Falcons de Vilafranca Urnietan, ikusleak txunditu zituen ikuskizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 4a, 13:31

Kataluniako Vilafranca del Penedes herritik Urnietara etorri zen Falcons de Vilafranca taldea. Giza dorre eta harresiak osatzen tradizio handiko taldea da eta egun hauetan hainbat saio eskaini dituzte Euskal Herrian barrena. Besteak beste, Orion, Sopelan, Mungian eta Erriberrin.

Urnietan “In Fusioak” jaialdian parte hartu zuten Egape dantza taldearekin batera. Egaperena eta Vilafrancako zapelatzena, biak ala biak, ikusleen begietara ikusgarri bilakatu ziren. 

Urnietan ezer ez eta festa, dio esaerak. Bada, San Juan plazan edota Saroben izan zirenentzat arratsalde gogoangarria izan zen. Minutu gutxitan gertatu zen dena. Autobus batek Katalunia aldetik zekarren taldea Jakutegi plaza ondoan geratu, Sarobeko kanpoaldean jantziei azken ukituak eman eta azkar batean San Juan plazara hurbildu ziren ikusleak harri eta lur utzi zituzten. Zerura begira jarri zituzten denak, eta zerua eta lurraren artean gizakiez eraikitako dorre eta harresi ikusgarriak.

Irudiek ikusgarritasuna izanik ere, norberaren begiekin Vilafrankako zapelatzek egin zutena ikustea esperientzia zirraragarria izan zen. Emoziorik ere ez zen falta. Figura ezberdinak osatzeko garaian, giza ilarak erantsi ahala oreka ez galtzeko ahalegina handia eta ikusgarria zelako. Urduritasuna bertakoen kontua zen, Kataluniatik etorritako kideen artean lasaitasun eta patsada handia nabari zelako. Eta hala eta guztiz ere ikusleak urduri jartzea lortu zuten. Bereziki, kasko beltza jantzita zeraman haurtxoa inolako segurtasun neurririk gabe gora eta gora zihoala ikustean.

“In fusioak” jaialdiaren baitan, Egape dantza taldearen bi saioen artean, Falcons de Vilafranca taldeak sekulako erakustaldia eskaini zuen. Falcons edo zapelatzak ekartzeko ideia izan zuenari zorionak eman behar zaizkio inguru hauetan sekula ikusi gabeko ikuskizuna ekarri zutelako. Pena, eta galanta, plazara hurbildu ez zirenena da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!