Pregoiarekin gorazarrea bost belaunaldiri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 26a, 13:46

Zabalik dagoen tabernarik zaharrena haiena da. Familia eta negozio aski ezagunak dituzte elizondotarrek.Familiakide osoaren izenean, San Juan jaiei hasiera emateko pregoia Jose Luis Elizondok irakurri zuen.

Bideoa | Kronika:

Birraitonak, aiton-amonak, gurasoak..., Jose Luis Elizondo laugarren belaunaldikoa da eta bera izan zen pregoia irakurtzeaz arduratu zena. Ondorengo belaunaldia, bosgarrena, alboan zuela hartu zuen hitza Jose Luisek: “Pozgarria da Andoaingo herritar batentzat bere herriko jaiari hasiera ematea. Zoriondu egin nahi ditugu proposatu zituzten beste hautagaiak: meritu handikoak zarete eta zuen lanaren bitartez Andoain herria hobetzen duzue. Guri dagokigunez, zer esan dagoeneko ez dakizuenik? Egun hauetan hainbat egunkaritan agertu gara, baina honakoa esan behar da: lehendabiziko Elizondo Adunatik etorri zela gaur arte 120 urte igaro dira, gutxi gorabehera. Baliteke ondoan ditudan haur eta gaztetxo hauek beste 120 urteri hasiera ematea. Nahiko latosoak garela esango duzue, baina lasai, nik ere horixe pentsatu izan dut behin baino gehiagotan. Bost egun ditugu aurretik. Andoaingo Sanjuanak dira munduan ditugun festarik ederrenak, garrantzitsuenak, ikusgarrienak eta alaienak. Hala ez bada ere, zuek hori esan, esatea dohainik da eta. Ana Carrere alkateak esan zuen papera botako zuela sutara, krisi latz hau betiko erre dadin desiratuz. Festak andoaindar guztiei eskaini nahi dizkiet, arrazoi ezberdinengatik hemen egon ezin dutenei. Hau ez da Leitza edo Iruñeako plaza, baina odol nafarra dugunez zainetan, Nafarroan hainbat eta hainbat festetan egiten duten bezala, zapi gorria izango banu bezala bota nahiko nuke txupinazoa. Gora Ama Kandida! Aupa Eibar! Eta gora San Juan, gora San Juan eta gora San Juan!”.
Jarraian, elizondotarren belaunaldi berrietako haur batek Aitor Mendiluzeren bertsoa irakurri zuen:
“San Juan jaiak iritsi zaizkigu herrira, 
andoaindar guztiak animatu dira. 
Sua eta musika, kirolak eta gu, 
ederki pasatzeko aukera daukagu. 
Axeri dantza plazan ohitura hori da, 
animatu zaitezke plazaren erdira. 
Umeentzat haur jolasak prestatu dituzte, 
gu ere festan parte hartzea nahi gaituzte. 
San Juanetan festa ez zaigu faltako, 
zerbait badago gustu guztietarako. 
Giroa izango da goizetik gauera 
eta aprobetxatzen saiatuko gera. 
Umorez eta gogoz iraun bitartean 
festa egingo dugu guztien artean. 
Kanpotik datoztenak ongi etorriak, 
denentzat lekua du gure herriak, 
gurea da herria, gurea da plaza, 
animatu guztiak eta ondo pasa”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!