Tradizioak maite dituen andoaindarrarentzat, urtean zehar hiru egun sakratuak dira: Santa Krutz eguna, San Juan bezpera eta San Juan eguna. Ekainaren 23an pizten dute San Juan sua, erlijio eta tradizio kutsuko ekitaldien amaiera gisa. Goikoplaza jendez lepo bete aurretik, herritar ugari hurbildu zen San Martin elizara, Udal musika eskolako helduen eta gazteen abesbatzak eta Alberto Agirre abesbatzak eskaini zuten kontzertuaz gozatzera. Unerik garrantzitsuena eta hunkigarriena Salbe Gorena iristean gertatzen da, hiru abesbatzak batera Olagain txistulariekin batera kantuan hasten direnean. Azken urteotan formula hori bera erabiltzen hasi dira Andoaingo ereserkia eskaintzeko.
Elizatik kanpo, soka-dantza euripean burutu zen. Ohi baino laburrago egin zuten, baina hala ere bizia izan zen. Zinegotzi gehienak ere oso maila ona erakusten ari dira, gainera.
Afalostean San Juan sua pizteko ordua iritsi zen. Ohi bezala, musika eta dantza ikuskizun ederra eskaini zuten herriko taldeek. Andoaindarren gogoan geratzen den horietakoa.