Santio egoitza berrituaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 20a, 16:58

Gaur eguerdian, Amasa-Villabonako Santio egoitza berritua aurkeztu dute prentsaurrean Galder Azkue alkateak, Ander Rodriguez Gizarte politiketako Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak eta Santio egoitzako Juli Etxezarreta eta Fortunata Iturbe egoiliarrek. Guztiak ere pozik eta gustura agertu dira eraikin berrituarekin:

BIDEOA

Berri pozgarria emateko bildu direla esanez ekin dio Galder Azkue alkateak prentsaurrekoari, azken urte hauetan egin diren lanen berri eman eta erakusteko. Santio egoitzan berrikuntza prozesua egin dela zehaztu du eta guztion esfortzuarekin, erakusteko moduko emaitza lortu dela.  

“Santiago egoitzaren historia 1923 urtean hasi zen. Urte hartan, La Salvadora oihal fabrikak, egun Santio egoitza aurkitzen den orube edo lurra eman zion Udalari, betiere, baldintza batekin: benefizientzia edo ongintzara bidera zezala. 1930eko hamarkadan eraiki zuen Udalak lehen eraikina eta benefizentziara bideratu zuen, agindu bezala. Historikoki moja eta erlijiosoen esku egon da zentro honen kudeaketa. 1992 urtean sortu zen Santio egoitza egun ezagutzen dugun Udalaren menpeko organismo autonomo bezala eta ordutik hona hainbat aldaketa izan da bai eraikinean eta baita kudeaketan ere”. Kudeaketari dagokionez, lehen erlijioso eta mojen esku egon bazen ere, 2004 urtetik hona, zerbitzu espezializatutako enpresa baten esku dagoela jakinarazi du. “Egun 24 langile ditu zentroak: besteak beste, eraikinaren garbiketan, erizaintzan, harreran edota sukaldean aritzen direnak. Eraikinari dagokionez, berriz, transformazioa etengabea izan da, zentroaren funtzioak nola araudiak aldatzen joan baitira. Azken transformazio nagusia 2009an hasi zen eta ordutik hona, joan zen hilabetera arte obratan eta inbertsioak egiten aritu dira”, azaldu du Azkuek. 1.500.000 euro inbertitu dira azken bost urte hauetan egoitza berritzen. Horietatik hiru laurden Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu ditu bere gain eta laurden bat Villabonako Udalak. “Egoitza berri bat daukagu orain: argia, koloretsua, araudia betetzen duena…, baina argi eta garbi, bertako zuzendaritza, langile eta egoiliarrei eman behar zaizkie eskerrak”. Egungo bizimodu azkarrarekin lotuta, ideia bat azpimarratu nahi izan zuen Galderrek: “Gizarte moderno batean bizi omen gara, baina gizarte hau nahikoa krudela da adinekoekin. Badirudi produzitzen ez dutenak baztertu egiten direla eta nik gaur hemen zuzendaritzaren nahiz langileen lana txalotu nahiko nuke, baita Aldundiak bere gain hartutako kostua ere, gizarte orekatua lortze bidean”. Egoiliarrei “zuek gu behar gaituzuelako eta guk zuek” esan dienean, haien keinu hunkigarria jaso du Galderrek trukean. Gipuzkoa osoko adineko pertsonak biltzen dira Santiago egoitzan, 32 guztira. Nahiz eta berrikuntzen ondorioz gehitutako zazpi logela berriak gehituta, 39 lagunentzako lekua izango den aurrerantzean. Egoiliarrek ondotxo ezagutzen dituzte dagoeneko Amasa-Villabonako ohiturak eta parte-hartzaile aktibo ere badira, “txalotzekoa da benetan zentroko zuzendaritzak nahiz egoiliarrek duten jarrera. Asko eskertzen du hori herriak, amaitu du Galderrek.

 

Zaintzen kalitatea, langileen baldintzak

Gaur Villabonako Santio egoitzan biltzea plazera dela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak. “Azken bost urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euro pasatxo bideratu ditu egoitzan inbertsioak egiteko. Guztira obren %75a Foru Aldundiak eta %25a Villabonako Udalak ordaindu ditugu elkarlanean, behar-beharrezkoak ziren birgaitze lanak ahalbidetzeko. Hilabete hauetan burutu da lanen azken fasea, zehazki, atzealdeko fatxada egin da, hainbat logela eta bainugela berri egin eta irisgarritasuna bermatu da. Proiektu honen bitartez zazpi plaza gehiago egongo dira egoitzan, guztira, beraz, 39 pertsonei zerbitzua emateko aukera edukiko dugu, eguneko egonaldietarako lau plazez gain”. Aldaketa baten berri ere eman du Rodriguezek,  “legealdia bukatu baino lehen, Foru Aldundiak bere gain hartuko du egoitza honen kudeaketa. Esku-aldaketa prozesua burutu eta gero, bi konpromiso hartuko ditu Foru Aldundiak bere gain: Batetik, zaintzen kalitatea eta bestetik langileen baldintzak bermatzea”.

Egoiliarrak gustura

Fortunata Iturbek obrak egin dituztenez geroztik oso gustura daudela jakinarazi du eta oso pozik daudela bertako langileekin.

Juli Etxezarretak, bestalde, “12 urte egitera noa hemen eta oso pozik nago. Martxa onean doa egoitza eta langileei eskerrak eman nahi dizkiet”, azaldu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!