“Mugak gainditzen ari gara pixkanaka, gure bidea egiten”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 3a, 13:32

Kazetaritza ikasi eta gero, zuzendaritza-idazkari ikasketak egin zituen Amaia Elizondo andoaindarrak. 2008az geroztik Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan (GKEF) dihardu lanean. Bere lanaren nahiz Katramila antzerki taldean egindako bidearen berri adierazi du ondorengo elkarrizketan:

Zein lan egiten duzue Kirol Egokituen Federazioan?

2003an sortu zen GKEF eta geroztik, gure helburua Gipuzkoan kirol egokitua antolatzea izan da. Urritasun guztiekin egiten dugu lan: entzumen, adimen, ikusmen, edota urritasun fisiko nahiz sensoriala dutenekin. Kirola egin ahal izateko aukera ematea da gure eginbeharra. Gipuzkoa osoa litzateke gure eremua, baina arrazoi ekonomikoak tarteko, ez gara herri guztietara iristen. Hala ere, 11 urte hauetan, batez ere haurrekin talde dezente egitea lortu dugu. Egun, beraien ikastetxeetan ohiko Eskola Kirola egitasmoan parte hartu ezin duten haur asko dago, duten urritasuna dela-eta ez dagoelako haiei erakusteko profesionalik edota babesa falta delako. Guk haur horiekin talde espezifikoak osatu eta kirol hastapena egiteko aukera eskaintzen dugu. Bakoitzari bere urritasunaren arabera egokitu behar zaio kirola egiteko aukera: batzuentzat uretara sartzea ere lorpen handia izaten da. Baina ez gara haurren eremuan soilik aritzen. Lantzen dugun beste arloetako bat, istripu edo gaixotasunen baten ondorioz beraien bizitza berriz hasi behar izan duten pertsonei zuzendutakoa da. Errehabilitazio fasearen ostean, kirolaren bitartez haien autonomia hobetzen ahalegintzen gara. Haur nahiz helduen artean garrantzitsuena beste pertsonekin harremanetan egoteko guneak eskaintzea da. Askotan, egoera horietan, etxetik ateratzeko aurreiritziak izaten dira eta oso garrantzitsua da kirolaren bitartez beste pertsona batzuekin harremanetan egoteko guneak eskaintzea. Kirola harremanak egiteko oso tresna egokia dela uste dugu eta autoestima indartzen laguntzen du. Beste kirol federazioekin alderatuta baditugu hainbat ezberdintasun: urritasun guztiak ez ezik, kirol mota guztiak hartzen baititugu gure gain.

Mota guztietako kirolak. Tartean ezohikoak ere bai!

Hiru kirol mota berezitu lantzen ditugu: goalball-a itsuentzako kirol espezifikoa litzateke. Etzanda egiten dute, zintzarria duen baloiarekin. Beraz, entzumenaren bitartez jakiten dute zein norabide hartu duen baloiak. Garun paralisia duten pertsonek bocci-a eta eslaloma lantzen dituzte batik bat. Duela bi hamarkada hasita, Aspacek bultzatu ditu kirol mota horiek. Eslalomean oztopoak gaindituz egiten dute ibilbidea, baina gurpil aulkian. Bocci-a, berriz, petanka estilokoa da, baina mugikortasun eskasa dutenek, kanaleta baten bitartez buruan jartzen zaien gailu batetik botatzen dute pilota. Hiru kirol espezifiko horiek jendeari bistaratzen saiatzen gara, errebendikazio modura batetik, eta bestetik, gure gizartean hori bakarrik egin dezakeen jendea badagoela ikusten dugulako.

Gainerako kirolen artean, pilota, areto futbola, txirrindularitza, saskibaloia gurpil aulkian, igeriketa eta tiro olinpikoa lantzen ditugu une honetan.

Ezintasunen bat duen pertsona erraz gerturatzen al da zuengana?

Oro har, jendeari kosta egiten zaio hasieran; batez ere istripu baten ondorioz urritasunen batekin geratu denari. Hala jaio dena ohitzen joan da urteen poderioz eta erreparo gutxiago izaten du. Hala ere, gu den-denak gertura datezen saiatzen gara. Egokitutako kirola egiteko materiala oso garestia da eta federazioan badugu proba egin ahal izateko denbora baterako uzteko materiala. Normalean proba egiten duen jendeak gure artean jarraitzen du.

