.
Auzoa txikia izanik ere, festak handiak dira. Gora Kaletxiki oihu klasikoa entzuten jarraituko da urte osoan zehar, 2015eko sanpedroak iritsi ahala geroz eta ozenago entzutera iritsi arte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!