Aurtengo pregoia Elizondo tabernara begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 20a, 13:39

Aurtengo sanjuanetako pregoia Elizondo familiak irakurriko du, eta eurek botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik. 

Jose Luis senideetako baten esanetan, proposamenak ezustean harrapatu baditu ere, pozarren beteko dute lan hori. Elizondotarren iraganaz eta orainaz hitz egin du Jose Luisek Aiurrirekin. 

Jose Luis senideetako baten esanetan, proposamenak ezustean harrapatu baditu ere, pozarren beteko dute lan hori. Elizondotarren iraganaz eta orainaz hitz egin du Jose Luisek Aiurrirekin. 

Nola hartu duzue pregoilari izateko izendapena?
Jose Luis Elizondo: Harrigarria izan da kontua guretzat, baina aitortu behar dut egundoko ilusioa egin digula guztioi. Ezustean etortzen diren albisteak egiten dizute ilusiorik handiena maiz, eta halaxe gertatu zaigu guri oraingoan.
Beste hautagaien zerrenda irakurtzen hasita, erreparo pixka bat ematen digu kontu honek. Izan ere, konturatzen zara Andoaingo gizarteari ekarpen handia egin dioten pertsona eta elkarteak agertzen direla. Horrek izugarrizko errespetua eragiten digu, ze, azken finean, etxetik kanpo eginkizunik betetzen ez duen familia baita gurea.

Proposatzaileen ustez, herritarrek biziki estimatzen dute zuen familia. Elizondo taberna ia-ia gizarte ondaretzat jo daitekeela diote, eta zuen umorea ezinbestekoa dela Sanjuanetan ez ezik baita urte osoan ere...
J.L.E.: Egia esan, eskertzekoak dira horrelako goraipamenak, eta gainera, horiekin bat egin izana jai batzordea osatzen duten askok. 
Argi dagoena da Trinik (Goñi), aurtengo urtarrilean zendu den gure amak landu zuela gehien gure familiarekiko sinpatia. Jende guztiarekin ondo konpontzen zekien pertsona zen bera. Familiako gainerakoak, nortasunez “egoskorragoak” garela esango nuke. 
Bera zen familiaren eta etxearen zutabe nagusia, eta ederki ari gara nabaritzen bere falta joan zenetik.

Ama Nafarroan jaioa zen, ezta?
J.L.E.: Bederatzi senide zituen Leitzako familia bateko kidea zen. Gurekin bizi den Txaro, bere ahizpa, etorri zen lehenbizi hona 60ko hamarkadan, zerbitzari bezala. Atzetik gure ama heldu zen, Lekunberriko Ayestaran hotelean telefonista lanak utzita. Gure aita ezagutu, biak ezkondu, eta lau mutil ekarri gintuzten mundura.

Ba al dakizue Elizondo taberna noiztik datorren? 
J.L.E.: Data zehatzik emateko modurik ez daukagun arren, pentsatzen dugu tabernak honezkero ehun eta hogei bat urte egingo zituela Elizondo izenarekin. Orain urte batzuk, zenbait zaharrek eztabaida eduki zuten ea zein zen tabernarik zaharrena Andoainen, Exkerrenea ala Elizondo. Hortik atera kontuak!
Gutxi gora-beherako historia kontatzen hasita, esan behar da aurretik ere ostatu modukoa izango zela; etxearen izena ez zen Elizondo, Iriarte Handi baizik. Madina familia zen bere jabea, eta honek Larrabide baserrian jaiotako Basilisa Ganborena hartu zuen alabatzat. Gure birraitona (Praxku Elizondo) adunadarra zen, eta nekazarientzako produktuak saltzen ibiltzen zen herriz herri. Bada, Basilisarekin ezkondu egin zen XX. mendearen hasieran, eta bertara etorri bizitzera. Harrezkero, etxeak Elizondo izena hartu zuen.
Pentsatzekoa da burdindegia tabernaren ondoan jartzearen ideia ere birraitonarena izan zela. Aurreneko urtetan, gure amak jardun zuen bertan; gure aita, berriz, ileapaindegiaz arduratzen zen.  

Ileapandegi bat Elizondon. Hori ere gogoan dauka jende askok Andoainen...
J.L.E.: Gure aitak utzi zuenean, Juantxo Olazabalek jarraitu zuen negozioarekin. 50 urte beteko zituen gizonak ileapaintzaile bezala! Urte horietan, gainera, bere bost semeak (Iñaki, Joanjo, Imanol, Xabier eta Josu) laguntzaile eduki zituen.

Makina bat pasadizo edukiko duzue...
J.L.E.: Konta ezin ahala! Bai geuk bizi izan ditugunak, eta baita jendeak kontatzen dizkigunak! Jesus Mari Otamendi txistulariak askotan animatu nahi izan gaitu liburua idatz dezagun. Egia esan, nik neronek, pasadizo eta xelebrekeriak egunero-egunero biltzeko tentazioa sentitzen dut askotan. Kosta egiten zait pauso hori ematea, ordea!

Baten bat kontatuko al diguzu?
J.L.E.: Ileapaindegia aipatu dugunez, gure aitak maiz aipatzen duena konta dezaket : 60ko hamarkadan, Andoainen emigrazioaren fenomenoa bizitzen hasi eta agudo, etorkin ugari Elizondora hurbiltzen hasi zen, maleta eskuan zuela; arrotza zen dena haientzat eta ostatu eskatzen zuten, Andoainen non edo han lekua bilatu arte. Gure amona Juanita Oiartzabal, Isaltxiki baserriko alaba, apartekoa zen jendeari harrera egiten, eta baietz esaten zien denei. Modu horretan, gure aitak, maiz, ileapaindegian igaro behar izaten zituen gauak, bere logelan apopilo etorri berriak zeudelako. Noizean behin, bat baino gehiago etorri izan zaigu gogora ekarriz eurek txikitan egunak egin zituztela gure etxean.
Bestalde, jende pila etortzen zaigu gure familia pilotarekin lotzen dituzten pasadizoak kontatuz, belaunaldiz belaunaldi beti mantendu izan baitugu zaletasun hori. Badakizu, frontoiak gertu-gertu edukita... Adierazten digutenez, gure birraitonak, aitona eta aitak modu honetara eta hartara jokatzen omen zuten Kontsejupean, eta ez dakit zer eta badakit zer apustu mota egiten omen zituzten...

Ezin uka zuen etxea leku estrategikoan dagoenik herrian. Makina bat sekretu gordeko du zuen tabernak...
J.L.E.: Egia da jende eta elkarte ugarik hautatzen dutela gure taberna beren hitzorduak eta bilerak egiteko. Baina nik ez nuke esango herriko erdigunean gaudenik; izan ere, Andoainek ez dauka erdigunerik! 
Garai batean, esaten dutenez, Udal agintariek erabaki gehiago hartzen omen zituzten taberna barruan udaletxean baino. Nonbait, plenoak giro hotzean egiten ziren eta zinegotziak ez ziren ausartzen garbi hitz egitera. Handik atera, eta hona etorrita, mahaiaren bueltan eta basoerdi baten laguntzaz hasten ziren hizketan, proposamenak egiten eta erabakiak hartzen. Horrelakorik ez da gertatzen gaur egun.
Bestalde, esan beharra daukat, politika zela medio oso urte gogorrak bizi izan genituela 80ko eta 90eko hamarkadatan. Giroa gaiztotuta zegoen gizartean, eta askotan, batzuekin edo besteekin hizketan jarduteagatik, gaizki begiratzen gintuzten. Ez zegoen guztiekin ondo moldatzeko modurik.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!