Egape dantza taldeak “In fusioak” jaialdiaren baitan ikasturte amaierako erakustaldia antolatu zuen Saroben, eta hainbat partaiderentzat saio handi batean parte hartzen zuten lehen aldia zen. Normala da, beraz, urduritasun horiek azaleratzea. Azkar uxatu ziren. Ikusleek oniritzia eman zieten eta txaloak neurtuta, ikasturte amaierako nota bikain batekin alderatu daiteke. Aiurrik landu duen bideoan, Aiurri.com gunean zintzilik dagoena, argi ikus daiteke hori. Lehen saioaren amaieran txalo zaparrada jaso zuten, biba eta oihu gehiagorekin batera.
Saioaren izenburuaz galdetuta, Egapek ikur modura dantza estilo eta joera askoren fusioa lantzen duelako izenburu hori jartzea bururatu zitzaiela aitortu du Muruamendiarazek. “Dantza, musika eta jantzi aldetik estiloak askotarikoak dira. Oinarrian beti ere euskal dantzak izanik. Ikusleek ikusi ahal izan duenez, joera horretan oso dantzari gazteak sartu ditugu. 12 urtetik gorakoak aritu dira gaur taula gainean”.
Artalde handia du dantzariak bere esanetara. Sekretuaz galdetuta, hauexe erantzuna: “Ez dakit ondo zein den sekretua. Argi dago gogoz hartu behar dutela, eta Egapeko dantzariek gogo biziz hartu dute nik jarri nien erronka. Gustura hartuz gero, lana errazago egiten da. Eta niretzat dantza hori da, atseginez egiten den zerbait lantzea. Horregatik, gogoz egonik, horrelako ikuskizunak eraikitzera iristen gara”.
Urteak dira Edu Muruamendiaraz Urnieta aldera etorri zenetik, eta dagoeneko ezaguna da berak eta bere taldeak eman dezaketena. “Exigentea ere banaiz, emaitzak ikusteko dantzarien gainean egon behar da. Nire buruarekin oso zorrotza naiz, eta dantza irakasle bezala berdin. Dantza ikaragarri maite dut eta hori transmititzen ahalegintzen naiz”. Ahalegindu, eta baita lortu ere. Dantzariek dena eman zuten eta ikusleek, begiak zabal- zabalik, haien mugimenduak jarraitu zituzten.
Bi saioen artean Falcons de Vilafranca taldekoek San Juan plazan ikuskizun ezberdina landu zuten, castellersen moduko giza irudiak sortuz. Hura ere ikusgarria izan zen, begiak eta ahoa zabal-z