Mikeletea, herrietan zegoen zaindari hura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 23a, 10:28

Oroimen historikotik ezkutatzen ari den pertsonaia historikoa da. tarteka gizarte tradizionala irudikatu nahi duten herri antzezpenetan ikusten ditugu. Sanjuanetan egiten den haur danborradan ere bai.

Halako ekitaldietan, praka eta txapel gorriz eta jantzi urdinez ikusten diren pertsonai horiek nortzuk ote diren galdetzen dute askok. Mikeletea, Gipuzkoako Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusien agindupeko milizia kidea zen. 1839an eratu zuten, eta nagusiki lehen mikeleteak Lehen Gerrate Karlistako soldadu ohiak (txapelgorri karlistak eta txapelzuri liberalak) izan ziren. 1877az geroztik Miñoi izena jarri zitzaien Bizkaikoei.
Foru izaera zuen polizia taldea zen mikeleteena, honakoak ziren bere zereginak, besteak beste: bide zaintza, zerga bilketa, herri bakearen mantenua, gaizkileen eta kontrabandoaren jazarpena…   
Aparteko baldintzak jartzen ziren mikelete izateko: gutxieneko 1,66 metroko altuera edukitzea; 20-30 urtekoa izatea, ezkongabea izatea (bi urtez jarrera ona edukiz gero, baimentzen zen ezkontzea); irakurtzen eta idazten jakitea, ohorearen birtutea edukitzea; jarreraz duina eta irmoa izatea eta bortxa zuhurtasunez bakarrik erabiltzearen aldekoa izatea; jokabide zuzena erakustea (ondorioz, debekatuta zeukaten taberna eta sagardoetagietan sartzea); bizarra ondo zainduta eramatea; kartetan ez jokatzea…   
Historia kronikek esan izan dutenez, Gipuzkoako herritarrek errespetuz hartzen zuten mikeletearen autoritatea, gertukotzat jotzen zuten. Euskalduna zen mikeletea, eta asko errazten zuen horrek, nonbait.
Mikeleteei loturiko gertakizunak topatzen hasita, kontrabandista eta bidelapurren kontrako borrokarekin zerikusia dutenak izan litezke, beharbada, gugana iritsi direnen artetik ezagunenak. Eginkizun horretarako azpiegitura gisa erabiltzen zuten etxe batek baino gehiagok zutik dirau oraindik Gipuzkoako mugatan. Hala Nola: San Adrian (Aizkorriko parke naturalean), Urto (Berastegi), Lizartza (Araxeko bailara)…
1936ko gerran, Errepublikaren alde lerratu ziren mikelete gehienak. Altxatu militarrek Gipuzkoa herrialde traidoretzat hartu zuten, eta ondorioz, 1937an, deuseztatu egin zituzten bai foruak eta baita polizia gorputz hori ere. Soilik mikelete bakar batzuk utzi zituzten, zergen inguruko zereginetan aritzeko.
Egun, laupabost baino ez dira geratzen, eta funtzio sinbolikoak betetzen dituzte: Foru eraikinen zaintza eta Aldundiko Ahaldun nagusi eta foru diputatuen bizkarzaintza, hain zuzen.   

Mikeleteak Andoainen
Argazkian, Juan Jose Etxeberria Berra mikelete andoaindarra ageri da. Miren Etxeberria bere bilobak utzitako erretratua da. Etxeberria Kaletxiki auzoan bizi zen eta Andoainen jardun zuen mikelete gisa. Lege zaindari ospetsua izan zen bertako herritarrentzat XX. mendeko lehen hamarkadetan, harik eta 1931n hil zen arte. Bere bilobak adierazi duenez, Alfonso XIII erregearen ama zen Maria Cristina Donostiara etortzen zenean mikelete-taldea bere zaintzan jartzen zuen Diputazioak, eta aitona beti aukeratzen omen zuten eginbehar horretarako.
Etxeberria familiak umorez kontatu izan du honako pasadizoa, Andoainen behin eta berriro errepikatu izan zena: aitonak agindua omen zeukan herrian sartzen ziren ijitoak kanpora zitzan. Andoaingo mugetan uzten omen zituen ijitoak, bai, baina bere zereginak ondo bete zituelakoan herrira itzultzen zenerako, hara non topatzen omen zituen berriro herriko kaleetan!
Juan Jose Etxeberriak lau seme izan zituen, eta horietako batek, Jose Ferminek, aitaren ofizio berbera hautatu zuen. 36ko gerran, lau senideak gudariak izan ziren Bizkaiko frontean, eta era guztietako zigorrak pairatu zituzten ondorioz (kartzela, langile batailoiak eta exilioa). Jakina, Jose Ferminek mikelete lanpostua galdu egin zuen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!