Antzinako bolatokia berreskuratzeko ahaleginean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko eka. 19a, 17:00

Garai bateko Behar Zana elkarteak bola-jokoarekin lotuta iragan luzea izan zuela jabetuta, egungo elkarteko bazkide Joxe Mari Etxebeste eta beste hainbat herritar, jokoa berreskuratzeko ahaleginean hasiak dira.

Joxe Mari Etxebeste, Behar Zana elkarteko bazkide izateaz gain, Bolo eta Toka federazioko kide da eta antzinako joko zaharra berreskuratzeko ahaleginetan ari dira han eta hemen; tartean baita Villabonan ere, Behar Zana elkarteko beste hainbat bazkiderekin batera. “Orain sei bat urte, Villabonan izan zen bolo mugimendua ezagutzen hasi ginen eta duela pare bat urte, berriz ere bolatokia berreskuratzea polita litzatekeela erabaki genuen. Ideiari forma eman ondoren, aurtengo Behar Zanako batzar nagusian aurkeztu genuen proposamena eta anparo handia jaso zuen bazkideen aldetik. Udalari gure asmoen berri eman ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundian egin genuen diru-laguntza eskaera. Erantzunaren zain gaude orain”, azaldu du Etxebestek. Oraindik herrian bolatokirik izan ez arren, dagoeneko 40 bat lagun, –haur nahiz heldu–, bola-jokoa ikasten ari da inguruko bolatokietan: Ibarra, Ereñozu, Usurbil edota Zarautzen, besteak beste. Ikasi bakarrik ez, hurrengo urterako helburua jarrita dute dagoeneko; Behar Zana elkarteko talde gisa, bola txapelketan parte hartzea, hain zuzen. “Urtarriletik ekainera bitarte izaten dira bola txapelketak modalitate ezberdinetan. Villabonatik hiru talde sortu nahi ditugu txapelketari begira; tartean, historiako lehen emakume taldea”, jakinarazi du.

Haur nahiz helduentzat egokia
Villabonan bertan herriko talde ezberdinen babes osoa jaso du Behar Zanako kideak bolatokia berreskuratzeko egiten ari diren ahaleginak, “besteak beste, Hutsunea Betez emakume taldeak, Salbadora jubilatu elkarteak, Jesusen Bihotza ikastolak edota Eskola Kirola ekimenak atxikimendua erakutsi digute egitasmoa Foru Aldundian aurkeztu eta aurrera eraman dezagun. Esan bezala, erantzunaren zain gaude orain”.
Ideia abian jarri zutenetik, pixkanaka herrian indarra hartzen ari da boloen ekimena. Ekaineko lehen asteburuan, Behar Zana elkartearen urteurreneko ekitaldien baitan, besteak beste, bola tiraldia antolatu zuten Gudarien plazan. Oso erantzun ona izan zuen herritarren artean, “guztira, 143 herritarrek hartu zuten parte. 70 umek eta 73 helduk. Ekintza berria zenez, jakin-mina erakutsi zuten gerturatu zirenek”, eta antolatzaileak, dudarik gabe, gustura geratu ziren jasotako erantzunarekin. Bola-jokoa adin guztietako pertsonentzat egokia dela uste du Joxe Marik, hasi umetatik eta adineko pertsonetaraino. “Teknika aldetik bere zailtasunak badituen arren, edozeinek jolasteko moduko jokoa da. Herriarentzat beste alternatiba bat da; pilotan edota futbolean jolasten den moduan, beste aukera bat. Gainera, edozeinek har dezake parte; helduek bezala umeek. Lagunartean jolasteko joko polita da. Ea herrian ere berreskuratzea lortzen dugun”, adierazi du. Epe laburrean, Santio jaien baitan bolatoki mugikorra ekarriko dute berriro ere Villabonara eta txapelketa jokatzeko aukera izango da bertan.

Bolatokia, herritarrengatik gertu
Gudarien plazan, Beharzana pilotalekuaren eta Subijana etxearen arteko plazan kokatu nahiko lukete etorkizuneko bolatokia, “kirol guztiak bezala, funtzionatuko badu, herritarrentzat gertuko izan behar du bolatokiak. Herriaren erdigunean, kiroldegiaren nahiz frontoiaren ondoan, kirol gunea indartzeko baliagarri litzateke kokaleku hori”. Herritarrek bolotan ikasi eta entrenatu ahal izateko, bola eta brillak ekarri dituzte Behar Zanara berriki. “Lehengoak egurrezkoak izaten ziren bezala, nylonezkoak ekarri ditugu orain elkartera; mantenu errazagoa eta biziraupen luzagoa baitute. Garai batean 9 kilo pasatxoko bolarekin jolasten zen eta egun 8300 kilo ingurukoarekin. Hala ere, pisu ezberdineko bolak ekarri nahi ditugu, haurrek edo emakumeek ikasteko erraztasuna izan dezaten; dudarik gabe, bola arinagoekin errazago ikasten baita”, gaineratu du Etxebestek.

