Santio egoitza berritua, egoiliarren aterpe atsegina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 3a, 09:51

Amasa-Villabonako Santio egoitza berrituak argitasuna eta erosotasuna ditu ezaugarri nagusi. Zazpi egoiliar berrirentzako lekua izango da gainera, aurrerantzean.

Joan zen ekainaren 20an, Amasa-Villabonako Santio egoitza berritua aurkeztu zuten prentsaurrean Galder Azkue alkateak, Ander Rodriguez Gizarte politiketako Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak eta Santio egoitzako Juli Etxezarreta eta Fortunata Iturbe egoiliarrek. Guztiak ere pozik eta gustura agertu ziren eraikin berrituarekin. Berri pozgarria emateko bildu zirela esanez ekin zion Galder Azkue alkateak prentsaurrekoari, azken urte hauetan egin diren lanen berri eman eta erakusteko. Santio egoitzan berrikuntza prozesua egin dela azaldu zuen eta guztion esfortzuarekin, erakusteko moduko emaitza lortu dela. Atzera eginez, Santiago egoitzaren historia 1923 urtean hasi zela jakinarazi zuen Azkuek, “urte hartan, La Salvadora oihal fabrikak, egun Santio egoitza aurkitzen den orube edo lurra eman zion Udalari, betiere, baldintza batekin: benefizientzia edo ongintzara bidera zezala. 1930eko hamarkadan eraiki zuen Udalak lehen eraikina eta benefizentziara bideratu zuen, agindu bezala. Historikoki moja eta erlijiosoen esku egon da zentro honen kudeaketa. 1992 urtean sortu zen Santio egoitza egun ezagutzen dugun Udalaren menpeko organismo autonomo bezala eta ordutik hona hainbat aldaketa izan da bai eraikinean eta baita kudeaketan ere”. Kudeaketari dagokionez, lehen erlijioso eta mojen esku egon bazen ere, 2004 urtetik hona, zerbitzu espezializatutako enpresa baten esku dagoela zehaztu zuen. “Egun 24 langile ditu zentroak: besteak beste, eraikinaren garbiketan, erizaintzan, harreran edota sukaldean aritzen direnak. Eraikinari dagokionez, berriz, transformazioa etengabea izan da, zentroaren funtzioak nola araudiak aldatzen joan baitira. Azken transformazio nagusia 2009an hasi zen eta ordutik hona, joan zen hilabetera arte obratan eta inbertsioak egiten aritu dira”. 1.500.000 euro inbertitu dira azken bost urte hauetan egoitza berritzen. Horietatik hiru laurden Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu ditu bere gain eta laurden bat Villabonako Udalak. “Egoitza berri bat daukagu orain: argia, koloretsua, araudia betetzen duena…, baina argi eta garbi, bertako zuzendaritza, langile eta egoiliarrei eman behar zaizkie eskerrak”. Egungo bizimodu azkarrarekin lotuta, ideia bat azpimarratu nahi izan zuen Galderrek: “Gizarte moderno batean bizi omen gara, baina gizarte hau nahikoa krudela da adinekoekin. Badirudi produzitzen ez dutenak baztertu egiten direla eta nik gaur hemen zuzendaritzaren nahiz langileen lana txalotu nahiko nuke, baita Aldundiak bere gain hartutako kostua ere, gizarte orekatua lortze bidean”. Egoiliarrei “zuek gu behar gaituzuelako eta guk zuek” esan zienean, haien keinu hunkigarria jaso zuen Galderrek trukean. Gipuzkoa osoko adineko pertsonak biltzen dira Santiago egoitzan, 32 guztira. Nahiz eta berrikuntzen ondorioz eraikitako zazpi logela berriak gehituta, 39 lagunentzako lekua izango den aurrerantzean. Egoiliarrek ondotxo ezagutzen dituzte dagoeneko Amasa-Villabonako ohiturak eta parte-hartzaile aktibo ere badira, “txalotzekoa da benetan zentroko zuzendaritzak nahiz egoiliarrek duten jarrera. Asko eskertzen du hori herriak”, amaitu zuen Galderrek.

