Pozik eta gogotsu abiatu ziren Goikoplazatik, kantu bakoitza ahalik eta ondoen jotzeko erantzukizunarekin. Urduritasunak alde batera utzi eta kalearen jabe egin zirela esan daiteke. Kalea musika egiten zuen emakumezko taldeak bereganatu zuen.
Antza denez, batukadarena ez da jaietara bakarrik mugatuko. Partaide askok esperientziarekin gozatu dute eta nonbait herriko auzoren batetik edo bestetik saioa eskaintzeko proposamenak jaso dituzte. Ez litzateke txarra izango, esperientzia honetatik talde finkoa osatzea. Sortu edo ez, egindakoak merezi izan duen sentsazioarekin geratu dira ekimenaren sustatzaileak eta partaideak. Ez da gutxi.