Kauta taldearen emanaldia Nafarroa plazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 20a, 13:41

San Juan jaietan zuzenean arituko da Kauta taldea, disko berria aurkezten. ekainaren hogeian izango da eta taldekideek azaldu dutenez, etxean jotzea beti da berezia.

Mikel Moreno abeslari eta gitarjolearekin eta Adrian Elustongo baxuarekin elkartu da Aiurri, euren azken diskoaz eta San Juan jaietako kontzertuaz hitz egiteko.
 
BIDEOA | Elkarrizketa: 

Zuen lehenengo kontzertua Andoaingo Gaztetxean izan zen, 2002.urtean. Nola aldatu da Kauta ordutik hona?
Mikel Moreno: Iker bateriarekin eta koadrilako laguna den Xabi gitarrarekin grabatu genuen maketa. Ondoren, Ikerrek taldea utzi eta lehenengo diskoa Xabirekin grabatu bagenuen ere, gero berak ere uztea erabaki zuen.  Beraz, bigarren diskotik aurrera hirukote bezala jarraitu dugu eta taldea bera aldatzeaz gain, urte hauetan guztietan asko ikasi dugu. 
Adrian Elustondo: Gorka bateria maketa grabatu genuenean sartu zen. Beraz, laukote izatetik hirukote izatera pasa gara eta, dudarik gabe, urte asko pasa denez, formazioa jaso dugu.

Zuen ibilbidean zehar atsedenaldia egin zenuten, zer dela eta bost urteko geldialdia?
A.E: 2009an geratu ginen, baina ordura arte maketa eta hiru disko atera genituen, eta kontzertu mordoa eskaini genuen. Ikusi genuen geldiune bat behar genuela, ordura arteko bidea oso intentsoa izan baitzen. 
M.M: Atseden hartzeko ere ondo etorri zen. Konposiziorako urtebete eta kontzertuetarako beste urtebete behar izaten genituen, eta gustura aritzen ginen arren, neketsua zen. Gainera, gauza berriak probatzeko gogoz ginen. Konposizioari garrantzia handia eman izan diogu beti eta hirugarren diskoarekinzer kontatu oso argi ez genuen unea iritsi zen. Ez genuen zer kontaturik eta atsedena hartzea eta proiektu ezberdinak egitea erabaki genuen. Bost urteren ondoren, badugu zer kontatu eta horiek kontatzera itzuli gara.

Atsedenaldi hori ere disko berria prestatzeko erabili duzue…
M.M: Bai, azkeneko urtean gogoa sartu zitzaigun eta disko berria grabatu genuen. 
A.E: Orain, gainera, lokala daukagu entseatzeko eta bertan maketa batzuk grabatu ditugu. Mikelek idatzi ditu abestiak, ondoren osatzen joan gara. Izan ere, proposamena atera eta bakoitzak bere ukituak ematen dizkio, borobiluz.

Itzuleraren ondoren zaleek harrera ona egin al dizuete?
A.E: Bai, jendearen harrera oso ona izan da eta, gainera, konturatu gara orain gure zaleak helduagoak direla, hau da, lehen entzuten gintuztenek oraindik jarraitzen gaituztela.
M.M: Guk hamazortzi urte inguru genituen jotzen hasi ginenean eta jende gaztea mugitzen genuen, 15-19 urte ingurukoa. Orain, noski, hogeita hamarretik gora urte ditugu eta zaleak ere zahartu egin dira, beraz, kontzertuetara gure adineko jendea joaten da. Hamabi urte pasa dira eta urteak ez dira alferrik pasatzen, gu zahartu garen bezala, zaleak ere zahartu egin dira. Baina poztekoa da hor jarraitzen dutela ikustea.

Orain “Agerre” baserrian entseatzen duzue. Zergatik eman diozue diskoari izen hori?
M.M: Bost urte hauetan bertan egon gara gauza berriak probatzen eta diskoa bertatik atera da, beraz, uste genuen ezkututik ikusten ez zen zerbait zela eta agertu behar zuela. Puzzlea bideoklipa ere bertan grabatu dugu.

Zein dira disko honen ezaugarri nagusiak edo bitxikeriak?
M.M: Ilustrazioan balio erantsia eman diogu diskoari eta letrak eta marrazkiekin egindako lan interesgarri bat dago. Horrez gain, beti saiatzen gara letra eta musika elkarrekin joan daitezen. Oihukatzea bezala da, gauzak esaten ditugun moduaren arabera, suabe ala ozen, ez da berdin jasotzen. Musikarekin gauza bera gertatzen da; indarrarekin adierazi ala ez, gauza bat kontatu ala bestea, momentu horretan sinesgarritasun gehiago izan dezake edo gehiago hunkitu dezake. Diskoan agertzen diren istorioak azken bost urteetan gertatutakoak dira; Sahara-Palestinako istorioa, bidaiak, maitasun kontuak... Istorio horiek guztiek gurekin zerikusi handia dute. 

Zein aurreikuspen duzue etorkizunerako?
M.M: Apurka-apurka kontzertuak ateratzen ari dira. Hilabete hauetan ondo ibili gara eta astero izan dugu kontzerturen bat. Udari begira pixka bat geldirik dago gauza, baina egia da kontratazioak ere berandu dabiltzala. Orokorrean, oso pozik gaude, gustura.

Sanjuanetan Andoainen izango zarete, zer espero duzue?
A.E: Andoain da gehien jo dugun herria eta, egia esan, Sanjuanetan jotzea beti da berezia. 
M.M: Hala ere, plaza oso gogorra da. Kanpoko jendea etortzen denean ere beti esaten dute jendea oso geldia dela eta ez direla animatzen. Gu ere kontzertuak ikustera joaten garenean, ez gara mugitzen, giro geldia izan ohi da. Oholtza gainean gaudenean, ordea, hori gogorra egiten da eta asko igartzen da. Gainera, jende ezaguna izango dugu begira eta hauek normalean kritikoagoak izaten dira. Jende ezaguna batzuetan arduratuta eta urduri egoten da, beraiek ere ondo ateratzea nahi baitute. 

Andoaindarrei anima daitezen esan nahi diozue orduan…
A.E: Hori beti. Jendeak goza dezala musikaz eta aska daitezela, guri horrek ere asko laguntzen baitigu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!