Jaiaren antolatzaileek ospakizuna beste baterako utziko zutela iragarri eta aste gutxira, bigarren saiakeraren berri eman dute. Larunbat honetan izango da, uztailaren 5ean. Etxeberrietarrek zelaia erbiltzeko gonbitea luzatu nahi dute, denona denez eta denek erabiltzeko aukera dutenez.
Aurreko ospakizuna iragartzeko antolatzaileek adierazitakoa berriro gogora ekartzea ez dago sobera. Maiatzaren hasieran adierazi zutenez, egun horretarako arau bakarra belardiaz disfrutatzea da. “Festa honek aldarrikapen bat egin nahi du, zelai hauek oinezkoentzat ere izan daitezen”, zioen Jone Larrañaga auzokideak.
Bada beste helburu bat, Andoni Etxezarretaren esanetan, “programak ez du helburu handirik, belardiaz disfrutatzea soilik. Oso ekintza xumeak egingo dira; haurrak eta helduak elkartu, eseri, afaldu, hitz egin, egon...”. Horrenbestez, zelaiaz disfrutatzeko filosofiarekin etorri behar dute gerturatzen direnak.
Larunbateko festaren ondoren zelaia betetzen bada, antolatzaileek helburua betetzat joko dute.