“Haurrak libre ibiltzeko egokituta dago haurreskola”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko uzt. 3a, 09:49

Mari Karmen Amonarriz ‘Patte’ ia 30 urtez ari da Seaska haurreskolako hezitzaile lanetan, Kristina Lizarralde eta Edurne Zalduak 22 urte daramate langintza berean Villabonan. Eurek hartu dute hitza:

Zein egoeratan aurkitzen da egun Seaska haurreskola?
Seaska haurreskola Partzuergoko kide egin zenean apustu handia egin zen, izan ere aurreko eraikina txiki geratu baizitzaigun eskaerari erantzuteko. Psikomotrizitate gela edota jangela…, beharrezko zerbitzuak eskainiko zituen haurreskola lortu genuenean oso urte oparoak izan ziren. Egun, ordea, izen-emateak jaitsi egin dira. Hala ere, azken bi ikasturte hauek geldoago hasiagatik, ikasturtea aurrera joan ahala plazak betetzen joan gara eta aurreikuspenak iaz baino hobeak dira datorren ikasturteari begira.

Azken urte hauetan behera egin dute nabarmen jaiotza-tasek eta, noski, nabaria da hori izena ematerakoan. Jaitsiera horri, gainera, krisi garaiaren ondorioak ere gehitu beharko zaizkio…
Herri gazte batean bizi gara eta horrek jaiotze-tasan badu eraginik. Soka modukoa da: Umeak izateko adinean dauden gazteak gutxiago dira egun eta, krisi garaian, bikoteek ez dituzte hainbeste seme-alaba izaten. Bestalde, duela hamar bat urte argi zegoen aukerarik onena haurrak haurreskolara ekartzea zela, baina azken urteotan, agian lehen sumatzen ez zen kutsu negatiboa hartu dute haurreskolek. Orain, haurrak gurasoekin egotea komenigarriagoa delakoan, etxean geratzen dira haur asko. Dudarik gabe, gurasoekin egotea da haurrarentzako aukerarik onena, baina hori ez da askotan posible izaten eta maiz, aiton-amonei uzten zaie haurrak zaintzeko ardura. Aiton-amonak oso garrantzitsuak dira haurraren garapenean, baina bakoitzak bere espazioa behar duela uste dugu.
Gu oso konbentzituta gaude gure lanaz eta gurasoak etxean egonagatik ere, ahal duenak ordu batzuetan bederen haurra haurreskolara ekartzea oso komenigarria dela uste dugu. Guk barrutik hain argi ikusten dugun haurreskolako onura hori, ordea, agian ez da hain argi ikusten kanpoan.

Zein dira onura horiek?
Txiki-txikitatik beren bigarren etxe bihurtzen da haurreskola eta oso lasai aurkitzen dira bertan. Motrizitate aldetik etxean baino aukera zabalagoa dute hemen, haurrak arriskurik gabe libre ibiltzeko egokituta baitago haurreskola. Bestalde, dedikazio osoa eskaintzen diegu, beraientzat gaude egun osoan zehar.
Hainbat arau eta ohitura erakusten zaizkie eta, era berean, balore ezberdinak ikasten dituzte: elkarbanatzen edota txanda itxaroten, besteak beste. Autonomoak izaten eta euren kabuz moldatzen ere ikasten dute. Zailtasun handirik gabe, haurrak bakarrik lokartzen edota txukun jaten ikastea lortzen dugu kasurik gehienetan. Horrez gain, esperimentatzearen bidez beren ingurua ezagutzeko tailer desberdinak egiten ditugu, material ezberdinak erabiliz.

Aldaketa aipagarririk nabaritu al duzue azken urteotan?
Lehen, haurrik gehienak lau hilabeterekin hasten ziren bezala, gaur zortzi bat hilabete betetzen dituztenean ekartzen dituzte gehiago. Orain urte gutxi, biberoiz beteta edukitzen genituen 0-1 urteko gelak. Orain purea jaten dutelarik hasten dira gehienak. Horretan zerikusi zuzena du lan hitzarmenen hobekuntzak. Edoskitzea nahiz oporrak direla, luzatu egiten baita ama etxean geratzen den denbora-tartea.


Seaskako guraso elkarteko kideak
1.- Zer moduzko esperientzia izan duzue haurreskolan?
2.- Zergatik gomendatuko zenukete zerbitzua?


Nagore Arruabarrena (Aratzen ama)
1.- Oso positiboa eta erosoa. Umea utzitakoan, urduriago egongo nintzela uste nuen hasieran; baina oso lasai ibili naiz, umea pozik ikusten nuelako.
2.- Bigarren seme-alaba izango bagenu, eraman egingo genuke. Edonori gomendatzen diot, beraz. Hezitzaileek oso goxo hartzen dituzte umeak.

Mikel Iparragirre (Landerren aita)
1.- Umea beste haurrenganako asko ireki dela iruditu zaigu eta guretzat ere oso ona izan da, denbora librea eman baitigu lana edota bestelako gauzak egiteko.
2.- Haurren psikomotrizitatea garatzeko oso azpiegitura egokia dagoelako eta irakasleek ere konfiantza ematen dutelako. Profesionalak dira.

Izen-ematea zabalik
63 umerentzako lekua dago Seaska haurreskolan; adinka, sei gelatan banatuta. Azken bi urteotan plaza guztiak bete ez badira ere, aurreko urteetan haurrez gainezka egon izan da, itxaron-zerrendak luzatzeraino. Hezitzaileek gelak oso ondo antolatuta daudenez, leku guztiak betetakoan ere, barrura sartutakoan lasaitasun sentsazioa nagusitzen dela adierazi dute. Ratio aldetik, 0-1 urteko gelatan, zortzi haurrentzako bi hezitzaile izaten dituzte eta 1-2 urteko haurrenetan, hamahiru haurrentzako bina hezitzaile.
Izena eman nahi duenak uztailaren 23ra arte edota irailaren 1etik aurrera izango du aukera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!