Zenbat bazkide zarete guztira?

Une honetan 380 kirol lizentzia ditugu kirolari, entrenatzaile nahiz laguntzaileen artean, -gure hainbat kiroletan askok auxiliar edo laguntzailea behar baitute-. Baina horrez gain, bada kirol lizentziarik gabe kirola egiten ari den jendea ere. Guk lizentziari garrantzia handia ematen diogu, batez ere mediku ziurtagiria eskatzen dugulako eta horrek, benetan halako esfortzua egiteko gai direla ziurtatzen duelako. Bazkideez gain, jende askorengana iristen gara, besteak beste, sentsibilizazio jardunaldiei esker informazioa zabaldu eta gure lana ezagutaraziz. Zortzi kirol elkarte ditugu momentu honetan federazioan: Aspace, Atzegi, Fortuna, Kemen, Bera Bera, Konporta, IK Once eta Berdin berdinak.

Zer nolako erantzun jasotzen duzue sentsibilizazio jardunaldietan?

Ikastetxeetara joaten garenean, esaterako, kirol materiala eraman eta haur nahiz gazteei zein kirol egin daitezkeen erakusteaz gain, urritasun bat edukitzea zer izan daitekeen erakusten saiatzen gara. Haurrekin sorpresa politak jasotzen ditugu. Oso ondo erantzuten dute, naturaltasunez. Hezkuntza mailan integrazio hori bultzatzen ari diren arren, guk kirolean integraziotik gutxi ikusten dugu momentuz, informazio faltagatik gehienetan. Aurten 8 ikasle eduki ditugu praktiketan eta oso lan txukuna egin dute. Haientzat ere oso esperientzia positiboa izan da, errealitatea osorik ezagutu baitute.

Zein da zuen sustengu nagusia?

Gipuzkoko Foru Aldundiko Kirol departamendua dugu laguntzaile nagusi. Herri ezberdinetako hainbat Udalek ere laguntza ekonomikoa eskaintzen digute eta baita hainbat Fundazio eta entitate pribatuk ere. Azken urteotan gero eta zailagoa da dirulaguntzak jasotzea, baina Hondarribiko hondartzan udan lantzen dugun programa dugunez, Foru Aldundiko Gizarte Politika sailak ere laguntzen digu: Kirola kontsideratzen ez bada ere, duela zortzi urte, arrakasta beroa izan zuen ‘oztoporik gabeko bainua’ ekimena jarri genuen martxan, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak itsasoan baina daitezen. Bertako nahiz kanpoko pertsonak etortzen dira Hondarribiko hondartzan egokitutako gune berezira. Dirulaguntzek behera egin badute ere, ez dugu zerbitzu hori kendu nahi. Bi hilabeteko eskaintzarekin hasi ginen, iaz hilabete bakarra izan zen eta hilabete eta erdi eskainiko dugu aurten. Iaz, esaterako, hilabete batean 1000 zerbitzu eskaini ziren.

Zein da zure betebeharra federazioan?

Kudeatzailea naiz eta kazetaritza ikasi nuenez, neroni arduratzen naiz komunikazio arloaz ere. Webgunea berritzeko asmoa dugu epe laburrean eta sare sozialez ere asko baliatzen gara. Sarearen bidez komunikatzen da jende asko etxetik gurekin eta proposamen ugari ere egiten digute. Teknologia ondo erabilita, laguntza da guztiontzat; are eta gehiago urritasuna duten pertsonentzat.

