Andoaingo EAJk hondakinen mahaietik ateratzea erabaki du. Bilduri egotzi dio ezker abertzalearen lehentasunak andoaindarrenen gainetik jartzea eta bosgarren edukiontziaren proiektua atzeratzea
Andoaingo Eusko Alderdi Jeltzaleak hondakinen afera konpontzeko sortu zen mahaitik alde egitea erabaki du, “Bildu ezker abertzalearen interesak lehenesten ari delako eta, ondorioz, eztabaida gune honetan zaborren kontua konpontzea ezinezko” ikusten duelako. EAJko ordezkari den Mari Jose Izagirrek adierazi duen bezala, hondakinen mahaia duela urtebete baino lehenago eratu zen herriko eragile eta alderdiek zaborren arazoari irtenbide bateratua bilatzeko helburuarekin. Baina, denbora honetan, “ezer gutxi” aurreratu da, “Bildu bere interesak andoaindarrenen gainetik jartzen ari delako”.
Zentzu horretan, gogoratu du Andoaingo Udalak duela bi urte onartu zuela bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia, baina “erabaki hau ez datorrela bat Ana Carrere alkateak eta bere taldeak jarraitzen duten ezker abertzalearen doktrinarekin, hau da, atez atekoarekin”. Izagirrek salatu duen bezala, “ezker abertzaleak ez du erabakirik hartzen eta oposizioari ere ez dio egiten uzten, gehiengoak erabakitakoa ez duelako onartzen eta ez duelako plan alternatiborik aurkezten zaborren arazoa konpontzeko”. Hori dela eta, ondorioztatu du azken bi urtetan, “kea saldu” besterik ez duela egin Bilduk, “denbora irabazi eta bosgarren edukiontziaren proiektua atzeratzeko”.
Izagirrek jakinarazi du hondakinek mahaiak bi erabaki besterik ez dituela hartu denbora honetan. Lehenengoa, materia organikoarentzat edukiontzia jartzea eta bigarrena, birziklatze tasa %30etik %60ra igotzea bi urtetan. Baina Bilduk ez du ez bata ez bestea lortzeko ezer ere egin. Egin duen bakarra, zenbait gunetan konpostagailuak jartzea izan da, “herri gune batzuetarako baliagarria izan daitekeen neurria, baina Andoain osora hedatu ezin litekeena, beraz, plan orokorra jarri behar da mahai gainean eta Bilduk ez du egiten”.
“Behin eta berriz errepikatzen dute edukiontzi marroia ez dela beraien lehentasuna eta atez atekoa jarri nahi dutela; beraien interesak Andoaindarrenekin nahasten ari dira. Iruzur egin digute hondakinen mahaian parte hartu dugunoi benetan konponbidea aurkitu nahi genuelako eta beraiek bilatzen duten bakarra gehiengoak hartutako erabakia atzeratzea delako, atez atekoa ezartzea da beraien helburu bakarra”, ziurtatu du.
EAJko ordezkariak deitoratu egin du “alkateak gehiengoaren hitza errespetatu ez eta babesa Tolosako Mankomunitatean bilatzea, alegia, Bilduren boterepean dagoen eta ezker abertzalearen doktrina jarraitzen duen erakundean”. “Alkateak Andoain ordezkatzen du mankomunitatean, baina, badirudi ahaztu egiten zaiola ezker abertzaleak hondakinen inguruan ezartzen dituen proposamen guztiak onartzen dituelako, nahiz eta andoaindarren interesen aurka joan” salatu du. Adibide bezala, mankomunitateak orain gutxi materia organikoa jasotzen ez duten herriei isunak garestitzea onartu duela ohartarazi du. “Andoainek materia organikoa jasotzen ez duela jakinik, zenbateko isuna jasoko dugu? Eta, Andoain kaltetua izango zela bazekien, alkatea zergatik ez zen neurriaren aurka jarri?, galdetu du.
Egoera honen aurrean, erabakirik hartu ez eta aurrera egiteko biderik ez dagoela ikusita, Andoaingo EAJk hondakinen mahaia uztea erabaki du. “Eztabaida gune honekin bat egin genuen arazoa konpontzeko borondatea genuelako, baina, Bilduren jarrera ikusita, ezinezkoa da. Iruzur egin digute”, ondorioztatu du.
Andoainen, 2014eko ekainaren 13an