Batukada feminista San Juan jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 20a, 13:42

Berdintasun planarekin batera hainbat tailer antolatzen hasi zen Andoaingo Udala. Tartean, San Juan jaietan estreinaldia egingo duen batukada feminista. Danbor hotsak kalez kale ozen entzungo dira larunbat honetan. 


Andoainen batukada taldea sortu zen apirilean eta Ainara Sarasketa eta Arantza Vicedok gidatutako entsegu batzuen ostean, San Juanetan kalera irteteko gogoz daude. Taldeko batzuen esperientziak jaso ditu Aiurrik lau partaide ezberdinen artean.

Koro Ubillos
“Nik repenikea jotzen dut. Hasiera batean ez nuen instrumentu hau nahi, danborraren oso antzekoa delako, baina ez da uste bezain antzekoa eta orain oso gustura jotzen dut. Oso gustura nabil, beti nago ostirala noiz iritsiko zain entseatzera etortzeko. Hasiera batean Sanjuanetan soilik jo behar genuen, baina orain Tolosara joatea eta bertan jotzea eskaini digute. Pentsatzeko daukagu oraindik. Gogotsu gaude eta aurrerantzean ere jarraitu egin nahiko nuke”.

Gabone Iturrarte
“Ezagun batek esan zidan ea animatzen nintzen eta, dudarik gabe, baiezkoa esan nion. Instrumentuen aukera eskaini zigutenean, denak handiak hartzera joan ginen. Nik, ordea, azkenean plantinalak hartu nituen eta oso gustura nago. Txikiagoa da eta jolasteko aukera ematen du. Hala ere, jendaurrean jotzeak lotsa apur bat ematen dit. Lehendik dantzan eta musika joz oholtza gainean ibilia naiz, baina denbora asko da jendaurrera irteten ez naizela. Ahal duguna egingo dugu. Gainera, geroz eta hobeto jotzen dugu eta ondo koordinatzen gara. Ikusten da gainontzekoen instrumentuetan ere belarria jartzen dugula”.

Elixane Jauregi
“Gaur izan da nire lehenengo entsegua. Bi lagunek kale egin dute aste honetan eta apuntatzeko gogoz nengoenez, ni sartu naiz. Entsegu batekin nahikoa izaten dela esan zidaten eta esperimentatzera etorri naiz. Hasieran galduta ibili naiz baina ez da uste bezain zaila. Bi kanta ikasi ditugu, eta kit-kat deitzen zaien isilune, errepikapen eta erritmo joko horiek. Gainera, instrumentu bera batek baino gehiagok jotzen dugunez, elkarri begira ondo egiten saiatzen gara”.

Arantxa Urtasun
“Apirila inguruan hasi ginen batukadan eta bost entsegu egin ditugu. Tanborina jotzen dut; erraza da jotzeko, ez baitu pisurik. Geroz eta abesti konplexuagoak ikasten ditugu, baina okerrena da entsegu batetik bestera ahaztu egiten zaizkigula. Izan ere, zaila da gogoratzea noiz isildu, noiz errepikatu. Hala ere, oso ondo pasatzen dugu. Ez dut lotsarik, niretzat jotzen dut eta ez zait axola gaizki egiten badut. Besteek ondo pasatzen badute hobeto, baina nik ederki pasatzen dut eta Sanjuanetarako gogoz nago. Egia da beste talde batekin agian ez nukeela joko, baina talde oso ona sortu da eta, dudarik gabe, talde honekin pozik aterako naiz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!