Uda honetako zaindariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 26a, 12:09

Udako lehen eguzki printzak ateratzearekin batera, lanean hasi dira Ander Peñagarikano eta Ruben Villalón Urnietako igerilekuko sorosleak. Ekainaren erdialdean kanpoko igerilekua ireki dutenez, sorosle lanaz eta uda denboraldiaz hitz egin dute Aiurrirekin.

Bideoa | Elkarrizketa:

Denboraldi hasiera honetan jendea etorri al da? Noizko espero duzue etorriko dela jende gehien?

Ander Peñagarikako: Ekainaren 15ean ireki genuen kanpoko igerilekua eta azken bi aste hauetan jendea bildu den arren, uztailean izaten da igerilekuan jenderik gehien. Orduan hasten da kanpoko jendea etortzen, batez ere, Usurbildik eta Lasartetik. 
Ruben Villalón: Ikasleek ekainaren amaieran amaitu dituzte ikasketak eta orain hasiko dira maizago etortzen. Gainera, abuztuan jendeak kanpora joateko ohitura du, eta, ondorioz, uztailean izaten da mugimendurik handiena. Edonola ere, igerilekua irailaren erdira arte egongo da irekita. 

Zein da zuen eguneroko lana?
A.P.: Goizeko 9:30etan sartzen gara lanera eta 10:00etan irekitzen ditugu igerilekuko ateak. Ordu erdi horretan ura zein egoeratan dagoen kontrolatzen dugu. Jendea etorri ahala, zainketa lanetan hasten gara: jendearen inguruan ibili, arriskuez ohartarazi, arauak errespetatuarazi... Igerilekuan jende asko dagoenean, ezinezkoa da denen gainean egotea. Horregatik, arrisku handiena duten pertsona taldeei erreparatzen diegu; haurrei, adinekoei eta haurdun daudenei, gehienbat.
R.V.: Talde horietatik arriskutsuenak gazteak izaten dira normalean, 15 urte ingurukoak. Ondo pasatzera etortzen dira, baina beraientzat ondo pasatzea eta salto egitea, korrika egitea, uretan borrokan ibiltzea da... Hori izaten da arriskutsuena, bai beraientzat, baita beraien ingurukoentzat ere.

Izan al duzue inoiz sustorik?
A.P.: Noiz edo noiz izan dugu, baina susto handirik ez. Haur txikiren batek ihes egin eta igerileku handira erori izan da noizbait. Horrez gain, ez dugu inolako ezbeharrik izan. 
R.V.: Zorionez ez dugu inoiz uretara salto egin behar izan. Harritzekoa da, izan ere, uztaila inguruan igerilekura jende asko etortzen da. Bete egiten da eta mugimendu handia egoten da; baina ez da sekula ezer larririk gertatu. 

Zein dira igerilekuan bete behar diren arau nagusiak eta ematen dituzuen aholkuak?
A.P.: Arauak ohikoak dira: korrika ez egitea, ez bultzatzea, txiribueltarik ez egitea, jendea uretara ez botatzea... Formaltasunez ibil daitezen eskatzen diegu, esate baterako, uretara sartu aurretik inguruan beste norbait dagoen begiratzeko eta haurrekin kontuz ibiltzeko.
R.V.: Txanoa derrigorrezkoa da eta uretara sartu baino lehen dutxatu egin behar da. Horrez gain, testuinguruaren arabera eta igerilekuan dagoen jendearen arabera antolatzen gara, arriskua non dagoen ikusten dugu eta horren baitako aginduak ematen ditugu. Arau ohikoak honakoak dira: korrika ez egitea, aguadillak ez egitea, baloirik ez ibiltzea... Baina egunaren arabera agindu bat edo beste ematen dugu. Igerilekua lasai dagoenean beteta dagoenean baino malguagoak izaten gara, eta, agian, egun batean uzten ez dugun gauzaren bat uzten diegu hurrengoan. Azken batean, testuingurura moldatzen gara. 

Zein dira sorosle izatearen alde onak eta txarrak? 
R.V.: Nire ustez, gauzarik hoberena jendearekin dugun harremana da. Urtean zehar ere hemen lan egiten dugu eta dagoeneko igerilekura etortzen direnek ezagutzen gaituzte. Horregatik, jendearekin hitz egitea, harremana izatea eta konfiatza edukitzea gustatzen zaigu. Bestalde, ordea, batzuetan polizia lanak egin beharra izatea ez zaigu horrenbeste gustatzen.
Mundu guztiak ez gaitu ulertzen; normalean bakoitzak bere errealitatea soilik ikusten du, eta guk errealitate osoa ikusi behar dugu. Horrek aginduak ematera bultzatzen gaituenez, desatsegina izaten da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!