Etxebizitza berriak Lamiategin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 3a, 13:22

Hogeita hamabi etxebizitza eraikiko dituzte Lamiategi inguruan. Uztailaren 4tik aurrera, informazioa bildu eta izena emateko aukera izango da udaletxeko beheko solairuan.

Asteasuarrek izango dute etxebizitzak erosteko lehentasuna, baina ekimen irekia da. Bi eta hiru logelako hogeita hamabi etxebizitza egingo dituzte eta 2016 urtea amaitu baino lehen bukatuta izatea espero dute. Kiroldegiaren atzealdean egingo dituzte etxebizitza berriak, igerilekutik gertu.

Libreak
Salmenta libreko etxebizitzak izango dira. Udalak, nolanahi ere, gertutik zaindu du etxebizitzon lizitazio prozesua. Hala azaldu du Pili Legarra alkateak: “Asteasuko gazteak herrian gera daitezen nahi dugu eta horretarako, lizitazioa atera genuenean, oso gertutik zaindu genituen baldintzak; prezioa, materiala, gunera ondo egokitutako etxebizitzak izatea... Eskaintza erakargarria izatea nahi genuen. Horrez gain, herritarrek izango dute erosteko lehentasuna, nahiz eta guztiei zabaldutako ekimena izango den”.

Bulegoa, udaletxean
Uztailaren 4an zabalduko dute informazioa eman eta izena emateko bulegoa, udaletxeko beheko solairuan. Sustatuz enpresako kide den Iakes Gibelalde izango da bulegoko arduraduna: “Interesa duten pertsonek udaletxean bertan aurkituko naute uztailaren 4tik aurrera. Sortzen zaizkien zalantzak argituko dizkiegu eta hala nahi dutenek, izena emateko aukera izango dute. Izena ematen duen pertsona bakoitzak zenbaki bat jasoko du. Salmenta prozesua aurreratzen denean, zozketa bidez erabakiko da nork duen etxebizitza aukeratzeko lehentasuna”. Astelehenetik ostegunera, 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik bulegoa eta ostiraletan, 09:00etatik 13:00etara. Bulegoa itxita aurkituz gero, udaletxeko idazkaritzan ere izango da informazioa jasotzeko aukera. Interneteko www.lamiategi.com gunean ere informazio zabala aurki daiteke. Etxebizitzen planoak, garajeena, eraikinaren kokagunea, etab.

32 etxebizitza
Sukia enpresak hartu du eraikuntza lanak egiteko ardura. Hogeita hamabi etxebizitza, hogeita hamalau trasteleku eta hogeita hemezortzi garaje egingo dituzte. Garaje gehienei elkartuta, trastelekua egongo da. Iakes Gibelaldek eman ditu xehetasun guztiak: “Garajeak, behe, lehen eta bigarren solairuak eta atikoa izango ditu eraikinak. Eraikinak ez du altuera handirik edukiko, herriko gainerako eraikinen estiloari jarraituz. Atikoko zortzi etxebizitzak bi logelakoak izango dira eta gainerako guztiak, berriz, hiru logelakoak. Herrigunetik oso gertu dagoen eremua da Lamiategi; igerilekuetatik eta bidegorritik hurbil. Asteasun bizitzeko aukera polita eskainiko dutela iruditzen zait”.

Moldatzeko aukera
Bi urte pasatxo falta dira etxeak amaituta ikusteko, baina dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. “Horrek abantaila bat dauka, izan ere, askoz ere errazagoa baita bezeroak proposatutako aldaketak egitea etxea oraindik egiteko dagoenean. Sukalde itxia edo jangelarekin bat egindakoa, lurzoru mota bat edo bestea..., bezeroaren behar eta gustuetara egokitutako etxebizitzak egin daitezke aurretik jakinez gero”.

Terraza handiak
Lamiategin egitera doazen etxebizitzen ezaugarri bat azpimarratu du Iakesek beste guztien gainetik: “Terraza ederra dute etxe guztiek eta horietako batzuek oso handia; 154 metro karratu ditu terrazarik handienak. Txikienak berriz, 12 metro karratu ditu”.
144.000 euro inguruko prezioa izango dute bi logelako atikoek eta 150.000 eurotik aurrerakoa hiru logelakoek. “BEZ zerga gehitu behar zaie bi salneurriei. Horrez gain, etxebizitza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da azken prezioa; etxebizitzaren tamaina, solairua, gelaren bat patiora izatea..., aldagarri horien araberakoa izango da. Nolanahi ere, salmenta libreko etxeak izanik, oso prezio ona dutela azpimarratuko nuke. Pixkanaka, banketxeak hasi dira berriro ere maileguak eskaintzen eta Asteasuko hau etxebizitza berria erosteko aukera ona izango da”.

Aparkalekua
Etxearen atzealdean, aparkaleku zabala egingo dutela jakinarazi du Gibelaldek. “Garaje bakoitzean auto bakarra sar daiteke, horregatik pentsatu genuen garrantzitsua zela etxebizitzetatik gertu aparkalekua egitea. Hori kontuan hartuta, eskaratze bakoitzak bi sarrera izango ditu; eraikinaren aurrealdetik bat, eta aparkaleku aldetik beste bat. Modu horretan, autoa aparkatu eta etxera joan nahi duenak, ez dio eraikinari itzuli osoa eman beharrik izango”.

2016an, amaituta
Datorren urtearen hasiera aldera hasiko dituzte etxebizitzak eraikitzeko lanak eta 2016ko bukaera aldera giltzak emateko moduan izatea espero dute. “Lehen kontratua egindakoan, prezioaren %18ko sarrera eskatuko zaio erosleari. Aurrerago, beste bi ordainketa txiki egin beharko ditu, prezioaren gaineko %2koak biak. Bezeroarekin harremana mantentzeko egiten dugu hori gehienbat. Gainerako %78aren ordainketa eskriturak sinatzean egiten da”.
Bi etxebizitza eta lau garaje jasoko ditu Asteasuko Udalak: “Lursailaren salmentarako egindako tratuaren barruan sartzen da hori”, azaldu du Pili Legarrak. “Diru kopurua, bi etxebizitza eta lau garaje jasoko ditu Udalak lursail horien truke”, gaineratu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!