Errebotearen urrezko iragana, garai ilunen aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 19a, 17:02

Villabonako historian zehar tradiziorik izan bada, pilotarena da hori.
Behar Zana pilota elkarteari esker, urtetan errebotean jolasteko ohiturari eutsi dion Gipuzkoako herri bakarrenetakoa da Villabona.

Ekainaren 6-8ko asteburuan, Behar Zana pilota elkarteak 68. urteurreneko ekitaldien baitan, hitzordu berezia antolatu zuen; 1976 urtean errebotean jokatu zuten bost taldeetako kideen topaketa, hain zuzen. Ekimen horren harira, Behar Zana elkarteko egungo lehendakari Sergio Gonzalezek 1976 urtea errebotearen loraldia izan zela adierazi zuen, bost talde osatu baitziren txapelketa ezberdinetan jokatzeko, tartean baita herritarren arteko txapelketa ere. Egungo garaiak, ordea, oso ezberdinak dira. “Egun oso egoera larria bizi du erreboteak. Errebote jokalari gutxi dago eta zaila da txapelketetan parte hartzeko taldea osatzea ere. Martxa honetan jarraitzen badugu, urte batzuetan errebote talderik ez izatea gerta daiteke”, jakinarazi zuen Sergiok. Behar Zana elkarteak bere sorreratik bultzatu du errebotea eta garbi dute aurrerantzean ere bide horretan lanean jarraitu nahi dutela, “1976 urtean Behar Zana elkartean osatu ziren bost errebote taldeetako kideen argazkien koadroa urrea bezala zaintzen dugu elkartean. Talde horretako kideren bat edo batzuk berriz ere errebotea indartzeko ahaleginean lagundu nahiko balute oso aberasgarria litzateke. Errebotea ezagutu eta maite dutenek hobeto egingo baitute lan hori”, adierazi zuen.

Erreboteko jokalarien topaketa
Urrezko garai hartako jokalariak Joxe Mari Esnaola (topaketa baino egun gutxi lehenago zendua), Gabino Arruabarrena, Juan Mari Mujika, Ramon Mintegia, Jose Mari Goñi, Jose Luis Zaldua, Joxi Mujika, Jose Inazio Santamaria, Bixente Iguaran, Hilario Ugalde, Imanol Arrillaga (+), Andoni Bidaurre (+), Jose Luis Iguaran, Jose Mari Alonso, Julito Iturbe, Gregorio Urdapilleta, Ramon Azurmendi (+),  Jose Ignazio Barbe, Patxi Bengoetxea, Jose Jabier Muñoa, Joxe Sorondo, Pello Zelarain, Gotzon Mugika, Angel Urrestarazu eta Joxe Mari  Izagirre ‘Txokolo’ izan ziren. Behar Zanak antolatutako topaketan 25 jokalari haietatik 16 elkartu ziren. Elkartean bildu ondoren, Errebote plazara, Bearzana pilotalekura nahiz Gureako erakusgelara gerturatu ziren, berriz ere elkartean amaitzeko. Tartean, errebote jokalari haietako batzuk errebotearen urrezko garai haien nahiz egungo egoeraren inguruan egindako hainbat aipamen bildu zuen Aiurrik:

Jose Inazio Santamaria
“Lorpen handiena: Donibane Lohitzuneko taldeari irabaztea”

Urte luzetan izan zen Santamaria Behar Zana elkarteko errebote jokalaria. Egun, herrian bizi diren jokalarien artean, Jesus Mari Beristainekin batera, urte gehien jokatu zuenetakoa izango da. Errebotean jokatzen 1965 urtearen bueltan hasi zela gogoratu zuen eta, dudarik gabe, 1976 urtea izan zela jokalari gehien bildu zuen garaia. “Behar Zanak urte hartan izan zuen historiako errebote talderik gehien. Herritar askok jolasten genuen errebotean eta partidak ikustera ere herritar asko inguratzen zen. Baina behin guk bukatu genuenean akabo!, pixkanaka behera egin zuen erreboteak. Ea orain, berriz ere gora altxatzeko aukerarik sortzen den”. Txapelketa askotan jokatu zuen Jose Inaziok urte haietan guztietan zehar. Lehiarik handiena Zubietako taldearekin sortzen zela azaldu zuen, “Zubietakoen aurka pikea izaten zen beti. Jende asko gerturatzen zen partida haiek ikustera. Donibane Lohitzuneko taldeari irabaztea ere handia izaten zen. Final asko jokatu genuen elkarren aurka eta lorpen handienetakoa izan zen haiei irabaztea”.

Joxi Mujika:
“ Villabonatik autobusak antolatu ziren Zubietako finalera”

12 urte zituenean hasi zen Joxi errebotean jolasten, baina 17 urte zituela jokatu zuen lehen partida ofiziala. “Urte haietan indarrean zegoen Villabonan errebotea, ez baitzegoen kirola egiteko beste aukera handiegirik; ez kiroldegirik, ezta futbol zelairik ere. Pilotan asko jolasten zen orduan frontoian eta futbolean zertxobait plazan”. 1976 urtea peto-petoa izan zela uste du, errebotearen gailurra Villabonan. “25 jokalarirekin bost talde osatu baziren ere, sei osatzeko modua ere izango zen urte hartan, errebotean jolasten zuen jokalari gehiago ere bai baitzegoen herrian: Doroteo Arruabarrena, Agirretxe, Kali Sorondo, Iñaki Altuna… Ikusle aldetik ere plaza bete egiten zen askotan”. 1969 urtean, Villabonak Zubietari irabazi zion urtea berezia izan zela aitortu zuen, “Villabonatik autobusak antolatu ziren Zubietako finalera. Villabonako taldeak joko bat egiten zuen garaian etxeferoa botatzen zen. Izugarrizko lehia sortzen zen eta herritarrak pankarta eta guzti gerturatu ziren partida ikustera”.
Egun, ordea, oso geldirik ikusten du errebotearen egoera, “egun kirola egiteko aukera askoz ere zabalagoa da eta oso gazte gutxik aukeratzen du errebotea”.

