Kaletxikiko Kandido eta kantinera etxe berekoak dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 26a, 13:34

Joseba eta Marta Oteiza Arabaolaza anai- arrebak  ez dira Kaletxikin bizi, baina bertan dauzkate familia sustraiak, eta jaietan ez dute hutsik egiten. Martak urte mordoa darama kantinera gisa danborradan parte hartzen; Joseba, berriz, aurten Kandidoren papera betetzeko hautatu dute.

Nolatan aurten Kandido gisa?
Joseba Oteiza: Aurreko batean, unibertsitateko azterketetarako prestatzen ari nintzela Martak deitu zidan Ontza elkartetik. Jai batzordekoek nire izena proposatu zioten Kandirorena egiteko. Horrela, bat-batean entzunda, ilusioa egin zidan eta baiezkoa eman nion. Egia esanda, ez nekien ondo non sartzen nintzen! 
Ohore handia da Kaletxikiko jaietako Kandido izatea, eta laguntza eskatuko diet jai batzordekoei eta ingurukoei, ardura horri dagokion protokoloa egoki betetzeko. 
Betidanik ikusi dugun ekitaldia da Kandido eta Txikitxoena, berarekin hazi gara. Gogoratzen naiz txiki-txikiak ginela, amak nola eraman gintuen eskutik helduta Kandido eta Txikitxoen ekitaldia ikustera. Gure osaba izan zen orduan Kandido, eta egun hura oroitzapenean bereziki gordeta geratu zait.
 
Zuk, Marta, ekitaldi ugaritan hartzen duzu parte...
Marta Oteiza: Danborradan batik bat. Kantinera gisa hartzen dut parte, 11 urte nituenetik. Atera nintekeen danbor jotzaile bezala, baina gogoko dut horrela. Oso ondo pasatzen dut. 
Bestalde, jaien antolaketan denok ere piska bat lagundu beharko genukeela iruditzen zait, eta horrexegatik, aurten, tabernan lan egiteko asmoa daukat.
 
Zein ekitaldi dituzue gogoko jaietan?
J.O.: Asteburuan ekitaldi ugari izaten da bata bestearen atzetik, eta denak dira erakargarriak. Hala ere, sagardo txapelketan sortzen den giroa aipatuko nuke. Jende asko etortzen da kanpotik, ezagunak dira asko, eta berriketan aritzeko momentu polita izaten da.
M.O.: Sagardo egunekoa aipatuko nuke nik ere. Aldi berean, pertsonalki, danborradan izugarri gozatzen dut. Ez gara parte hartzaile gehiegi, baina badakigu noiz ibili formaltasunez eta noiz umorez.
Igandeko Migel Mari Pagola mendi krosa ere huts egin ezineko hitzordua izan ohi da niretzat. Amona eta aitonaren anaia irteten dira oinezkoen proban, eta haiek animatzen ditut. Neu ez naiz kapaz izaten oinezko ibilbidea egiteko, eta gutxiago korrika egiteko; danborradaren ondorengo bestondoari ezin eutsirik egoten bainaiz!
Hala ere, Arabaolaza familiarentzat, igande gaua izaten da apartekoa. Denok bildu, eta Ontza elkartean afaltzen dugu. Jaien amaiera egokitzen da, eta oso erritual polit eta nahiko intimoa den batean hartzen dugu parte: gaueko 24:00etan, jaien hasieratik elkartearen sarreran zintzilikatuta egon ohi den bandera jaisten da, danbor hotsez lagunduta. Gauza txikia da, baina badauka xarma berezia dauka gure familiarentzat. 

Nola ikusten dituzue Kaletxikiko jaiak?
J.O.: Baxualdi txiki bat izan zuten orain urte batzuk, baina indartsu eta fresko dabiltza azken urteetan. Jai batzordea izugarri ahalegintzen da ekitaldi berri eta erakargarriak antolatzeko orduan. Kaletxikiko kalea jendez gainezka egoten da hiru egunetan, auzokoak direnekin eta ez direnekin, eta seinale ona da hori, antolatzaileak programarekin asmatzen ari direla esan nahi baitu.

Zer esango zeniekete irakurleei Kaletxiko jaietara hurbildu daitezen?
M.O.: Beste urteetatik ezagutzen dutenei, berriro etor daitezela. Ondo dakitenez, oso giro polita sortzen da eta era guztietako ekitaldiekin gozatzeko aukera izaten da. Inoiz azaldu ez direnei, berriz, anima daitezela. Ez dira damutuko; eguerdi, arratsalde edo gau zoragarria igaroko dutelako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!