Patxi Etxeberria urtez urte, plazaz plaza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 23a, 10:29

Klasikoa, beteranoena plazatan dabiltzanen artean. neurri eta errimetan zehatza. Ahots indartsu eta dotorearen jabe. Patxi Etxeberria lasarte-oriatarra San Juan egunean kantari arituko da.

Noiz izan zinen azkeneko aldiz Andoainen bertsotan?
Patxi Etxeberria: Aspaldian izan ote zen errezeloa daukat! Lazkao Txiki, Lasarte eta hirurok aritu ginela esango nuke, Sanjuanetan. Bestelakoan, Sorabillan bizpahiru alditan kantatutakoa naiz.

Nolako umorez zatoz Andoainera?
P.E.: Egia esango badizut, harridura izugarria sentitu nuen deia jaso nuenean. Baita poza ere, 84 urte dituen pertsona batekin gogoratzeagatik.
Ikusita norekin naizen kantatzekoa, ur handitan sartuko naizen tankera hartzen diot egunari, baina lana txukun egiten ahaleginduko naiz. Oso gustura joango naiz behintzat! Niretik dena emango dut eta ateratzen denarekin itzuli beharko da etxera, isil-isilik!  

Patxi, oraintxe ez zara, bada, beldurtzen hasiko... Plaza ugari egindakoa zara-eta...
P.E.: Egia da hori, baina oso azkar doa oraingo bertsogintzaren trena, azkar doanez! Makina azkarrak, sasoikoak, oso jantziak dira oraingo bertsolariak.  

Gasolina soberan daukazu oraindik...
P.E.: Baina ez dakit zenbaterako! Burua ez baitabilkit garai batean bezala. Burua azkar eta argi eduki behar da bertsotan egiteko. Gauza askok kointziditu behar dute egun ona edukitzeko, osasun aldetik pattalaldirik ez edukitzea, besteak beste.
Bertsolarien elkartekoek-eta esaten didate zaharrena izango naizela plazatan dabiltzanen eta ez dabiltzanen artean, eta halaxe izango da. Egin kontu, ni bertsokide askoren aitona izan naitekeela!
Maialenek, Egañak eta besteek beti esan ohi didate “Patxi, guretzat ohore bat da zurekin bertsotan jardutea!”. Badakit bihotzez esaten didatela hori, eta eskertzen diet. Egiatan, niretzat behar luke izan ohorea eta pribilegioa, izugarrizko maila duten bertsolarien ondoan aritu ahal izateagatik!

Ederki modaltzen zara gazteekin. Eta gaiekin? Izan ere, aktualitatea jarraitzea eskatzen du gaurko bertsogintzak...
P.E.: Egia esango dizut: apenas irakurtzen dut egunkaririk. Atzokoa irakurri nuen, baina ilobaren eskela zetorrelako hartu nuen. Gauza beltza da hori, ni bezalako ilustratu gabekoentzat. Harrigarria izaten da edozein gai moderno jarri, eta gaurko bertsolari demonio horiek zenbat hitz eta zenbat arrazoi botatzeko kapaz diren!
Nire zailtasuna nabarmentzen da halakoetan, baina hala ere, nondik edo handik abiatuta airoso ateratzen saiatzen naiz. Izan ere, dauzkazun baliabideak erabiltzen dituen eskolakoa bainaiz. Entzuleen artean bada trebezi hori estimatzen duenik, eta aurrera!

Zenbat alditan galdetu ote dizute atzoko eta gaurko bertsolararien arteko aldeaz...
P.E.: Makina batean! Azkenekoz, herenegun, andre batek esan zidanean: “haiek ziren bertsolariak, haiek, eta ez oraingoak!”. Batetik, Uztapide, Baserri, Lazkao Txiki, Lasarte eta horiek denak eskola gutxikoak ziren, konforme, baina a ze nolako bertso isuria zeukaten! Bestalde, BECen egin den azkeneko txapelketan bertan izan nintzen, eta aho zabalik pasa nuen egun osoa. Hura zen bertso etorria!
Bakoitza bere garaikoa da eta ez dakit konparatzen hasteak merezi ote duen. Kontua da bertsoa baloratzen dakien batek aitortu beharko lukeela egundokoa dela gaurkoen bertsokera, izugarria!

Urnietan urtean hiru txandetan aritzen zara. Ez dira aspertzen zurekin nonbait...
P.E.: Joan deneko hogeita hamar urtetan izan naiz, bai! Sanisidrotan, Azkorteko jaietan eta Sanmieletan. Horrelaxe errepikatzea hainbeste urtetan, bakar-bakarrik Donostian Karmengo jaietan eta Zeraingo jaietan gertatzen zait. Tira, urtero joateko hots egiten didate, eta nirekin konforme geratzen diren seinale izango ote da! Ederki eskertuta nago Urnietarekin!

Beñat Gaztelumendirekin bikote egin duzu azken bi urtetan Urnietan...
P.E.: Joxe Agirre edo Txomin Garmendia izan ditut bikote urtetan, eta azken aldian Beñat Gaztelumendirekin aritutakoa naiz, bai. Iaz Txominek beste konpromisoren bat zeukala eta, Beñati hots egin nion. Banituen erreparoak, ea 23 urteko gazte batek nahiko ote zuen 84 urteko agure batekin jardun, baina agudo eman zidan baiezkoa! Gainera, saioa amaituta, zera aitortu zidan: “Patxi, gaurko eguna ez zait sekula ahaztuko!”. Oroitzapen ona gertatu zen harentzat ikusten denez, eta pozik itzuli ginen etxera biok.
Harrezkero, Zerainen, Aginagan eta berriro Urnietan elkartu gara eta zeharo gustura moldatu izan gara biok. Eliza barruan abesteko ez dauka erreparorik, gazteen artean ez baita erraza halakorik bilatzea. Bertsotarako oso mutil azkarra izateaz gain, zintzoa eta leiala da bertsokide gisa. Bada, zer gehiago behar ote du ni bezalako batek?

Maddi zure biloba ere hasita dago bertsotan...
P.E.: Poza sentitu behar, noski! Aurrekoan, Larraul-Andoain herri arteko neurketan izan ginen andrea eta biok. Bera Larraulgo taldean aritzekoa zen, eta gu hara joatea nahi zuen. Saioaren amaieran “Maddi, gustura aritu al zara?”, galdetu nion. Baietz erantzun zidan, eta poz ederra hartu nuen, hori baita gaztetan garrantzitsuena.
Egia esan, bertsotan erraz aritzen den tankera hartu nion. Hamasei urte besterik ez ditu; ikasketak ez ezik, bibolina, kantua, kirola..., aktibitate asko dauzka eta ahaleginak egin beharko ditu denak aurrera eramaten. Bitartean, dabilela, dabilela bertsotan! Bertsoa barru-barrutik bizituko du, eta harrezkero bertsoa egiten edo entzuten jakingo du betirako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!