Haritz Mujika: Saio indartsua izaten da. Asteasuko jaiak uda hasieran direnez, bertsolariak oso gogotsu etortzen dira, nekerik gabe. Jende asko etorri ohi da inguruko herrietatik. Aurten ere maila handiko bertsolariak etorriko dira; Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia eta Amaia Agirre.
Iazko jaietan egin nituen, lehendabizikoz, gai-jartzaile lanak. Amaia Agirre aritzen zen normalean, baina bertsotan aritzeko gogoa zuela, eta niri luzatu zidan proposamena.
Pentsatu al duzu nondik nora bideratuko duzun aurtengo saioa?
H.M. Herriko jaiak direnez, ez dut gai serio gehiegi sartzeko asmorik. Zenbait gai prest daukat dagoeneko. Gai mordoxka prestatu eta bertso eskolako lagunei jarri nizkien, emaitza ikusteko. Gai batzuk baztertu eta beste batzuekin aurrera egitea erabaki nuen.
Halako bertsolarien ondoan aritu beharrak errespetorik ematen al dizu?
H.M. Niri errespetu pixka bat ematen dit, baina ziurraski beraiei errespetu handiagoa emango die asko aritu gabeko gai-jartzaile baten aginduetara ibili beharrak. Nolanahi ere, bertsotan pixka bat ibilia naiz eta bertsolarien lana errazten saiatuko naiz. Amaia Agirre kantuan aritzeak ere asko laguntzen dit. Amaia bigarren ama bezalakoa da niretzat eta badakit edozein apurutatik ateratzen lagunduko didala.
Eta herrian aritzeak?
H.M. Horrek gehixeago. Ondo eta gaizki egindakoak gogoan izaten ditu jendeak eta oholtzatik jaitsi bezain laster, bakoitza bere iritzia ematen hasten da. Ikasteko balio du horrek, baino errespetua ere ematen du.
Harituz bertsozale elkartearen txapelketan hartu zenuen parte Aiztondoko taldearekin. Zer moduzko esperientzia izan zen?
H.M. Oso aberasgarria izan zen. Bertsotan pixka bat ibiltzen garenok, ahalik eta ondoen egitera joaten gara txapelketetara. Harituz elkarteak antolatutako honetan, ordea, gutxi ibiltzen den jendearekin aritu ginen eta haiek batere presiorik gabe joan ziren. Festa kutsua eman zion horrek txapelketari.
Sanpedroak iristear dira. Gogotsu al zaude?
H.M. Bai, aurten oso gogotsu nago.
Bertso saioan ez ezik, zein ekintzatan hartuko duzu parte herriko jaietan?
H.M. Soka-dantzan parte hartzen dugu herriko gazteok. Ohitura zahar horiei eustea beharrezkoa dela iruditzen zait eta asko gozatzen dugu egun horretan. Horrez gain, igandeko kalejiran eta asteleheneko jaialdian panderoarekin arituko naiz.
Egitaraua eskuartean, zein ekintzatan ez duzu hutsik egingo ikusle bezala?
H.M. Ahal dudan ekitaldi gehienetara joatea gustatzen zait.
Herriko jaiak gozatzeko dira eta horretan saiatzen naiz.
Ekintzaren bat gehituko al zenuke aurtengo egitarauan?
H.M. Ekintza bat gehitu baino, gazteak plaza inguruan ibiltzera bultzatuko nituzke gustura.
Jaietan, eguna ala gaua nahiago?
H.M. Asko gustatzen zait eguneko giroa, iluntzetan sortzen dena bereziki.
Jateko? Eta edateko?
H.M. Jateko edozer. Edateko berriz, lejia eta ura.
Dantzazalea al zara? Eta parrandazalea?
H.M. Geroz eta dantzazaleagoa naiz. Asko gustatzen zait plazan dantza egitea, jende ezberdinarekin egoteko aukera ematen duelako. Saltsan ibiltzea gustatzen zait, baina ez dut gaupasa handirik egiten. Eguna argitzerako erretiratzen naiz.
Ajerik izaten al da parrandaren ondoren?
H.M. Bai, nahiz eta parranda handirik ez egin, hurrengo egunean gorputzak ez du berdin erantzuten.
Parrandarako konpainiarik gustukoena?
H.M. Herriko festetan, adin ezberdinetako jendearekin egotea gustatzen zait. Gainerakoan, koadrilakoekin edota bertso-eskolako lagunekin izugarri gustura ibiltzen naiz.
Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?
H.M. Plaza ingurura gerturatzeko eta jaiez gozatzeko.