Bolo eta Toka federazioko kide
Donostia-Astigarraga mugakoa da izatez Joxe Mari, antzina bolatoki ugari zegoen zonaldekoa. Ume zelarik, bederatzi urte zituela bota zuen lehen aldiz bola. “Aita eta aitona ere bolariak nituen. Garai batean baserri nahiz sagardotegi askok zuten bolatokia atarian. Lagunarte eta festarekin lotzen zen bola-jokoa eta herri gehienetan dozena bolatoki pasatxo izaten zen; ez noski, gaur bezala zaindutako pistekin”, azaldu du. Bere ustez, urte luzetan boloen ohitura indarrean mantendu ondoren, industrializazio garaian, herritarrak baserri mundutik hiri/herrira jaitsi zirenean galdu zen jokoa txokorik gehienetan. “Lehen joko herrikoia zen. Herri kirolen baitan, kirol erruralarekin lotu izan zen batik bat”.
Duela bi urte, Bolo eta Toka federazioan bola-jokoa sustatzen hasi zen, beste hainbat lagunekin batera, antzinako jokoa desagertzera zihoala sumatzen baitzuen. “Herrietako Eskola Kirola ekimenekin elkarlanean hasi ginen eta Foru Aldundiari ere proposamena egin genion bola-jokoari bultzada emateko. Geroztik saiakera ezberdinak egiten ari gara bola-jokoa sustatzeko, herri mailetan ikusteko edota gaztetxotatik hasteko… Era berean, emakumea bola-jokoan sar dadin ere lanean ari gara, tartean emakumeak ere egon diren arren, bai baitirudi kirol hau gizonezkoena izan dela”.

Iñaki San Sebastian:
“Betidanik ezagutu nuen bolatokia Behar Zana zaharreko atarian”

Kale Nagusiko 38. zenbakiko hirugarren solairuan jaio zen Iñaki San Sebastian 1932 urtean. Euren etxearen azpialdea hainbat ofizioren kokaleku izan zen garai batean.
“Etxearen azpia garai batean ukuilua izan zela esaten zuen aitak. Gerora, batzokia jarri zuten bertan eta, gerra ondorenean, ‘auxilio soziala’ ere kokatu zen; behar zutenei jatekoa emateko. Gero, 1946 urtean Behar Zana elkartea kokatu zen hantxe”. Bere sorreratik, pilota sustatzeaz arduratu zen elkartea Kale Nagusiko egoitza zaharrean. Baina dagoeneko ezagun denez, urte haietan beste zaletasun batek ere izan zuen pisua elkartean: bolatokiak. “Betidanik ezagutu nuen bolatokia Behar Zana zaharreko atarian. Ni mutil koskorra nintzela, 12-14 urterekin, askotan sartzen nintzen bola-jokoa ikustera. Beste aukera handirik ez zegoen orduan eta oso giro polita sortzen zen. Noizean behin bola botatzeko aukera ere izan nuen, baina ez nuen sekula txapelketetan parte hartu. Oso gogoan dut oraindik nolakoa zen bolatoki hura, brillak jartzeko harrizko lekua zuen”, jakinarazi du Iñakik. Elkarrizketatuaren esanetan, 1953ko uholdeen ondoren desagertu zen bolatokia, “dena airean eraman zuten 1953ko uholdeek, baita bolatokia ere. Geroztik ez zen berriz bolatokirik jarri elkartean, mahai luzea jarri zen atarian otorduak egiteko aukera eskainiz”.
Garai haietan jokalariren bat gailentzen ote zen galdetuta, “gogoratzen naiz nola Asteasuko Ibarrazpi baserriko bi anaiak dotore aritzen ziren jokoan. Jende askok hartzen zuen parte”, erantzun du.

Besteak beste, 1940-1950 hamarkaden artean ateratako argazkian ageri diren hauexek:  Goian, ezker-eskuin: 1.- Juan Kruz Amilibia, 2.- Pedro Amenabar, 3.- Moises Barbe, 4.- Ignazio Perez, 5.- Robustiano Garcia. Behean, ezker-eskuin:  6.- Ezezaguna, 7.- Juan Joxe Ariznabarreta, 8.- Inaxio Berakoetxea, 9.- Ramon Mintegia, 10.- Ezezaguna, 11.- Juan Etxabe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!