Imanol eta Alain Garcia, zesta-puntari lotutako aita-semea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 3a, 13:29

Duela hogeita hamabost urte inguru zestak egiten hasi zen Imanol Garcia andoaindarra, eta lanbide horri eusten dio gaur egun ere. Alain semea berriz, Donibane Lohizuneko Xistera taldean ari da jokatzen, buru-belarri.

Gazte-gaztetandik harreman estua izan du Imanol Garciak zesta-puntarekin: “Ez naiz pilotaria izan, baina beti ibili izan naiz zesta-puntaren inguruan. Duela hogeita hamabost bat urte hasi nintzen zestak egiten, nire kasara. Hilabete oso-osoa pasa nuen lehen zesta hura egiten. Moldeak egin nituen aurrerago, eta horrek asko erraztu zidan lana. Pixkanaka, ofizioa ikasi nuen eta egun, hiruzpalau egunetan amaitzen ditut zestak”.

Norberaren ukitua
Pilotari bakoitzak zesta ezberdina nahi izaten du eta Imanolek haien nahietara moldatzen ditu: “Norberaren jokatzeko modura egokituko den zesta nahi izaten dute; punta motza edo luzeagoa duena, gogorragoa edo bigunagoa... Eskatzen duten horretara moldatzen saiatzen naiz ni. Lehendabiziko aldiz etortzen den pilotariari, erabilitako zesta bat ekartzeko eskatzen diot, gida moduan erabiltzeko. Nolanahi ere, zestak egiteko estilo jakin bat dut eta pilotarien nahietara moldatzen baditut ere, nire ukitua ematea gustatzen zait. Esaterako, pilotaren kolpeek zesta hautsi ez dezaten, material berezia jartzen diet, bai saihetsetan, baita puntan ere”, zehaztu du.

Zesta-puntaren egoera
Andoainen zestak izandako iragan aberatsa azpimarratu du Imanolek: “Andoainen sekulako indarra izan zuen. Arrate pilotalekua egin zutenean, goizeko 07:00etatik 23:00etara aritzen ziren zestan jolasten, etenik gabe. Txoko ezberdinetako jende asko etortzen zen Andoainera. Rafael Elizondok martxan jarritako eskolak indar handia zuen eta gaztetxo asko gerturatzen zen. Goierri, Tolosaldea, Donostialdea, Nafarroako puntu ezberdinetakoak... Kilometro asko egiten zituzten astero, Andoaingo zesta eskolara etortzeko”.

Zesta-puntaren unibertsitatea
Iragana gogora ekartzearekin batera, gaur egun bizi duen egoerarekin penatuta ageri da zestagilea: “Pilotari oso onak eman ditu Andoainek eta hori guztia galdu egin da. Bere garaian, eskola indartu eta zesta-puntaren unibertsitatea sortzeko aukera ere izan zen hemen. Estatu Batuetako enpresa batek eskaini zuen aukera hura, baina ez zitzaion aukera hari eutsi, eta Nafarroako Noain herrira joan ziren. Andoaingoak bere indarra galdu zuen; urrezko aukera izan genuen, baina ez genion erantzun egokia eman eta egun, ia galduta dago kirol horren presentzia. Futbolean jartzen ditugu indar guztiak. Pilota, ordea, geure-geurea den kirola da eta merezi duen lekua eman behar zaio”.

Iparraldera
Iparraldean asko mugitzen da Imanol, han zesta-punta oso ondo zaintzen dutela uste baitu. “Jaialdi asko antolatzen dute eta beti gehitzen diote euskal kulturarekin zerikusia duen ekitaldiren bat. Jendetza handia erakartzen dute eta sarreretatik lortzen duten dirua, pilota eskolak sustatzeko erabiltzen dute. Alde horretatik, Hegoaldean asko dugu ikasteko. Estimu handitan dituzte puntista onak eta ahalegin handiak egiten dituzte gazteak prestatzen”.


Alain Garcia, Iruretagoiena III

“14 urterekin Gipuzkoako txapelketa irabazteak, zesta-puntarekiko grina piztu zidan”


Noiz hasi zinen zesta-puntan jolasten?
2007an egin nuen lehendabiziko froga Bidarten. Jolasteko gaitasuna banuela esan zidaten eta Tolosara jo nuen. Joxe Ramon Arregi izan zen nire lehen prestatzailea. Bi urte pasa ondoren, Donostiara joateko gomendioa egin zidan, han maila handiagoa lortuko nuela-eta. Mutrikuko taldean ere aritu nintzen bolada batez. Donibane Lohitzuneko eskolan izena eman nuen aurrerago, eta lehen partida jolastu nuen momentuan bertan erabaki nuen huraxe zela nire tokia. Oso gustura nabil geroztik.

