Axeri-dantza oparotasunean bizi da, azken urteotan berrogei lagun inguru parte hartzen ari baitira hain bertakoa den tradizioa berritzen. Dantza prestatzeko entseguetan dagoeneko aurreikus zitekeen hori. Pozgarriena, gainera, gazte belaunaldien agerpena da. Haiek ikustean, lasai egon daitezke Axeri-dantza suspertu zuten adineko andoaindarrak. Dantzaren etorkizuna bermatuta dagoela esan daiteke. Parte hartzea hain handia izanik, Axeri-dantzako kide bakoitzak ikusleen artean herritar bana dantza egitera gonbidatu zuenean plazak itxura ikusgarria hartu zuen. Hamaiketakoa Zumeatarran egin ondoren, axeriak bertatik irten ziren kalejiran. Goikoplazako saio nagusia amaituta, bazkaltzera Zumeatarrara itzuli ziren. Bertan elkarteari eta sukaldariei esker ona adierazi zieten, nola ez, dantza eginez. Zapi bana jaso zuten elkarteko Lamberto Oterminek, Pako Arnaizek eta Jesus Etxabe “Kañi”k.
Bezperan, euripean, agintarien soka-dantza ohi baino laburragoa egin zuten. Azkarra eta bizia izan zen. Zinegotzi gehienak urtez urte hobetzen ari dira.