Bertakoa eta sasoikoa, baserritik sukaldera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 20a, 10:38

Sasoian sasoikoa eta inguruko baserrietako produktuak herritarren eskura jarri ditu Alaitz Bikuñak, Kale Nagusian ireki duen agrodendan.

Euskal Herriko baserritarrak kinka larrian daude. Enpresa multinazionalek elikaduraren kontrola hartu dute eta janaria oinarrizko eskubide izatetik merkantzia izatera igaro da azken urteetan. Hala, kontsumo eredua irauli eta bertako nekazaritzari bultzada emateko asmoz, agrodenda ireki zuen Alaitzek 2014. urte hasieran.
Ohiko denda batean oinarritutako txoko bat sortu du eta inguruko baserrietatik ekarritako produktuak saltzen ditu; Anoetatik ekarritako esnea, Aldaba Zaharreko ogia... “BasHerri kontsumo taldeko lagun batzuen bitartez ezagutu nuen mugimendu hau eta familia baserrikoa dudanez, pentsatzeko modu bera nuen barneratuta. Horregatik, Andoainen denda bat jartzeko pausoa eman nuen”, azaldu du. Gainera, denda Kale Nagusian ireki nahi izan zuen; izan ere, kale horretako komertzioek gainbehera handia izan dutela eta indarberritu beharra dagoela uste baitu. Udaletxearekin ere harremanetan jarri dira eta saltzaileak kalea berpizteko gogoz daude.
Hala ere, gakoa, herritarren pentsamoldeak eta ohiturak aldatzea dela azaldu du, eta noski, herriko komertzio txikietan kontsumitzera bultzatu nahi ditu: “Bertako produktua kontsumitzea oso garrantzitsua da. Azalera handiko enpresek eta multinazionalek ekonomikoki egiten diguten kalteari buelta eman behar zaio”. Gainera, azpimarratu nahi izan du herriko dendei mesede egiteaz gain, inguruko baserritarrei ere laguntzen dietela bertako komertzioetan kontsumituz. Azken batean, denda bitartekari bat besterik ez da eta bertan erostea nekazarien lana aitotzeko modu bat da.
Orain arte dendak harrera ona izan du, baina jendearen ohiturak aldatzea oso zaila dela adierazi du Alaitzek. Gainera, horrelako denden aurrean jendeak aurreiritziak dituela azaldu du eta gehienetan, benetako prezioak baino garestiagoak dituztela uste du jendeak. “Badaude garestiak diren produktu batzuk, baina, esate baterako, barazkiak baratzetik zuzenean ekartzen ditut eta bitartekorik ez dagoenez, prezioa bere horretan mantentzen da. Ez da jendeak uste duen bezain garestia”. Kalitate eta prezioaren arteko balantza orekatuta dago eta jendeak kalitate oneko produktuak direla ikustean, dendara itzultzen direla adierazi du saltzaileak.

Salerosketa baino gehiago
Alaitzek harreman zuzena du Andoaingo Jateko kontsumo taldearekin eta ondorioz, dendaren helburu nagusia ez da produktuak saltzea soilik, baita jarrera kontzientea, aktiboa eta arduratsua bultzatzea ere. Horretarako, sentsibilizazio lanak egin nahi dituzte eta kanpaina ezberdinak egingo dituztela aurreikusten du. Ikastaroak, auzonalak, jardunaldiak, eztabaida foroak eta antzeko ekimen ugari ditu buruan Alaitzek eta oraindik finkatu gabe badaude ere, sentsibilizazioa lantzeko txoko bihurtu nahi du denda.
“Orain momentuan frackingaren aurkako kanpaina egiten ari gara eta horrela jarraituko dugu, izan ere, denda sentsibilizazio lana egiteko txoko bihurtzea da ideia eta nahi duenak horretarako erabiltzea”. Oraindik hasi besterik ez da egin Alaitz, baina etorkizunari gogoz begiratzen dio eta dendaren berri emateko ahaleginak egiten ari da. Esate baterako, sentsibilizazio tailerrez gain, ostegunetan pintxo-potearen aitzakiarekin bertako produktuen dastaketa antolatzen du, jendeak probatu eta ezagut dezan.
Gainera, Sanjuanetarako ere pentsatuta dauka zer egin eta bere produktuak azokara eramango ditu, herritarrei dendaren berri emateaz gain, kontsumo zuzenaren inguruko abantailak eta informazioa eskaintzeko. Honela, produktuarekin batera informazioa jarriko du, produktua nondik datorren eta nola ekoiztuta dagoen azaltzeko. Zer kontsumitzen dugun ezagutzea garrantzitsua dela dio eta gure gorputzean sartzen duguna aukeratzeko autonomia eduki behar dugula, multinazional batek inposatu gabe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!