Julito Iturbe:
“ Polita litzateke berriro ere lehengo giroa berreskuratzea”

1970eko hamarkadan, Behar Zana elkarteko pilota ordezkari zela hasi zen Julito errebotean jolasten. Orduko afizioa izugarria zela uste du, bai jokalariei nola partidak ikustera gerturatzen ziren zaletuen aldetik. “Urteekin, ordea, behera egin du erreboteak. Polita litzateke berriro ere lehengo giroa berreskuratzea, baina zaila izango da hori”, azaldu zuen.

Jose Luis Zaldua:
“ Helduekin jokatzea oso motibagarria zen orduan guretzat”

1975. urtean ekin zion errebotean jolasteari Jose Luisek eta oso oroitzapen onak gordetzen ditu. “Oso garai polita izan zen. Oso gazteak ginen eta 15 urte genituela, dagoeneko jokalari helduekin jokatzen genuen. Helduekin jokatzea oso motibagarria zen orduan guretzat. 25 urtez jarraian aritu nintzen errebotean jokatzen. Pentsa zein gustura aritu nintzen!”. Jose Luisentzat ere tristea da egun errebotea hain jaitsita ikustea, “kirol eskaintza oso zabala da egun eta aukera horien guztien artean, oso zaila da errebotea mantentzea. Errebotean jokatzeari utzi ondoren, lau urtez aritu nintzen haur eta gaztetxoei erakusten. Laguntza handia behar izaten dute umeek erreboteari eutsi eta inguruko beste kirolen batera ez pasatzeko”. Urte guztian zehar jokatzen zutela gogoratu zuen Jose Luisek, joko garbin, ezker paretan edota plaza librean. Hala ere, hemen baino gehiago Iparraldean aritzen zirela argitu zuen. “1990ean Euskal selekzioko kide bezala, joko garbin Kuban jolasteko aukera izan genuen Jose Mari Alonsok, Joxi Mujikak eta hirurok, delegatu Joxan Jauregi izan genuelarik. Oso esperientzia polita izan zen hura ere”.

Angel Urrestarazu:
“Errebotean jokatzeaz gain, oso egunpasa politak egiten genituen”

1970. urtean hasi zen Angel errebotean jolasten, 18 urte zituela jokatu zuen lehenengo partida. Garai hartako oso oroitzapen onak gordetzen ditu Urrestarazuk ere, “errebotean jokatzeaz gain, oso egunpasa politak egiten genituen, Iparraldera joaten ginenean bereziki. Umore eta giro ona nagusitzen zen eta oso gustura ibiltzen ginen”. Villabonan izen den talderik handiena ekarri zuen gogora segidan, 1976 urte hartakoa, “Jose Inazio Santamaria, esaterako, urte askoan izan zen jokalari eta talde haren atzetik etorri ginen gu. Jende asko animatu ginen, ez agian maila handikoak baina pentsa zenbaterainoko afizioa zegoen 25 laguneko txapelketa antolatzeko”. Orain partaide gutxi dagoela azaldu zuen, garaiak izugarri aldatu direla, “orduan errebotean eta kaniketan jolasten genuen, orain inor ez da garai hartako jokoetan ikusten. Errebotea baino esku pilota errazago aukeratzen dute gazteek egun, agian etorkizuna izan dezaketelako. Baina errebotean jolasteko afizioa behar da, ez baitago bestelako ondorenik. Gure garaietan afizioa handia zen, baina orain ez da halakorik”.

Hilario Ugalde:
“Jende asko biltzearekin batera, izugarrizko giroa sortzen zen lehen”

1976. urtean errebotean jokatzeko herritar asko zegoela aipatu zuen Hilariok eta normalean bizpahiru talde izaten baziren, urte hartan bost sortu zirela. Errebote jokalari  zeneko oroitzapen politak gordetzen ditu. “Gaztetxotan eskuz jolasten genuen frontoian eta pixkanaka, 15 bat urterekin, botilloa hartu eta errebotean proba egiten hasi ginen. 17 urte nituela hasi nintzen errebote taldean jolasten, oso urte politak izan ziren. Oso harreman ona izan genuen taldekideon artean; dudarik gabe, merezi izan zuten urte haiek”. Lehengo edo egungo frontoien arteko giroa oso ezberdina zela ere aipatu zuen, “jende asko biltzearekin batera, izugarrizko giroa sortzen zen lehen. Ez dago diru-iturririk eta errebotea biziberritzeko gogo handia behar da. Gero eta zailagoa da, ordea; jaiotze-tasa gero eta baxuagoa den bitartean, kirola egiteko aukerak gero eta gehiago baitira. Ondorioz, hainbat kirolek behera egin dute nabarmen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!