Donibane Lohitzunen ari zarela aipatu duzu. Zer topatu duzu bertan?
Oso giro ona dago. Nahi adina partida jokatzen dugu eta oso ondo zaintzen gaituzte. Esaterako, 14 urte nituenean, Gipuzkoako txapelketa irabaztea lortu nuen eta Donibane Lohitzunen omenaldia egin zidaten. Txapelketa hura irabazteak aurrera egiteko indar handia eman zidan eta uste dut hortxe piztu zela zesta-puntarekiko nire grina. Iparraldean oso kontuan hartzen dituzte lorpen guztiak. Donibane Lohitzunen bi talde daude eta guztira, pilotari mordoa gabiltza bertan; Zesta-puntan 120 pilotari inguru izango gara, joko garbin beste 40 bat, xarea, eskuz..., guztira 200 pilotari izango gara. Mugimendu handia dago.

Eskuz aritzea pentsatu izan al duzu inoiz?
Aritu izan naiz, baina herremintarekin froga egin nuenean, askoz ere gehiago gustatu zitzaidan. Abiadura handiagoa hartzen du jokoak eta askoz ere ikusgarriagoa da, bai pilotarientzat, baita ikusleentzat ere. Nire ustez, gaur egun futbolean edo beste edozein kiroletan ari diren gazte askok, herreminta bidezko pilotan froga egingo balu, izugarri gozatuko luke.

Lagunak eta etxekoak joaten al zaizkizu partidak ikustera?
Aita partida guztietara etortzen zait; bera da nire botilero eta prestatzaile nagusia. Lagunak, berriz, ahal duten guztietan etortzen dira, baina partida gehienak Iparraldean jokaten ditudanez, negu aldean gutxiago etortzeko aukera izaten dute. Horrez gain, pilotak lagun handiak egiteko aukera ere eman dit; oso aberasgarria izan da niretzat.

Nolakoa da zure jokoa?
Nire jokoa indarrean oinarritzen dela esaten dute, baina ez nago guztiz ados. Ondo kokatzen naiz eta horrez gain, jokaldiak azkar bukatzen saiatzen naiz beti. Izan ere, tantoak eta partidak luzatzen hasten badira, alderdi fisikoak huts egiten dit eta lehen bait lehen amaitzea komeni izaten zait.

Bereziki gogoan duzun partidaren bat aipatuko al zenuke?
Jubeniletan jokatutako Gipuzkoako txapelketako final hura askotan etortzen zait burura. Horrez gain, hamairu urterekin Hondarribian jokatutako partida bat aipatu nahi nuke: Miamin dagoen Ruben Bailorekin eta Tximelaren ilobarekin jokatu nuen. Askogatik galdu bagenuen ere, niretzat oso garrantzitsua izan zen maila horretako pilotariekin aritzeko aukera izatea.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna pilota munduan?
Datorren urtean batxillergoko bigarren maila egingo dut eta ezingo diot pilotari horrenbeste denbora eskaini, horregatik, mailari eta ilusioari eustea izango da helburu nagusia. Epe luzera begira, berriz, profesionaletan aritzeko aukera ezberdinak daude. Duela gutxi, esaterako, Filipinetan jokatzeko aukera eskaini zidaten, baina nik nire burua Euskal Herrian ikusten dut. Oraintxe bertan, ez dut uste kanpora joango naizenik. Polita litzateke, unibertsitateko ikasketei ekin aurretik Estatu Batuetara joatea. Modu horretan, pilotan jokatzen dudan bitartean inglesa ikasiko nuke. Oso zaila da ordea; pilotari asko gara eta geroz eta pilotaleku gutxiago dago martxan.

Alain Garcia, Iruretagoiena III
Hamazazpi urte oraindik bete ez baditu ere, lorpen handiak egin ditu dagoeneko zesta-puntan:

Garaipenak:
    Frantziako Txapelketa 2012 eta 2014.
    Euskal Herriko Txapelketa 2012 eta 2014.
    Mauleko Urrezko Xistera Saria 2013.
    Frantziako Txapelketa Plaza Librean 2012.
    Iparraldeko Txapelketa Plaza Librean 2012.
    Gipuzkoako Txapelketa 2008 eta 2011.
    Gasteizko Ama Zuriaren Saria 2012.
    Biarrizko Banque Populaire Saria  2012
    Eskolarteko Txapelketa 2009.
    Binakako Txapelketa 2007 eta 2008.
    Banakako Txapelketa 2007 eta 2008.

Bigarren postua:
    Andoaingo San Juan Saria 2014.
    Donibane Lohizuneko Nazioarteko Txapelketa 2013.
    Eskolarteko Txapelketa 2011.
    Bizkaia-Gipuzkoa Saria 2011.
    Donostia Hiria Saria 2010.
    Markinako Karmengo Ama Birjiña Saria 2010.
    Nafarroako Banakako Txapelketa 2010.

Desafioak:
    Sei jokatu, horietatik bost irabazi eta bakarra galdu.

Banakako Sariak:
    Donibane Lohizuneko Kirol Merezimenduaren Saria 2012.
    Frantziako Federazioaren Pilotari Onenaren Saria 2012.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!