“Sorpresaz eta penaz jaso dut aldaketaren berria”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 3a, 13:35

Bittor Gorria berrobiarra Villabonako apaiz izan da azken sei urteotan. Irailetik aurrera Irungo erretore egoitza izango du bizileku. Kokaleku berrira abiatu aurretik, hitza hartu du Aiurri aldizkarian.

Villabonako Jesusen Bihotza elizatik bazoazela iragarri zenuen ekainaren 21ean. Zein arrazoirengandik etorri da leku aldaketa?
Gotzaindegiak apaiz gazte bat jarri nahi du herrian, gazte mailan hobeto lan egin dezan. Iñigo Mitxelena billabonatarra, 38 urteko apaiz gaztea izango da irailetik aurrera Villabonako apaiza.

Nola jaso duzu zuk berri hori?
Sorpresaz hartu dut deia. Guk, apaizok 75 urterekin jubilatzeko aukera dugu eta bi urte geratzen zaizkit adin horretara iristeko. Nik parrokia kudeatzetik jubilatu eta laguntzaile gisa jarraitzea pentsatzen nuen adin hori betetakoan. Sorpresaz eta penaz jaso dut leku aldaketaren berria, ustekabea izan da niretzat nahiz herritar askorentzat. Baina jende askorentzat, ongi etorria izango da bertako apaiza eta gaztea izatea.

Ba al dakizu non arituko zaren aurrerantzean?
Hutsuneak betetzen arituko naiz, batean eta bestean. Bizitzeko, berriz, Irungo apaiz egoitza aukeratu dut. Hiru apaiz bakarrik bizi dira bertan, tartean Amasa-Villabonako apaiz izan zen on Daniel Eskisabel.

Bizimodu aldaketa egokituko zaizu, beraz, aurrerantzean…
Bai, handia. Aurrerantzean ez da nire kontu egongo, adibidez, hainbat berrikuntza lanen kudeaketa egitea. Administrazio lan horiek utzita, benetako apaiz lana egitea egokituko zait: jendearekin edota gaixoekin egotea, esaterako.

Sei urtez izan zara Villabonako apaiz. Denboraldi horren zein irakurketa egiten duzu?
Oso gustura aritu naiz bertan. Etorri nintzenean, banekien Villabonakoa elkarte arrunta zela, Joxean Larrañaga zegoela apaiz. Hainbat herritar Tolosako institututik ere ezagutzen nuen, garai batean eskolak eman bainituen bertan. Hala ere, ez nuen uste hain ondo moldatuko nintzenik. Oso esperientzia positiboa izan da. Ni etorri nintzenean banituen 66 urte. Joxean askoz ere gazteagoa zen eta, nire adinarekin, herritarrengana iristea askoz ere gehiago kostako zitzaidala uste nuen. Oso jende arruntarekin egin dut topo, ez goi-mailakoarekin. Jendea egunez egunekoa bizitzen saiatzen dela iruditzen zait eta ahal denean, ona da hori.

Zein oroitzapen eramango duzu zurekin Irunera?

Oroitzapen askoren artean, pena txiki bat eramango dut nirekin: Elizako ateak itxita egotea. Proposamena egin nuen egunean ordu batzuetan eliza zabalduta eduki eta nahi zuenak bertara sartu-atera egiteko aukera izan zezan, errezatu edota egunkaria irakurtzeko, esaterako. Nire ustez pena da momentu jakin batzuetan izan ezik, halako eraikina herritarrei itxita edukitzea. Lapurreten beldurragatik, ordea, proposamena bertan behera geratu zen. Ea etorkizunean nahi hori egi bihurtzen den.

Aiztondoko beste herriren batean ere aritu zara apaiz lanetan…
Urte pare batez Zizurkilen aritu nintzen, Zizurkil goian batez ere. Amasan ere bai, funeralen bat egokitzen zenean. Aiztondo mailan zertxobait ibilia naiz, bai. Gure gogoa, Aiztondoko hiru apaizen artean ardura osoa eramatea zen. Hori zen gure ametsa, Aiztondo bailarako lanak hiruon artean bideratzea. Hala ere, goitik ez ziguten erraztu. Sekular mailan, pastoral barrutian, ordea, lan hori egiten hasiak dira Aiztondo mailan.

Herri mailako ekintza ezberdinetan hartu duzu parte. Udalak egindako hainbat deialdi edo bileratan, Eresargi abesbatzan. Ez da ohikoena apaizak herrian hain txertatuta ikustea…

Oso gustura sentitu naiz herritar bezala, ondo onartua. Billabonatarrak errazak dira hartu-emanetan. Azken urteotan –oraindik ere bai-, Eresargi abesbatzako kide izan naiz eta horrek hainbat herritar ezagutzeko aukera eman dit. Jubilatu elkartean ere dezente ibili naiz. Bestalde, ahal nuen mailan, Udalak antolatutako hainbat ekintzatan ere hartu dut parte. Herriak eskatzen duen heinean, parte hartzen saiatu behar dugula uste dut.

Villabonara etorri aurretik herrialde ezberdinetan ibilitakoa zara. Nondik nora, zehazki?