Zaintzen kalitatea, langileen baldintzak
Villabonako Santio egoitzan biltzea plazera dela esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak. “Azken bost urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euro pasatxo bideratu ditu egoitzan inbertsioak egiteko. Guztira obren %75a Foru Aldundiak eta %25a Villabonako Udalak ordaindu ditugu elkarlanean, behar-beharrezkoak ziren birgaitze lanak ahalbidetzeko. Hilabete hauetan burutu da lanen azken fasea, zehazki, atzealdeko fatxada egin da, hainbat logela eta bainugela berri egin eta irisgarritasuna bermatu da”. Aldaketa baten berri ere eman du Rodriguezek,  “legealdia bukatu baino lehen, Foru Aldundiak bere gain hartuko du egoitza honen kudeaketa. Esku-aldaketa prozesua burutu eta gero, bi konpromiso hartuko ditu Foru Aldundiak bere gain: Batetik, zaintzen kalitatea eta bestetik langileen baldintzak bermatzea”. Egoiliarrak ere, zein baino zein gusturago agertu ziren. Fortunata Iturbek obrak egin dituztenez geroztik oso gustura daudela jakinarazi zuen eta oso pozik daudela bertako langileekin. Juli Etxezarretak, bestalde, “12 urte egitera noa hemen eta oso pozik nago. Martxa onean doa egoitza eta langileei eskerrak eman nahi dizkiet”, azaldu zuen.
–––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

Mariaje Pita eta Xabier Garmendia billabonatarrek 18 urte pasatxo daramate Santio egoitzan lanean. Koordinatzailea da Mariaje, psikologo eta terapeuta Xabier. Biek ala biek inork baino hobeto ezagutzen dute egoitzaren barrua.

Nola gogoratzen dituzue lehen urte haiek?
Xabier: Mojen esku zegoen Santiago egoitza ni lanean hasi nintzenean. Duela 100 urteko film bateko erresedentzia baten antzera gogoratzen ditut lehen urte haiek. Garai haietan mojek ez zuten zahar etxe batean psikologo eta terapeuta baten balioa ulertzen eta ez zuten begi onez ikusten ideia eta proposamen berriekin kanpoko inor sartzea.
Mariaje: Ni auxiliar edo laguntzaile gisa hasi nintzen lanean eta mojen hainbat iritzirekin bat ez banetorren ere, haiengandik asko ikasi nuela esan behar dut. Are gehiago, haiengandik nagoela gaur nagoen lekuan.

Azken urteotan asko aldatu da Santio egoitzaren dinamika. Kontaiguzue…
X.:
Azken urteotan eta, iaztik bereziki, erresidentzia herriari ireki eta herriko ekintzetan parte hartzea da gure helburua. Ez dugu herritik baztertuta egon nahi. Orain arte gune gordea eta ezkutua izan bada ere, erresidentzia irekia izatea nahi dugu. Hainbat herritarrek oraindik ere gutxietsi egiten du Santio egoitza eta zaila da tabu hori haustea. Pena da egoera hori, baina argi daukagu gu garela horren arduradun nagusiak. Beraz, aldaketa hori lortu nahi dugunez eta herriaren erdi-erdian gaudenez, herriko ekintzatan parte hartu eta kalera ateratzea erabaki dugu. Seguru gaude ikuspegi ilun hori aldatzea lortuko dugula.
M.:  Iaz Villabonako festetako koadrilen egunean hartu genuen parte lehenengoz eta harrera beroa izan zuen gure ekimenak. Besteak beste, Inauterietan edo Donostia egunean ere kalera atera gara festako partaide gisa. Berriki, San Juan sua piztu dugu egoitzaren atzealdean… Jende askok harrituta begiratzen gaitu, baina beste hainbatek laguntza eskaini digu antzeko ekintzak antolatzeko.

Deirik luzatu nahi al duzue?
X.:
Bai, herritarren parte hartzea eskatzeko aprobetxatu nahiko nuke tarte hau. Laguntza eskaini nahi digun edozein pertsonari gugana gerturatzeko deia egin nahi diot. Nagusilan elkarteko kideek, esaterako, laguntza handia ematen digute eta hainbat ekintza antolatzen dugu urtean zehar elkarlanean: antzerki saioak, besteak beste.
M.: Udalak emandako babesa ere oso eskertzekoa da. Galder Azkue alkateak eta Nora Urbizu nahiz Rosa Arregi zinegotziek oso gertutik jarraitu dituzte lanak eta behar genuenerako laguntzeko prest agertu dira beti. Entzun egin gaituzte eta gure proposamenak aztertu eta onartu egin dituzte. Oso esker oneko gaude haiekiko.
X.: Lanak bukatu arren, gure ondoan jarraitu dute eta oso garrantzitsua da hori. Politikariak goi kargu bezala ikustera ohituta gaude sarritan, baina gure kasuan, gertutasun handia erakutsi dute eta oso eskertuta gaude.

Urrezko garaia
Xabier nahiz Mariajek egoitzako erizain eta laguntzaileei keinua egin nahi izan diete ,“haien lana baita gogorrena. Gainera oso jarrera ona erakusten dute, behar den guztietan laguntzeko prest azalduz”. Urrezko garaia bizi dutela diote, “oso lan talde ona osatu baitugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!