Taupadaz taupada

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 4a, 13:42

Andrea Corman andoaindarra eta Estibalitz Aldayturriaga hernaniarra bihotzarekin lotutako arazoren batekin bizi dira txikitatik. Bizimodu ahalik eta normalena egiten saiatzen dira, nahiz eta maiz igaro behar izan ebakuntza-gelatik. Santiagoko bidearekin lotutako egitasmoa prestatzen ari dira irailerako.

Zein da zuen kasua?
Estibalitz Aldayturriaga: Bihotzeko arazoekin jaio ginen. Nork bere kardiopatia mota jakin bat dauka. Bakoitzak bere tratamendua jarraitu behar izaten du (operazio kirurgikoak, botika hartzeak egunero...). Artean, niri, hiru ebakuntza egin dizkidate Gurutzetako ospitalean, eta egunean pilula bat hartu behar izaten dut.
Andrea Corman: Nire amaren sabalean nengoela jada kardiopatia antzeman zidaten. Niri bost ebakuntza egin dizkidate oraingoz, denak Madrilen, eta egunean hiru pilula hartzen ditut.

Ebakuntza askotxo dira, ala?
A.C.: Bai, baina beharrezkoak izango dira. Gertatzen da geure bihotzarentzat mesedegarriak diren arren, gero beste zenbait gaixotasun sortzeko arriskua egoten dela.

Bizimodu mugatu samarra egin beharko duzue...
A.C.: Etzazula pentsa! Ahalik eta bizimodurik normalena egiten saiatzen gara. Mota guztietako kirolak praktika ditzakegu, beti ere gure gaitasun fisikoek muga non duten jakinda... Adibidez, txikitan, gimnasia erritmikoa egiten nuen, lehiaketen dinamikan ere murgildu nintzen, baina behin lehen ebakuntza egin zidatenean kirol horretatik erretiratzeko agindu zidaten, zer gerta ere...
Azken batean, pertsona bakoitza mundu bat den bezala, nork bere bihotzeko gaixotasuna dauka. Hortik aurrera, ez dakizu ziur non dauzkazun mugak. Arazoarekin elkarbizitzen ikasten da, eta egunez egun ezagutzen goaz norberak izan ditzakeen mugak.
E.A.: Lehengo batean, adibidez, lagunekin Adarra mendira abiatu nintzen. Ondo nindoan tipi-tapa, baina erdibidean, hor non sentitu nuen halako nekea; atseden txikia hartu, ura edan eta jarraitu nuen besteekin, normaltasunez.
Edozein gaztek egiten dituen gauzak egiten ditugu kasik. Terrorezko edo suspentsezko filmak ikusi, atrakzio parkeetako zenbait jokoetan parte hartu eta besteetan ez... Begi bistara, beste edozein gazterengandik desberdintzen gaituena gorputzean dauzkagun orbanak dira.

Zuena gaixotasuna arrarotzat har al daiteke?
A.C.: Ez gara ugari, baina gurea ez da arrarotzat hartzen. Dakigularik, Andoainen adibidez, bi urteko haur batek antzeko patologia dauka.  

“Menudos Corazones” elkarteko kideak zarete. Zein helburu du elkarteak?
E.A.: Espainia osoan funtzionatzen duen elkartea da, eta kardiopatiako arazoren bat daukaten seme-alaben gurasoei laguntza eskaintzen die, psikologikoki, ekonomikoki, logistikoki... Kardiopatia ez da arazo kirurjikotzat hartu behar soilik, eta horrexegatik, familiei era guztietako adituak eskaintzen saiatzen da (fisioterapeutak, logopedak, psikologoak, udalekuetako begiraleak...).
Udalekuak antolatzen ditu elkarteak...
A.C.: Gure ezaugarriak dauzkaten umeei zuzendutako udalekuak dira, bai Madrilen eta baita Mallorkan zein Benicassimen. Guk txiki-txikitatik parte hartu izan dugu horietan; begirale gisa ere ibilitakoak gara, behin adin batetik aurrera. Ondo pasatzen da bertan, eta neurri edo ohitura batzuk nola hartu ikasteko ere baliagarri izaten da.

Azken aldian Andoaingo azoketan mahaia jarri izan duzue; gozogintzako produktu bitxiak jarri dituzue salgai...
E.A.: Bai. Diru pixka bat bildu nahi dugu, Donejakue bidearekin lotutako proiektu batean murgilduta baikabiltza. Hain zuzen, irailaren 7an abiatuta, Donejakue bidearen zati bat, Galiziako parteari dagokiona, egin nahi dugu talde giroan. Ehun eta hamalau kilometroko ibilbidea izango da eta 25 lagun animatu gara horretarako, bihotzeko arazoak dauzkagun 18 urtetik gorako gazteak denak ere.  
A.C.: Bidaia berezia izango da; nork bere azterketa pertsonala egin ahal izango du, eta jakin non dituen gaitasunak, non mugak, e.a. Logistika berezia eramango dugu atzetik, dena ondo aztertzeko... Informazio gehiago Facebook-en dator (jovenes con cardipatias caminado a Santiago).

Medikuntzarekin lotutako ikasketak egiten ari zarete biak ere. Ez da kasualitatea izango...
A.C.: Medikuntza ikasten ari naiz.
E.A.: Nire kasuan, osasungintzako agiritegia izenekoa. Goi mailako zikloa da eta ospitaleko artxibategietan lan egiteko prestatzen du.
Egia esan, ez da, ez, kasualitatea bihotzeko gaixo gazte askok hortik bideratu nahi izatea euren ikasketak. Txikitatik ohitu gara ospitaleratzera, eta ongi asko ezagutzen ditugu bertako medikuak eta erizainak. Gure bigarren etxea da ospitala! Konturatuta gaude osasungitzako profesionalei esker bizi garela, haien arretari esker daukagula daukagun bizi kalitatea, eta esan daiteke barru-barrutik irteten zaigula antzeko arazoekin datozen haurrei laguntzeko joera...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!