Ontziak tratatu eta berreskuratzeko gunea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 4a, 13:34

Aurreko urte osoan zehar zortzi mila tonatik gora jaso zituzten Urnietako gunean eta horietatik %78a berreskuratu egin zen. Birziklapen-tasa positibotzat jo zuen Denis Itxaso San Markos Mankomunitateko presidenteak, “estatu mailan tasa altuenetakoa delako”.

 Urnietakoa plastikozko ontziak birziklatzeko azpiegitura nagusia da. Bertara eramaten dituzte Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilen atez ateko sistemaren bidez bildutakoak, Txingudiko Mankomunitatetik jasotakoak eta Andoaindik jasotakoak. Itxasok azpiegitura egokien defentsa egin zuen, “zaborra modu eraginkorrean kudeatzeko irtenbiderik ez eskaintzeak ingurumen-etorkizuna hipotekatzea” dakarrelako.
Denis Itxasok Urnietako gunera egindako bisitaldian eskainitako adierazpenetan adierazi bezala, “birziklapen tasaren ehunekoa handitzeko birziklapena modu egokian egitea ezinbestekoa da”. Honenbestez, edukiontzi horian zer bota daitekeen eta zer ez ondo pentsatu beharrekoa da: "Jendeari buruan ondo sartu behar zaio edukiontzi horian ez direla ontzi arinak ez diren elementuak sartu behar". Izan ere, askok eta askok edukiontzi horia plastikoarekin lotzen dutenez, ontziak ez diren plastikozko produktuak bertara botatzen dituztela dio: "Jendeak maiz edukiontzi horia plastikoarekin nahasten du eta plastikozkoa den edozer bota dezaketela uste du. Hori ez da horrela, ontzi arinak sartu behar dira; plastikozkoak, aluminiozkoak, kartoizkoak..., baina ontziak".
Ontzi arinak eta errefusa bereiztea beharrezkoa den heinean, ezinbestekoa da errefusa tratatzeko alternatiba ere izatea, “zabortegiak bezalako irtenbide zaharkitua eta batere iraunkorra gainditu ahal izateko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!