Zein ekintza antolatu dituzue?
Kristina Ruiz: Lehenengo bi asteetan tailer ezberdinak egingo ditugu: Henna tatuaiak, bonboi kutxak, fimo tailerra, makilaje tailerra… Irteera bat ere egingo dugu Irungo Skate parkera. Tailer hauei amaiera emateko amaiera festa antolatu dugu uztailaren 9rako. Egun horretatik aurrera, ekintza itxiak egongo dira; Udabentura astea, uztailaren 14tik 18ra eta Gipuzkoa argazkietan astea, uztailaren 21etik 25era.
Udabentura astean Gaztelekutik kanpoko ekintzak egingo ditugu: Hernaniko igerilekura irteera, zutikako paddle-a, Donostitik Oriora ibilbidea Donejakuetik, irlara irteera eta piraguismoa. Azkeneko astean, aldiz, argazki lehiaketa moduko bat egingo dugu. Hondarribi, Orio eta Zumaiara joango gara eta irteera turistikoak izango dira, haurrek argazkiak atera beharko baitituzte. Azken egunean argazkiak ikusi, aukeratu eta sariak banatzeko festa egingo dugu.
Nork hartu dezake parte ekintza horietan?
K.R.: Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila artekoentzat antolatzen ditugu. Hala eta guztiz ere, egia da txikienak gehiago animatzen direla. Izan ere, 15-16 urte inguruko haurrek ez dute hezitzaileon beharrik irteerak egiteko. Ekintza bereziagoak nahi izaten dituzte, eta gainera, txikiekin joatea ez zaie gustatzen. Guztiekin asmatzea zaila da eta ondorioz, programaketa ezberdinak egitea pentsatu dugu, beraiek ere parte hartu dezaten. Izan ere, merezi dute eta beraientzat ere bada zerbitzu hau.
Zer egingo duzue, orduan, zaharrenentzat?
K.R.: Uztaileko ekintza horiez gain, hirugarren mailakoentzat Oreretara irteera antolatu dugu uztailaren 10ean. Oreretako aterpetxera joango gara lo egitera. Berezitasun nabarmenena antolaketa guztia beraien esku dagoela da, hau da, beraiek ari dira aurre-prestaketa guztia egiten: aterpetxea non dagoen ikusten, nola joango garen erabakitzen, zer jango dugun adosten… Erabakiak hartzen eta taldean lan egiten ikasiko dute modu horretara. Beraien irteera da eta beraien gustura ari dira dena antolatzen. Gainera, oso motibatuta daude, beraien esku dagoelako dena.
Zer egin behar dute haurrek ekintzetan parte hartzeko?
K.R.: Tailerrak Gaztelekuan izango dira eta doan dira; beraz, nahikoa izango dute Gaztelekura etortzearekin. Hala eta guztiz ere, komenigarria da aurrez izena ematea, guk antolaketa egokiagoa egin dezagun. Udabenturan edo Gipuzkoa argazkietan asteetan parte hartu nahi badute, ordea, izena eman eta ordainketa egin beharko dute. Epea pasa da jada, baina plaza batzuk libre geratu direnez, oraindik aukera dago izena emateko. Gainera, azkeneko asterako taldea oraindik ez da osatu, baina espero dugu egun hauetan gazteak animatzea.
Zein mezu helarazi nahiko zenieke haur eta gaztetxoei?
K.R.: Haurrei animatzeko esan nahiko nieke. Gurekin aukera dute kanpora joateko, ekintza berriak egiteko, bestela egiten ez dituztenak egiteko… Parte hartzera animatu nahi ditut, oso ondo pasako dute eta.