Urtean zehar ekintza eta txapelketa asko antolatzen duzue. Andoainera etorrita, Batzokiarekin batera, txirrindularitza egokituaren kriteriuma, esaterako…

Orain hamar urte Andoaingo Batzokitik antzeko ekintza bat antolatzeko ideiarekin etorri zitzaizkigun eta aurrera egin genuen, ez baitakigu halako proposamenei ezezkorik ematen. Gipuzkoan ez zen txirrindularitza egokituko probarik egiten eta helburua, andoaindar eta gipuzkoarrak animatzeaz gain, kanpotik ere jendea erakartzea zen. Espainia mailan antzeko proba asko izaten da eta hemen ere antolatu egin nahi genuen. Erronka moduan hartu genuen eta abiatu eta lau urtera Zarauzko txirrindularitza taldea gehitu zitzaigun. Geroztik, hiru elkarteon artean bideratu ohi dugu proba. Asteburu osoa hartu ohi dugu eta Andoainen erlojupeko proba egiten dugu larunbatez; igandean, berriz, Zarautz-Getaria errepideko lasterketa. Kriteriuma izateaz gain, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa izaten da. Urtetik urtera gora egin du partaidetzak eta askorentzat hutsik egin ezineko proba bihurtu da, sortzen den giro onagatik. Kataluniatik, Valentziatik edo Andaluziatik jende asko etortzen da. Indar handia hartu du probak eta gure aldetik, ahal den guztietan egiten jarraitu nahiko genuke.

Beste proba edo txapelketaren bat nabarmenduko al zenuke?

Pilota eta igeriketa sailetan antolatutakoak ziurrenik. Geroz eta parte hartzaile gehiago dira eta gurekin urtean zehar kirol horiek lantzen dituzten haur eta gaztetxoak txapelketa horietan parte har dezaten saiatzen gara, helburu konpetitiborik gabe. Parte hartzaile gisa ez ezik, probak ikustera edota laguntzera ere gero eta jende gehiago gerturatzen da. Andoaingo probara bezala, lehenengo aldiz kirol egokituen probetara gerturatzen dena harrituta geratzen da hango jende kopuruarekin. Mugak gainditzen ari gara pixkanaka, gure bidea egiten.

Zein dei luzatuko zenieke herritarrei?

Gure atetik sartzen den edonor pertsona da guretzat eta guztiei irtenbidea ematen ahalegintzen gara. Irtenbide magikorik ez dugun arren, bakoitzaren beharren arabera, kartara egiten dugu lan.

Era berean, azken urteotan, beste elkarteekin sinergiak bilatzen ere ari gara. Esaterako, hainbat udaletxerekin hitzarmenak lortu ditugu edota momentu honetan, Realarekin hitzarmena ere badugu, Gipuzkoako erakunde garrantzitsuek egoera hau ezagutu behar dutela uste dugulako. Irrien Lagunak gizarte ekintza elkarteko kide ere bagara, beste erakunde askorekin batera. Oso interesgarria da, bakoitzak bere arazoak azaldu eta elkarlanean jarduten saiatzen baikara.

Informazio gehiago: info@gkef-fgda.org

 

Katramila taldean antzezle

Duela hiru urte sortu zen Andoainen Katramila antzerki taldea. Sorreratik da bertako partaide Amaia Elizondo, “aurrez Donostiako Lugaritz kultur etxean antzerki ikastaro bat egina nuen eta gustura ibili nintzenez, herrian antzerkia egiteko aukera sortu zela ikustean animatu egin nintzen”. Ez da erabakiarekin damutu. Urteak aurrera egin ahala, benetako taldea sortzen ari dela sentitzen du andoaindarrak. “Lehen urteetan clown-a landu genuen Mai Gorostiagarekin. Aurrez ez nuen sekula egin, baina oso gustura aritu nintzen. Clown-a utzi eta antzerkia lantzen hasi gara aurten Miren Gojenolarekin eta oso txukun joan da aurtengo ikasturtea ere, talde bezala erantzun egin dugu”. Taldean adin ezberdineko herritarrak biltzea oso aberasgarria dela esatearekin batera, eskainitako emanaldiak oso esperientzia politak izan direla aitortu du, “herriko ekintzarik esanguratsuetan hartu dugu parte eta oso positiboak izan dira guretzat. Andoainen hankamotz zegoen antzerki zaletasuna eta Katramilak herrian alor hori indartzea lortu du. Haur eta helduen artean 75 bat lagunek osatzen dugu taldea eta nahi duen guztiarentzat irekita ditugu ateak”. Urigainen hasi baziren ere, Bastero Kulturguneko taula gaineanan biltzen dira egun. “Askatzen joan gara pixkanaka eta gero eta seguruago eta gusturago sentitzen gara”, gaineratu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!