1964 urtean Donostian apaiztuta, Bartzelonako unibertsitatera joan nintzen pedagogia ikastera. Handik Alemaniara, Ekuadorrera edota Jerusalemera.

Oso lurralde ezberdinak guztiak ere. Zer ikusi eta ikasi zenuen bakoitzean?
Alemanian, esaterako, ertzean zegoen jendearekin eduki nuen bereziki hartu-emana. Emigranteak ziren, familia osoak batzuk, banatuak besteak… Gazteekin ere harreman estua izan nuen: ‘Inongo seme-alabak’ esaten zitzaien, ez gurasoei begiratuta, herriari begiratuta baizik. Ekuadorren, Afrikakoa ez izanagatik, pobrezia handia sumatu nuen eta erlijiotasun handia. Han apaizik gabe hemen baino askoz ere gehiago baliatzen direla esan behar da. Sekularrak onartuta daude eta apaizik gabeko ospakizunak oso normalak dira. Hamar urtez Ekuadorren bizitu ondoren, Jerusalemera joan nintzen. Bereziki hango hiru erlijio eta kulturak oso interesgarriak iruditzen zaizkit gizarte nahiz historiari lotuta. Guretzat, Jesukristo han bizi izana ere bai, aztarnak hartzeko aukera ematen duelako. Bestalde, Jerusalemen oso esperientzia ona izan zen historia hain ondo aztertuta dagoela konturatzea. Ikerketa lanak ikaragarriak dira, beharbada beste inon ez bezalakoak. Historikoki oso finkatuta daude gertaera asko.

Galdera orokorragoetara etorrita, zein egoeratan ikusten duzu XXI. mendeko eliza?
Niri ikaragarrizko itxaropena zabaldu dit Frantzisko aita santuak. Behar genuen eta oso pozgarria izan da haren etorrera. Zaharkituta ikusten nuen eliza, ohiturakerian eroria eta oso instituzionalizatua. Frantziskok instituzioa alde batera utzi eta Ebanjelioa, Jesukristo jartzen du lehen mailan. Jose Antonio Pagolak aurrez ere sarritan eta oso garbi esan zuen eliza ez dagoela bere burua mantentzeko, Jesukristo aldarrikatzeko baizik. Frantziskoren etorrerak aldaketa ekarriko duela uste dut eta sinestun askorengan poza sortu duela ikusi da.

Aurrera begira, zein izan beharko lukete elizaren erronkak?
Batetik, sekularrek elizako martxa hartzea. Oraingoz behintzat meza emateko apaiza behar da, baina parrokiaren ardura aurrera eramateko ez du zertan apaiza izan beharrik. Badaude parroki bateko arduraduna apaiza ez den esperientziak. Bestetik, jendeak kristautasuna ezagut dezan. Nik uste kristau kulturaren ezauera falta handia dagoela. Elizak aukera emanagatik, norberak interesa eduki beharko luke jakiteko. Jende askok futbolari buruz erlijioari buruz baino askoz ere gehiago daki, baina erlijioaren inguruan ia dena badakiela uste du. Arlo horretan ezjakintasun handia dagoela uste dut. Gure filosofia kristauak sinetsi egin behar duela izan da eta sinesteko ere, askoz hobea da ahalik eta gehien jakitea. Oso zalantzan dago sinesmena, oinarririk gabe.

Nola aurreikusten duzu etorkizuna?
Nire bizitza eskuetan hartu eta egindako bideari begirada emateko aukera izango dut aurrerantzean. Garrantzitsua da aukera daukazun bitartean bizitzari alde egiten utzi beharrean, nolabait zuk nahi duzun norabidea hartzea.

Billabonatarrekin hain harreman estua egin eta gero, harreman hori mantentzen jarraitzeko asmotan al zara?

Bai, dudarik gabe. Ezin dira halako hartu-eman estuak hautsi. Ez naiz hain urruti egongo: trenez ordu erdi batera. Beasain eta Legazpin ere egon nintzen aurrez eta oraindik ere harreman dezente mantentzen dut han. Egia da orainak lehena ezabatzen duela zertxobait, baina nire kasuan, Villabonakoa izango da bideratu dudan azken elkartea eta horixe geratuko zait gertuen.

Abiatu aurretik, deiren bat luzatuko al zenieke herritarrei?
Eliztarrei bereziki, gero eta indartsuago jarrai dezatela hartutako bidean lanean. Elizan parte hartzen dutenek jarrai dezatela parte hartzen eta herriari, gutxienez begi onekin begira diezaiotela eliz mailan egiten diren ekimenei.
1964 urtean ezkondu eta apaiz egin ziren billabonatar edo Villabonarekin lotura duten senar-emazte edo alargunak nahiz apaizei omenaldi txiki bat eginez, ospakizuna egingo dugu irailean. Neronek ere apaiztu nintzenetik 50 urte beteko ditut eta hantxe izango naiz. Urteurrena bete eta gurekin ospatu nahi duten herritarrei gugana gerturatu eta jakinarazteko deia egin nahi diet.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!