Hilabetean behin, Oiartzungo Elikagai Bankura joan, eta Asteasun  premian dauden familien zerrenda eskuan, beharrezko elikagaiak ekartzen  dituzte. Lizardi etxean elkartzen dira bolondresak, ekarritako  elikagaiak antolatu eta eskaera egin duen familia bakoitzarentzat sorta  bana prestatzeko. Bi bolondresen lana izaten da familia horiei harrera  egin eta dagokien sorta ematea. 
 Horrez gain, Eguberrietan, elikagai bilketa egin zuten Asteasun  bertan. Bildutako guztia Oiartzungo zentralera bideratu zuten: “Akordioa  dugu haiekin, eta ezin dugu hemen bildutakoa bertan banatu. Nolanahi  ere, garbi daukagu askoz ere elikagai gehiago ekarri dugula Oiartzundik,  guk hara eraman genuena baino”, azaldu dute kideek. 
 Helduen taldea
Herrian sumatutako beste  premia bati ere erantzun dio bolondres taldeak: “Bakarrik bizi diren  adinekoen artean, bakardade arazoak antzeman genituen, eta horri  irtenbidea eman nahi izan genion”, azaldu dute. 65 urtetik gorako  pertsonekin zerbait antolatzen hasteko gogoa piztu zen bolondresen  artean. Gonbidapenak bidali zizkieten bakarrik bizi diren herritarrei  eta lehen bilera egin zuten otsailean. 
 Herriko helduekin landu beharreko ekimena otsailean hasi eta  ekainean amaitzea zen hasierako asmoa, baina luzatu egingo dute: “Oso  gustura dabiltza eta uztailean ere bildu egingo gara. Behin uda pasata,  irailean ekingo diogu berriz ere. Esan beharra dago, bestalde, Asteasuko  emakume taldea ere parte hartzen ari dela ekimen honetan. Elkarlanean  ari gara eta hori ere oso aberasgarria da; parte hartzea, auzolana,  sentsibilizazioa, 65 urtetik gorakoen agerpena..., hori guztia lantzen  ari gara guztien artean”. 
 Dagoeneko, 65 urtetik gorakoen taldetxoak finkotasuna hartu du.  “Hilean behin biltzen gara, 25 bat heldurekin. Otsailean gure asmoen  aurkezpena egin genien, beti ere askari baten inguruan. Martxoan, joko  ezberdinen bidez taldea sendotzeko lana egin genuen. Apirilean bide  horri jarraitu genion eta maiatzean umorezko tailerra egin genuen. Oso  gustura aritu ziren; oso balorazio ona egin dute. Afari merienda ere  egin genuen elkartean. Aurrerantzean ere, parte hartu nahi duenarentzat  guztiz irekita egongo da ekimena”. Udalarekin elkarlanean ari dira  bolondresak eta haien babesa dute euren ekintzak antolatzeko. “Udalak  martxan du “Ibilbide osasuntsuak” izeneko ekimena. Helduen taldeko  kideei ibilbide horien diseinuetan parte hartzeko gonbita luzatu genien,  eta gogotsu azaldu ziren. Ekaineko bileran jasoko ditugu haien  proposamenak”, azaldu dute.
 Bolondres berriak
“Ahoz ahoko lanari  esker, bolondres kopurua hazi egin da. Norbaitek parte hartu nahiko  balu, ateak guztiz zabalik ditu. Hileko bigarren astelehenetan biltzen  gara Lizardi etxean, 18:30etatik aurrera. Horrelako ekimenak oso  garrantzitsuak dira herri egitura sendotzeko garaian eta gerturatzen  diren guztiak ongi etorriak izango dira. Herrian landu beharreko beste  gai batzuk edota ideia berriak sor daitezke hortik eta gu zabalik  gaude”. 
